Dunak; harea-muino ezezagunak

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Dunez hitzegiterakoan, basamortuetako harea-eremu zabalez pentsatzen da normalean. Ilara luze bati jarraituz dabiltzan dromedarioak datozkigu burura. Hala ere, dunak ikusteko ez dago horren urrutira joan beharrik. Euskal Herrian bertan ere badaude zenbait tokitan; Muskiz eta Zarautzen esaterako. Duna ikusgarriak ikusi nahi izanez gero, hortxe dauzkagu Akitaniako Landak. Eta bestalde jakina da Donostia dunak zituen hareatza batean eraikia dagoela. Oraingo honetan galtzear dauden kostaldeko dunez arituko gara.
Hendaiako hondartza.

Kostaldeko dunek ekosistema berezia osatzen dute. Itsasoarekin oreka dinamikoan dagoen sistema osatzen dute. Orain arte oreka hau, aldakorra izanik ere, naturaren izaeraren barnean kokatzen zen. Egun, gizasemearen eragina dela kausa, oreka apurtzen hasia da toki askotan. Dunek duten eginkizun babestailea, hau da, hauen funtziotariko bat desager daiteke eta harea eta kresala barnealderantz has daitezke sartzen lurralde osoak hondatuz.

Duna ez da toki berean mendetan zehar egoten den harea-piloa. Bizimodu propioa du eta higikorra eta hauskorra da. Itsasoak harea eman eta kendu egiten dio; itsas haizeek atzerantz bultzatzen dute; eta lurreko haizeek bere atzerakada gelditu egiten dute. Dunaren egitura eta iraunkortasuna, berari itsasten zaizkion landareen araberakoa da. Landare gehiago egon ahala, are eta finkatuagoa egongo da duna. Hortaz, landare-estaldurari eraso egiten dionak, dunaren bizitza kinka larrian jartzen du.

Dunak ez dira kostaldeko elementu bizidun soilik. Funtzio asko dituzte. Politak eta ikusgarriak izateaz aparte, ekaitz eta enbaten kontrako hesi gogorrak dira. Itsas haizeen indarra moteltzen dute eta beren kresala hein handi baten zurgatu egiten dute. Ekintza babestaile hauek, alde batetik hondartza bera babesten dute eta bestetik kostaldearen barne aldea ere bai. Uztak, dunen eragin babestaileaz asko profitatzen dira.

Doñanako dunak.

Dunaren eragin babestailea azaltzeko, hondartza eta aurre-hondartzaren arteko trukea hartu behar da kontutan. Aurre-hondartza, olatuen azpian mugildurik dago, baina biak loturik daude eta gorputz bat osatzen dute.Udan zehar profila altxatu egiten da. Uhinak leunak direnez, duna elikatu egiten dute eta loditu egiten da. Uhinak oso azkar lehortzen dira eta indarrik gabe gainera. Eragin eraikitzailea daukate uda partean. Erresakak, hondartzara harea dakarren indarrak baino indar txikiagoa dauka. Aurre-hondartzan murgildurik dauden jalkinak hondartzan azaleratzen dira, eta ezponda txikiak eratuz pilatzen. Hondartzaren malda handiagotu egiten da, harea-ekarpena eta eramatea berdinduta gelditzen diren puntura iristeraino.

Uhin batek indar handiz duna baten kontra talka egiten duenean, bere energia hiru bidez xahutzen da. Alde batetik dunaren aldatz leunak balaztatzen du. Bestetik, hareak balaztatzen du. Harea zurruna ez denez, indargetzaile moduan jokatzen du. Azkenik, datorren uraren indarra moteldu egiten du, ura zurgatuz eta urarekin nahastuz.

Uhinek ez diote hondarrik kentzen hondartzari; dunaren oina desegonkortu egiten dute baizik. Dunaren oinak itsaslabar txiki baten modura jokatzen du. Dunen zikloa egonkorra bada, eragin negatibo hau uda partean konpentsatzen da. Marea altuen eta baxuenaren artean dagoen hondarra gora eta behera ibiltzen da urtean zehar. Kalkulatu denez, hondartz metroko 500 m 3 hareak bidaiatzen du urtero.

Duna, bertan bizitzeko diren landareak hazten direnean finkatzen da. Haizea balaztatua izaten da.

Higadura/eraikitze balantzea, itsasoak eramaten duen adina harea ekartzen duenean bakarrik dago orekan. Hala ere, kostaldeko zenbait zonetan hondartz sistemaz kanpotik jalkinak etortzea gerta daiteke eta baita beste jalkin batzuk betirako itsasoak eramatea ere. Ibaiak lehenengo prozesuaren eragile dira, eta itsas korronteak bigarrenarena.

Olatu, marea-korronte, korronte sakonago eta haizeen eragina batu egiten da hondartzari harea kentzeko. Alderdi honetan azpimagarragaria da haizeak izan dezakeen garrantzia. Haziearen abiadura 15 km/h baino handiagoa denean, harea fina (0,2 mm diametrokoa) eramaten hasten da. Abiadura 18 km/h denean, haizeak kilogramo bat harea metro bateko distantziara eraman dezake ordubetean. Haizearen abiadura bikoizten bada, 36 km/h-ra alegia, 100 kg.m/h eraman ditzake. Eta 72 km/h abiadurako haizeak, 800 kg.m/h garraia ditzake.

Hondartzak jasotzen duen adina jalkin galtzen badu, iraungo du. Jasotzen duena eraman dena baino gutxiago baldin bada, jalkin-balantzea negatiboa denean hain zuzen, hondartzak atzera egingo du, eta honekin batera dunek. Epe luzeago edo motzagoan, hondartza desagertu egingo da. Jalkin-balantzea positiboa bada ordea, hondartza "loditu" egingo da. Hondartza horretan duna higikorrak sortuko dira eta haizeak barne alderantz bultzatuko ditu. Dunak higikorrak izango dira, finkatzeko landarerik ez dagoelako. Dunen higikortasuna, beren gaztetasunaren adierazle izaten da normalean.


Oztopo solidoek (harresiek) duna eta hondartzaren arteko trukea eragozten dute eta epe luzera hondartzaren hondamena dakarte.

Dunak finkatzeko, landareak erabiltzen dira. Landare hauek, kresala jasaten dutenak izaten dira; hareatako ihia ( gropyrum junceum ) esaterako. Landare hauek, dunaren zimurtasuna handitzen dute; haizearen abiadura txikiagotu egiten da eta berak daraman harea lehenago jalkitzen da. Duna erdi-egonkor honetan, beste landare batzuk hazten dira orduan; hazteko harea behar duten landareak dira hauek. Espezie psamofilo izenez ezagutzen dira eta hauen artean arruntena hareondokoa ( Ammophila arenaria ) da.

Landare aintzindari hauen atzean landaredia trinkotzen hasten da; gero eta handiagoa eta ugariagoa da. Landare-asoziazio desberdinak jarraitzen dira bata bestearen atzean: belardi urria, pixkanaka trinkoagoa eta zuhaixka bakunez hornitua; ondoren tamarindoz, isatsez eta gisatsez zipriztindutako belardia eta azkenik angio-itxurako nahiko baso irekia eta pinuz, olibondoz edo artez osatutakoa. Dunaren zenbait zokogunetan euri-ura pila daiteke eta honela ihiak eta lezkak haz daitezke eta zenbait kasutan baita sahatsa ere.

Landarediaren kolonizazioaz aipatu dugun eredu honek sortu ditu egun ezagutzen ditugun duna finkorik gehienak. Glaziaziotan zehar gertatutako glaziareen izozte- eta desizozte-fenomenoekin lotuta dagoen higaduran dauka hareak jatorria. Duela 18.000 urte glaziareak gehien hedaturik zeudenean, itsas maila gaurkoa baino 100 m beherago zegoen. Ondorengo klimaren beroketa jarraiak, poloetako izotzak urtu zituen eta itsas mailaren igoera era berean. Igoera honetan zehar, itsasoak topatzen zituen materialak landu eta modelatu egin zituen; bloketatik errekarriak atera ziren eta hauetatik kaskailuak. Kuartzo-aleak hondar bihurtu ziren eta material finagoetatik lohiak atera ziren... Igotzen ari zela, itsasoak material guzti hauek erraz garraiatzen zituen.

Duna/hondartza sistema:
1. Orekan dagoen hondartza.
2. Neguko egoera.
3. Udako egoera.

Gure egungo kostaldea, duela bospasei mila urte eratu zen. Jalkin higikorrezko kantitate handiak bazterrean metatu ziren. Hauen artean danetarik zegoen: harea lodi eta fina, errekarriak eta kaskailuak.

Egun, jalkinen itsas azpiko erreserba bukatu da. Garrantzizko ekarpen bakarra, ibaien eta itsasoen higaduratik dator. Hala ere, gizasemearen eskuak eragin handia du horietan. Itsas hareen erauzketak, kanalizazio-lanek, erreka eta ibaietan egiten diren presek, urtegiek eta portuetako lanek, hein handi batean higatutako materialari hondartzara irits dadin eragozten diote. Honela Ebro eta Rhône bezalako ibai handiek duela mende bat baino lau aldiz material gutxiago itsasoratzen dute.

Badago gainera kontutan hartu behar den beste faktore bat. Atlantiar Ozeanora begira dauden-kostetan itasoaren maila gorantz ari da oraindik 1-2 mm/urte abiaduraz.

Dunaren eratze-prozesua.

Are eta min handiagoa ematen diote dunari probetxu turistikorako bere gainean egiten diren harresiek, hotelek, errepideek edo beste edozein antolamenduk. Dunak itsasoarekin duen oreka apurtzen dute hauek.

Duna beraz guztiok zaindu behar dugun naturaren ondasuna da. Beraz, Landeta aldera eguzkia hartzera joaten garen euskaldunok saia gaitezen dunak babesten: markatutako bideetatik ibiliz eta dunak finkatzen dituzten landareak ez zapalduz. Horrela, gure ondorengoek naturaz gozatu ahal izango dute, guk orain bezalaxe.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila