Dibulgazioa lanbide

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Azken hogei urteotan sarritan egokitu zait zientzia eta teknologiaren aurrerabideaz hitzez zein idatziz aritzea. Zientziaren dibulgazioan jardun dut, hain zuzen ere. Zientziaz idazteko afizio honetan maratoi-korrikalariaren bakardadea sentitu izan dut behin eta birritan. Bi motatako bakardadea izan da: bakarlanarena eta misiotan jardutearena.

Orain urte batzuk, bederen, bakan batzuk baino ez ginen Euskal Herrian zientziaz sarri samar idazten genuen pertsonak. Idazleek eta literatura-kritikoek ez gintuzten kontuan hartzen —hartzen al gaituzteorain?—; ez ginen idazle eta. Idazteko lanbidea dutenen beste muturrean, kazetariek animalia bitxiei bezala begiratzen ziguten. Euskarazko prentsa aipatutakoan Elhuyar aldizkaria ahaztea zeharo ohizkoa zen. Beraz, ez idazle eta ez kazetari izanik, ordenagailuaren aurrean orrialdeak zirriborratzen nituen neurrian, egiten nuenari izen bat ematea otu zitzaidan: letra-juntatzaile, hain zuzen ere gerora beste batzuek ere usatu dutelarik.

Bestetik, gure inguruko komunikabideei erreparatuta, zientzia eta teknologiaz apenas informaziorik ematen zen. Halaber, informazio zientifikoa ematen zenean, nahikoa kutsu negatiboa izaten zuen. Masa-komunikabideek zientziari eta teknologiari buruzko informazio-zabalkuntzan hil ala biziko papera dutela pentsatu izan dut beti. Ondorioz, arestian deskribatutako egoera aldatzeko asmoz, misiolariaren moduan ibili izan gara urtetan zehar. Ez dut uste masa-komunikabideen bidezko zientziaren dibulgazioaren beharra aldarrikatzeko aukerarik galdu dudanik. Izan ere, masa-komunikabideak dira oraingo gizarte teknifikatu modernoan kultur eta ezagutza-ereduen transmititzaile nagusiak; baita zientzia eta teknologiaren esparruan ere, jakina. Ez da hau nire asmakeria; hara zer dioen Dorothy Nelkin-ek Selling Science bere liburuan.

Gehienentzat prentsan irakurtzen duena da zientziaren errealitatea. Jendeak eskolan ikasitakoan edota zuzeneko esperientzian oinarrituta ez eta kazetari-hizkeraren eta -irudikerien iragazkian zehar pasata ulertzen du zientzia. Masa-komunikabideak ditu informazio-iturri nagusia oso azkar aldatzen ari den alor zientifiko-teknikoaz zein aldaketa horiek beren bizitzan izango duten ondorioz. Berri-emate egokiak emenda ditzake jendeak zientzi politikako gaiak hobeto ebaluatu ahal izateko gaitasuna eta norberak arrazoizko aukerak egiteko norbanakoaren gaitasuna. Berri-emate desegokiak, bestetik, zientzia eta teknikaren eta gaitasun teknikoan oinarritutako erabakien eragina gero eta gehiago pairatzen duen jendea engainatzeko eta ezgaitzeko bide eman dezake.

'Berri-emate' egokia aipatzen du Nelkin-ek; zuzena eta ulergarria erantsiko nioke neronek. Informazio zientifiko gordina nahiko zail, ulergaitz eta lehorra izan daiteke. Jendearenganaino iristeko informaizo hori 'irensgarri' bihurtu behar da, zuzentasuna eta zehaztasuna galdu barik. Horixe da, hain justu, kazetari zientifikoaren lana. Euskal Herrian Elhuyarrekoez landa bat edo beste izango dira zientziaz idatzita ogibidea ateratzen duten kazetariak: euskaraz, bederen, bat bera ere ez. Horretan erronka handia dugu. Zientziaz egoki informatuko duten profesionalak trebatu behar ditugu, ez baitira perretxikoak bezala berez sortuko. Formazio zientifikoko gazteak zientziaren dibulgazioan bere etorkizun profesionala ikus dezaten bultzatu behar ditugu, epe ertainera lan-poltsa koskor bat egon baitaiteke alor horretan azken aldian zientziarekiko masa-komunikabideek erakusten ari diren interesa sendotzen baldin bada.

Horrexegatik, hain zuzen ere, sortu berri dugu Elhuyarren kazetari zientifikoak trebatzeko beka. Horren bidez, formazio zientifikoko gazte bati kazetaritza zientifikoa nola egiten den ikasteko parada eskainiko diogu gure elkarteko komunikazio-alorreko lantaldean integratuta. Hortxe, eguneroko lanean murgilduta, dibulgazioaren atal gehienetan arituko da: prentsa idatzian eta ikus-entzunezkoetan. Emaitza oparoa lortuko dugunik ez dut dudarik.

Edonola ere, maratoi-korrikalaria izaten segituko dut, zientziaren aurrerabideak ez baitu etenik, baina bidailagunak ugarituko direnez, taldeko berotasunaren laguntza izango dut

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila