Ekonomia ekologikoa, etorkizunerako aterabidea

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

2020ko maiatzean, COVID-19aren lehen olatuaren erdian, COVID-19aren osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde izeneko manifestua aurkeztu zuen zientzialari- eta akademiko-talde zabal batek. Krisiari aurre egiteko, bost ildo estrategiko proposatzen zituen manifestuak. Ez zen horretan geratu, eta, 2021eko otsailean, gutun irekia bidali zioten gizarteari, gogoeta eragiteko eta aldaketa bultzatzeko asmoz: Ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren alde. Maiatzean, berriz, aldarrikapenak ekintza bihurtzeko bidean, berreraikuntzarako gakoak azaldu zituzten Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialariak eta Arturo Elosegi Irurtia biologoak jendaurreko solasaldi batean. Saio hartako zio eta ondorio nagusiak bildu ditu Elhuyar aldizkariak.
ekonomia-ekologikoa-etorkizunerako-aterabidea
Arg. Jose A. del Moral/BY

Arturo Elosegi Irurtia biologoak hasi zuen saioa, aitorpen batekin: “Ekonomiaz ari direnean, idiota hutsa sentitzen naiz”. Hain zuzen, idiota hitzaren esanahietako bat da “gainerakoentzat begi-bistakoa izan arren inguruan gertatzen dena edo azaltzen diotena ulertzen ez duen pertsona”. Eta, nonbait, horixe gertatzen zaio Elosegiri, ezagutzen dituen ebidentziek ekonomiari buruzko mantrak ezeztatzen baitituzte: hazkunde ekonomikoa da ditugun arazo guztien irtenbidea; merkatu askea da bide bakarra; merkatuak autoerregulatu egiten dira; teknologia berriek gaurko arazo guztiak konponduko dituzte; hobe da arazo bati gaur aurre ez egitea, etorkizunean merkeagoa izanen baita.

Ingurumen-krisia

Elosegiren esanean, funtsean, egungo krisia ez da sanitarioa, ezta ekonomikoa ere, ingurumenekoa baizik. Lehendik datorrela gogorarazi du: “2017an, mundu osoko 15.000 zientzialarik baino gehiagok gizateriari zuzendutako ohartarazpen bat sinatu genuen. Bigarren abisua zen. Lehena 1992an argitaratu zen, Rioko klimaren goi-bileran. Orduan, neurri batzuk hartu ziren, baina ez zen ezer konpondu, eta 25 urte geroagokoa da bigarren abisua. Alderdi jakin batzuetan zerbait aldatzen hasi bada ere, oro har berdin jarraitzen dugu, eta ingurumena mugatzaile bihurtu zaigu, ez ondo bizitzeko, baizik eta bizitzeko”.

Nabarmendu du horren ondorioak era askotakoak direla, eta Erdialdeko Amerikan anfibioen galerarekin gertatutakoa jarri du adibidetzat: “Anfibioen galera handi bat izan da, eta, horren ondorioz, malaria zabaldu da”. Izan ere, malaria eltxoen bidez transmititzen da, eta anfibioek eltxoak jaten dituzte. “Biodibertsitatea galtzen bada, gaixotasunak azaltzen dira. Hortaz, ingurumena zaintzea gure burua zaintzea da”.

Arturo Elosegi Irurtia. Ekologiako katedraduna (EHU).

COVID-19aren irakaspenak

COVID-19arekin garbi ikusi da hori. Horrekin batera, Elosegiren ustez, agerian geratu da gizarte hauskorra eraiki dugula. Esaterako, duela hilabete batzuk, ontzi batek Suezko kanala buxatu zuen, eta gertakari huts horrek kinka larrian jarri zuen mundu osoko sistema ekonomikoa. “Horrek erakusten du sistema ez dela egokia, aldatzea komeni dela”. Bestalde, nabarmen geratu da zein garrantzitsua den talde zaurgarrienen zaintza, eta zein zaila den etorkizuna aurresatea. “Horregatik, etorkizunerako, sistema malgua izatea komeni da, egokitzeko gai izatea”.

Aurreikusi gabeko beste ondorio bat ere aipatu du Elosegik: gizartea prest dagoela gauetik goizera zenbait aldaketa onartzeko, egoerak horretara behartuz gero. Horren erakusgarri da maskarak erabili beharra, iazko konfinamendu zorrotza…

Horretatik guztitik, irakasgai nagusi hauek atera ditu Elosegik: ezin dugu hazten jarraitu; ezin ditugu gure jarduerak intentsifikatu; ingurumenak gero eta garrantzi handiagoa hartuko du; oro har, gizarte aberatsa gara, eta, beraz, gure lehen sektorea zaindu dezakegu; eta gaurko ekintzek epe luzeko ondorioak izango dituzte. Argi dauka: “Ondorengoek utzi diegun munduaren arabera epaituko gaituzte”.

Nekazaritza eta elikadura erdigunean

Mirene Begiristain Zubillaga. Ekonomiako doktorea (EHU).

Mirene Begiristain Zubillagak nekazaritzaren eta elikaduraren ikuspegitik tiratu zion Elosegiren hariari. Izan ere, nekazaritzak eragin zuzena dauka klima-larrialdiarekin erlazionatutako zenbait faktore nagusitan: lurzoruaren eta uraren erabileran, fluxu biogeokimikoetan (nitrogenoa, fosforoa), dibertsitate genetikoan… Era berean, aldaketa klimatikoaren ondorio batzuk aipatu zituen, hala nola elikadura-segurtasunean, tokiko ekonomian, arrakala sozialetan (tokikoetan zein globaletan) eta gizartearen osasunean (COVID-19a da horren adibidea) ikusten direnak.

Testuinguru horretan, ekonomia ekologikoari heltzeko premia aldarrikatzen du Begiristainek: “Ekonomia zientzia sozial bat da, eta guk ezartzen dugu nahi dugun ekonomia. Gure esku dago ekonomia ekologiko bat ezartzea, hau da muga ekologikoen barruan dagoen ekonomia bat, zor ekologikoan oinarritutako ekonomiak ekidinez”.

Egungo egoerari buruzko datu esanguratsu batzuk ere eman ditu; tartean, nekazaritzak eta elikagai-ekoizpenak sortutako isurien beherakadaren zergatia: “Egia da azken hamarkadetan jaitsi egin dela, baina, neurri handi batean, hori gertatu da beste nonbait ekoizten direlako hemen kontsumitzen ditugun elikagaiak, ez gure sistema hobetu dugulako. Hain zuzen, elikagaien % 90 kanpotik etortzen da”.

Horrekin batera, ohartarazi du landa-eremua husten ari dela. Gero eta nekazari gutxiago daude, haien errenta batezbestekoa baino % 30 txikiagoa da, eta adinez gero eta nagusiagoak dira (58,1 urte, batez beste). “Ez dago erreleborik. Bestalde, ustiategien % 38 baino ez dago emakumeen izenean, eta, zaintza behar duten pertsonak daudenetan, emakumeek hartzen dute beren gain zaintza hori”, zehaztu du.

Beste arazo batzuk ere aipatu ditu: nekazaritza-lurren kontzentrazioa eta artifizializazioa; dirulaguntzen banaketa bidegabea; elikagai freskoen eta prozesatuen arteko desoreka; non saltzen diren elikagaiak eta zenbat denbora esleitzen zaion kozinatzeari eta elikatzeari; dietari lotutako gaixotasunak…

Elikadura-ohiturek eragin zuzena dute klima-larrialdian. ARG.: Markus Tacker/BYSA.

Ekonomia feministaren izeberga

Horren muina azaltzeko, ekonomia feministak proposatutako irudi bat ekarri du Begiristainek: izebergaren irudia. “Uraren mailaren gainetik, barne-produktu gordinak aintzat hartzen dituenak daude: merkantziak eta zerbitzu publikoak. Eta azpian geratzen da horri eusteko beharrezkoa den guztia, zeina bizitzeko ezinbestekoa baita, baina ez baita aintzat hartzen ekonomian; hau da, komunitateak, etxeetako zaintzak eta natura-sistemek ematen diguten guztia”. Uraren mailaren azpitik geratzen dira, beraz, auzotasuna, zaintza, identitatea, autoestimua, ondasun naturalak eta oinarrizko natura-zerbitzuak…

Begiristainek eta kideek ekonomia feministaren izeberga elikadura-sistemara eraman dute. Hain zuzen, elikadura-sistema lineala balitz bezala irudikatzen da gehienetan: ekoizpena-banaketa-kontsumoa. Baina, berez, ekonomia kapitalistaren zapalkuntzak erreproduzitzen ditu, eta, kasu honetan, izebergaren tontorrean banaketaren katebegia dago.

Ekonomia, ordea, zientzia sozial bat dela nabarmendu du, eta badituela irtenbideak. Lau agertoki nagusi irudikatu ditzakegu, Begiristainen esanean. Lehena ostrukarena egitea da, ekonomia neoliberal honekin jarraitzea. Bigarrena hitzarmen berdea da; eta hor, oraindik ere, hazkunde ekonomikoa jartzen da helburutzat. Hirugarrena ekofaxismoa da; eta, azkenik, laugarrenak, hitzarmen berdearen barruan, deshazkundearen beharra planteatzen du.

Gizartearen esku dago ekonomia ekologiko bat ezartzea, muga ekologikoen barruan dagoen ekonomia bat. ARG.: Araialdea/BYSA.

Agertoki horien aurrean, aldarrikatu du elikadura osasuntsua denon eskura izatea eskubide bat dela eta gakoa ez dela zein agertoki aukeratu, baizik eta nola egingo dugun eraldaketa. “Guk, etorkizuneko elikadura-sistema eraikitzeko, agroekologiaren ikuspegia jartzen dugu mahai gainean, eta horren barruan ulertzen ditugu, alderdi ekologikoa ez ezik, baita ekonomikoa, soziala eta politiko-kulturala ere”.

Azpimarratu du agroekologia ez dela bazterreko aldarri bat, baizik eta nazioarteko erakunde nagusiek ere aitortu dutela haren beharra: FAOk, IPCCk, IPBESek, baita Europako Erregioen Batzordearen Agroekologia Irizpenak eta Munduko Bankuak eta FAOk zuzendutako mundu mailako nekazaritzaren azterketak ere (IAASTD). COVID-19aren osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde manifestuan ere nabarmentzen da.

Agroekologiaren bidetik

“Agroekologiaren ikuspegitik, 2030ean elikadura-sistema jasangarri bat izateko zer ikerketa eta berrikuntza bultzatu behar ditugun aztertu dugu. Ariketa horretan, Euskal Herriko hainbat eragilek parte hartu dute, era askotakoak, eta galdetu genien zein ziren erronkak. Metodologia konplexu baten bidez, hamabi erronka definitzera iritsi gara, lau dimentsiotan: gobernantza eta komunitateen ahalduntzea; ingurumenaren jasangarritasuna; elikadura, osasuna eta ongizatea; eta ekoizpen-, enplegu- eta truke-ereduak. Eta hamabi erronka horiek lotuta daude ekintza-planekin”.

Ikuspegi sistemikoa azpimarratu du, eta ingurumenaren zeharkakotasuna. “Horren barruan, proposatzen dugu elikadura-estrategiak eskualdeka landu behar direla. Horretarako, zazpi puntu definitu ditugu: lur, ur eta lurzoru osasungarriak; nekazaritza-ekosistema osasuntsuak eta klimarekiko erresilienteak; erreleborako itinerario berriak; denontzako dieta nahikoak, osasungarriak eta jasangarriak, eta erosketa publikoaren irizpideak (eskolak, zahar-egoitzak, haurtzaindegiak, elikadura-bankuak, kulturaguneak…); banaketako sare lokal bidezkoagoak, laburragoak eta gardenagoak; merkataritza, turismoa eta hirigintza garapen jasangarriaren zerbitzura jartzea; eta, azkenik, maila anitzeko gobernantza”.

Errelebo falta da nekazaritza tradizionalaren arazoetako bat. Nekazari gehienak adin nagusikoak dira. ARG.: Artxibokoa.

Baieztatu du badaudela puntu horietako bakoitzaren adibideak eta erremintak. Horretarako guztirako, beharrezkotzat jo du eragileen arteko elkarlana, eta Argiarekin batera landutako ekimen bat nabarmendu du: Lurra herriari deika.

Aldaketa, behetik gora

Elosegi bat dator Begiristainekin premiazkoak direla hazkundeari mugak jartzeko ekimenak, maila guztietan, eta herritarrek ere asko egin dezaketela: “Gobernuek eragin handia dute, eta nekazaritza industriala bultzatzen jarraitzen dute. Baina, gobernuez aparte, uste dut jendeak zeresan handia daukala. Gutako bakoitza has daiteke norberaren kontsumoa gutxitzen. Eta ez da kobazuloetara itzultzea: alderdi askotan antzera bizi gaitezke kontsumoa gutxituta. Horrez gain, uste dut guztion lana dela agintariak leziatzea edo adieraztea nola egin nahi ditugun gauzak eta zerk duen garrantzia”.

Herritik sortutako ekimenak eraginkorrak izan daitezkeela frogatzen du, adibidez, iazko konfinamenduan azokak irekitzeko mugimenduak izan zuen arrakastak. Begiristainek onartu du ez dela erraza hain eragile desberdinak biltzen dituzten ekimenak artikulatzea, baina lortu zuten. Eta, beste maila batean, lortu zen, halaber, COVID-19aren osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde manifestua osatzea, adostea eta plazaratzea. Berriki, COVID-19aren Liburu Zuria ere argitaratu du talde zabal batek, krisitik ateratzeko proposamen zehatzekin.

“Norbanakoaren gogoetatik kolektibora igarotzean dator jauzia”, dio Begiristainek. “Bizi gara oso gizarte zatikatuan, eta ireki eta antolatu beharra dugu berrikuntza sozialerako”. Deshazkundeak ez dakar galera, baizik eta kultura-aldaketa bat, non zaintzaren ikuspegitik heltzen baitzaie erronkei, eta banaketaren kultura barneratzen baita. “Eta horrek ekartzen du jendeari galdetzea; hau da, deshazkundeak eskatzen du prozesuak beste logika batetik martxan jartzea. Galdetzea oso boteretsua da, eta behetik gorako erantzunek indar handia dute”.

Arg. SergeiGussev/BY

Irudimena eta ausardia

Ildo horretatik, Elosegik uste du ezen, horrelako galderak planteatzean, arazo nagusia irudimen falta dela: “Ez gara ausartzen mundu desberdin bat eta mundu desberdin hori lortzeko egin behar ditugun gauzak imajinatzera. Nire arloko adibide bat jarriko dut. Oria ibaia, duela 40 urte, nazkagarria zegoen, eta gizarteak onartu egiten zuen, hori zelako gure ongizatearen ordaina. Eta erotzat hartzen zituzten ibaien egoera hobetzeko irtenbideak proposatzen zituztenak. Baina, industrializazioa aldatzen hasi zenean, eta lehen arrainak agertu zirenean, gizartea aldatzen hasi zen. Horrek, kolpez, naturarekiko harremana guztiz aldatzea dakar. Gaur egun inork ez lituzke onartuko duela 50 urte Euskal Herrian onartzen ziren kutsadura-mailak”.

Irudimena, beraz, gako da Elosegiren esanean: “Garai hartan, inork ez zuen imajinatzen Oria garbia egon zitekeenik. Imajinazioa falta zaigu. Zerbait imajinatzen badugu, agian izango dugu ausardia horren bila abiatzeko”. Irudimena eta ausardia ez ezik, proposamen zehatzak eta irekiak jarri dituzte Begiristainek eta Elosegik mahai gainean. Badago, beraz, nondik abiatu, etorkizun hobea izateko.

Ikusi solasaldi osoa Elhuyarren Youtubeko kanalean: https://youtu.be/WbnTDQGSBtI

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila