Ez zen kasualitatez sortu Igeldoko Meteorologia Behatokia. Eguraldiaren gorabeherek beti kezkatu izan dute gizakia. Hurrengo egunean zer eguraldi egingo zuen jakitea aspaldi zuen amets, eta, amets hark eta beharrak bultzatuta, XVIII. mendearen bukaeran eta XIX.aren hasieran, hainbat meteorologia-behatoki eraiki ziren munduko leku gehienetan. Baina, esan bezala, Igeldokoa ez zen kasualitatez sortu: ideia haren atzean tragedia bat zegoen.
1876. urteko larunbat santuan ikaragarrizko enbata batek 500 arrantzaleren biziak eraman zituen Bizkaian eta Kantabrian. Tragedia hark hondoraino hunkitu zuen 12 urteko haur hernaniar bat; haur hura Juan Miguel Orkolaga zen: Igeldoko behatokiaren sortzailea.
Dirudienez, Orkolagak eguraldiarekiko zuen interesa nabarmen indartu zen gertaera haren ondoren. Eta ez zuen etsi kostalderako eguraldi-iragarpenak eta ekaitz eta enbatetarako alerta-sistema bat gauzatu arte.
Igeldoko Itsas Meteorologia Behatokia --jatorrizko izena hori du-- 1905ean ireki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, azaroaren 8an bete ditu ehun urte. Gizon haren merituari mugak ezin jarri: garai hartan, meteorologia zientzia bilakatzeko bidean zen, baina artean artzainen iragarpenak eta sineskeriak ziren nagusi; zientziatik gutxi zeukan, beraz.
Baina Orkolagak argi zeukan eguraldia iragartzeko oinarria zientzian zegoela. Horretarako, neurketa-tresnak kanpotik ekarri zituen, eta bere eskuz ere egin zituen hainbat tresna --ez zegoen neurketa-sistema homologaturik, eta meteorologo bakoitza ahal zuen moduan moldatzen zen--.
Hasiera hartan, tresneria nahiko eskasa zen: Richard etxeko sistema-barografo bat (Alfonso XIII.a erregeak oparitua), zinemo-zinemografo bat, tenperatura maximoa eta minimoa neurtzeko termometroak eta Orkolagak egindako plubiometro diferentzial bat, mikrobarografo bat eta hainbat merkuriozko barometro, besteak beste. Tresna xumeak ziren, baina behar-beharrezkoak eguraldia definitzeko datuak jasotzeko, eta, haiei begiratuta, iragarpenak egiteko.
Orkolagaren garairako, meteorologia asko aurreratuta zegoen munduan. Mendeak ziren meteorologiaren oinarrizko tresnak asmatu zituztela: 1643an asmatu zuen presioa neurtzeko barometroa Torricellik --tresna harekin konturatu zen airearen presioa apurtxo bat jaisteak ekaitza datorrela adierazten zuela--, 1667an anemometroa asmatu zuen Robert Hooke-k haizearen abiadura neurtzeko, 1714an merkuriozko termometroa Daniel Fahrenheit-ek tenperatura neurtzeko eta 1780an airearen hezetasuna neurtzeko higrometroa Horace de Saussure-k.
Eguratsaren datuak Laurent Lavoisier-ek jaso zituen lehenengoz era jarraian: presioa, airearen hezetasuna eta haizearen abiadura eta noranzkoa neurtu zituen 1765ean. Lavoisier seguru zegoen informazio harekin hurrengo egunean zer eguraldi egingo zuen iragar zitekeela. Beraz, eguraldiaren iragarpena era zientifikoan egin zitekeen, sineskeriak alde batera utzita. Baina horretarako komunikazio-tresna azkar bat behar zen, eta tresna hura ez zen etorri 1843 arte, Samuel Morsek telegrafoa asmatu zuen arte, alegia.
Telegrafoari esker, eguraldi-iragarpenak erregulartasunez egiten hasi ziren; eta hura izan zen, hain zuzen ere, meteorologia modernoaren sorrera. Telegrafo bidez, lurralde bateko hainbat behatokitatik unean uneko datuak bidaltzen zituzten, eta datu haiek guztiak batuta, mapa batean kokatu eta datuak jaso ziren uneko egoera ezagutzen zuten. Mapa haien eboluzioa aztertuta iragartzen zuten ondorengo orduetan zer gertatuko zen. Egia esan, telegrafoa asmatu baino lehen ere egiten ziren datu-bilketak, baina iragarpenak egiteko berandu iristen ziren.
Telegrafoari esker, eta beharrak bultzatuta, egin zuen aurrera meteorologiak. Eta kasu honetan ere tragedia bat dago guztiaren atzean. Kontua da 1854an ekaitz batek gerra-ontzi bat eta 38 zama-ontzi hondoratu zituela Krimeako Balaklava-ko portuan. Aurreko egunetako erregistroei begiratuta, ikusi zuten ekaitza bi egun lehenago sortu zela eta Europan barna ibili zela.
Ekaitz hura iragar zitekeela ikusi zuten eguraldiaren datuak batu eta garaiz interpretatuz gero. Hala, Frantziak ekaitzen alerta-zerbitzua jarri zuen abian. Eta gertaera huraxe hartzen da meteorologia modernoaren sorrera gisa. Telegrafoari esker, Parisko Behatokia eguraldi-mapak egiten hasi zen, eta 1872an Britainiako Meteorologia Bulegoak jarraitu zion.
Dena dela, eguraldi-iragarpenen arloko aurrerakada nagusia Lehenengo Mundu Gerraren garaian izan zen. Ordurako, Vilhelm Bjerknes-en teoria onartuta zegoen; XX. mendeko lehenengo hamarkadan argitaratu zuen teoria haren arabera, eguraldian berebiziko eragina zuen aire-masa epelen eta hotzen arteko elkarrekintzak. Eta ideia bat nagusitu zen: eguraldiak fisikaren legeei jarraitzen zien, eta, ondorioz, meteorologia era zientifikoan azter zitekeen.
Lehenengo Mundu Gerraren garaian, eguraldi-iragarpenak berebizikoak izan ziren hegazkinen hegaldiak eta abar seguruak izan zitezen. Eta, ordutik aurrera, meteorologiak etengabeko aurrerakada izan zuen. Orkolaga Igeldoko behatokiko buru izan zenean, meteorologia asko ari zen aurreratzen, ikusten denez. Berez, Orkolagak ez zion ikerketari aparteko aurrerapenik ekarri; baina hil eta gero ere behatokiak jarraipena izan zezan egin zuen haren nortasunak. Lehenengo urteetan, Orkolagaren familiartekoek eta inguruko lagunek eutsi zioten behatokiko lanari. Eta, hala, behatokiaren urrezko garaia iritsi zen: Doportoren garaira.
Mariano Doporto meteorologo garrantzitsua zen (geroago Irlandako Meteorologia Zerbitzuko zuzendari izatera iritsi zen); eta meteorologiaren punta-puntako aurrerapenen berri jasotzen zuen, bai eta artikulu espezializatuak idatzi ere. 1927an iritsi zen Doporto Igeldora lanera, oposaketak gainditu ondoren. Harekin meteorologo profesionalen garaia etorri zen; eta, horri esker, Igeldo Munduko Behaketa Sarean sartu zen.
Eguraldiaren behaketak egunerokoak eta kalitatezkoak ziren, eta eguraldi-iragarpenak egiteko, bertako datuez gain, Munduko Behaketa Sarekoak ere erabiltzen zituzten.
Ordutik hona, gorabehera politikoak ugariak izan dira: gobernu-aldaketak, gerrak... eta, hala ere, behatokiak iraun egin du. Eta garrantzitsuena dena: 1928tik gaur egunera arteko datuak daude gordeta.
Mende luze honetan, hainbat buru izan ditu behatokiak: guztion gogoan daude Carlos Santamaria eta Usabiaga, esate baterako. Gaur egun Margarita Martinek zuzentzen du behatokia. Hamaika lagun pasatu da, hamaika meteorologo eta behatzaile. Aurrerapenak izan dira, baina duela ehun urte bezala egiten da lan, neurri handi batean. Gaur egun, behatzaileek zorrotz eta txukun jasotzen dituzte datuak hiru ordutik behin --hemendik aurrera ordu oro jasoko dituzte--.
Behatzaileek jasotako datuak oso baliagarriak dira eguraldia iragartzeko, eta baita munduko klimaren gorabeherak aztertzeko ere. Izan ere, 1928tik gaur egunerainoko serie klimatikoa benetako altxorra da klimatologoentzat. Azken finean, oso serie fidagarria da: tresna berak erabili dira ordutik hona neurketak egiteko, eta ingurua ez da ia aldatu (behatoki asko hiriguneak jan ditu eta seriea ez da erabilgarria), Igeldoko egoitzak leku berean jarraitzen du, landa-ingurunean, duela ehun urte bezalatsu.
Hori dela eta, Igeldo Nazioarteko Oinarrizko Sarean dago, eta, Margarita Martinen esanean, "Munduko Meteorologia Erakundearen behatoki garrantzizkoenetako bat da Igeldokoa, zalantzarik gabe". Baina hondatu samar dago: eraikinak hezetasun handia du, eta berritu beharra, ezinbestean. Gainera, hango zientzia-ondarea eta ondare historikoa paregabea dira, eta, horregatik, leku paregabea da meteorologiari eskainitako museo bat zabaltzeko. Asmoa eta gogoa ez dira falta.