Charles August Lindbergh Detroiten jaio zen 1902ko otsailaren 4an. Txiki-txikitatik erakutsi zuen mekanikarako trebetasuna. Gogokoen hegazkinen mekanika zuen; horregatik, 21 urterekin Jenny bat erosi eta ahal zuen guztietan hegan egiten zuen.
Garai hartan hegan egitea abenturazaleen denbora-pasa bezala ikusten zen, eta inor gutxik imajinatuko zuen urte gutxitan aire-garraioak zenbaterainoko aurrerakada izango zuen.
1924an Lindbergh AEBetako armadako aire-eskolan hasi zen eta, nola ez, gelako piloturik onena zen. Horregatik aire-postako konpainia batek hartu zuen. Baina ez zuen asko iraun lan hartan, monotonia hark aspertu egiten baitzuen. Lindberghek nahiago zuen hegazkin hobeak nola diseinatu pentsatu eta ahal zuenean bere hegazkinean probatzen zituen bururatutako aldaketak.
Pixkanaka hegazkinak hobetzen ari ziren, batzuk bidaia luzeagoak egiteko, besteak zama handiagoak garraiatzeko. Garai hartako piloturik ausartenak Ozeano Atlantikoa zeharkatzen saiatzen ziren, baina itsasoan galdu ziren ordura arte saiatu ziren guztiak.
Lindberghek ere, ozeanora eroritako pilotuek bezalaxe, Parisera gelditu gabe iristeko ametsa zuen gogoan. Hori zela eta, buru-belarri jardun zuen bidaia luze baterako behar zen hegazkina finantzatuko zion babesle baten bila. Baita lortu ere. Oso garbi zeukan garai hartako hegazkinik onena ere bere hartan ez zela nahikoa hegaldi hura burutzeko. Horregatik Ryan M-2 monoplano bat hartu eta moldatu egin zuen. Hegazkin eraldatuaren diseinua Donald Hallek egin bazuen ere, Lindberghek zorrotz ikuskatu zuen prozesu osoa.
Bere babesleen omenez, hegazkinari The Spirit of Saint Louis izena jarri zion. Erronka hari aurre egiteko Wright J-5C motorra zuen, 220 zaldi-potentziakoa eta bederatzi zilindrokoa. Garai hartarako hegazkin fidagarria zen arren, bere pisuaren (2,3 tona) ia erdia erregaiak osatzen zuen. Erregai-biltegi ikaragarri hura pilotuaren kabinaren pareraino iristen zenez, aurrean zuena ikusteko periskopio bat erabili beharra zeukan, edo hegazkina birarazi alboko leihatila batetik begiratzeko.
Hegazkinarekin zenbait proba egin ondoren, 1927ko maiatzaren 20an New Yorken aireratu zen Lindbergh eta 33 ordu eta erdi geroago Parisen lurreratu zen. Han milaka pertsona zituen heroiari ongietorria egiteko zain. AEBetara itzuli zenean izan zuen harrera ez zen hotzagoa izan. Ospe hartaz baliatu nahirik, Aeronautika Bultzatzeko David Guggenheim Fundazioak finantziazioa eskaini zion, eta, hala, batera eta bestera ibili zen bere aireplanoan.
Aire-garraioa sustatzeko bidaia haietako batean Mexikoraino ere iritsi zen. Han bere emaztea izango zena ezagutu zuen, Anne Morrow.
Lindbergh eta Anne Morrow 1929an ezkondu ziren. Emazteari hegazkinak pilotatzen irakatsi zion eta hegazkin-konpainientzat bide komertzial berriak irekiz jardun zuten denboraldi batez.
1932ko martxoaren 1ean, ordea, gauzak okertzen hasi ziren. Bikotearen 20 hilabeteko haurra bahitu egin zuten eta hamar astera aurkitu zuten gorpua. Ustezko hiltzailea aurkitu zutenean, bere epaiketak eta exekuzioak oihartzun handia izan zuten, batez ere prentsa sentsazionalistan. Gogaiturik, Lindberghtarrek Europara alde egitea erabaki zuten lasaitasun bila.
Bigarren Mundu Gerraren hasiera ere ez zen gozoa izan. Ordurako, AEBetan ziren berriz eta nazien aldekoa zela zabaldu zen. AEBak gerran sartu zirenean, Lindbergh aurka agertu zen eta jendaurrean juduei eta ingelesei egotzi zien parte hartzearen erantzukizuna. Gainera, ordurako nazien eskutik Ohorezko Domina jasoa zuen Europako egonaldian. Hala ere, Pearl Harbourko erasoaren ondoren gerran sartzea erabaki zuen, eta armadan onartu ez bazuten ere, pilotu zibil eran 50 misio ingurutan hartu zuen parte.
Garai hartarako hegazkinak asko aurreratuta zeuden eta Bigarren Mundu Gerran armarik eraginkorrena izan ziren. Gerraren ondoren ere aire-garraioak indar handia hartu zuen. Jendearentzat geroz eta fidagarriagoa zen, eta aire-konpainiek diru asko inbertitzen zuten hegazkin hobeak egiten.
Lan-arloan garai ezin hobea zen hura Lindberghentzat, eta hainbat aire-konpainiatan aritu zen. Bere esperientzia eta punta-puntako teknika uztartuz, aeronautikaren abiada biziari eutsi egin zion eta bultzatu ere egin zuen. Eta artean The Spirit of Saint Louis liburua idatzi eta Pullitzer sari bat irabazteko astia izan zuen.
Teknologiaren punta-puntan egon ondoren, bidaiatzeari ekin zion Lindberghek, eta munduko kulturekiko arreta berezia agertu zuen. Espezieen kontserbazioaren aldeko kanpainetan hartu zuen parte 60ko hamarkadan, eta garraiorako hegazkin supertsonikoak garatzearen aurka agertu zen.
Hawaiiko uharte lasai batean hil zen minbiziak jota. Bere bizitzan zehar diseinu sofistikatuenak egin bazituen ere, azkena bere hilarriko zirriborro sinplea izan zen.