Azken hilabete hauetan egunkarietan altzairugintzari buruz albiste txarrak ez irakurtzea zaila da. Bizkaiko labegaraien (hau da AHV-ren) etorkizuna kolokan dago eta gainerako lantegien egoera ekonomikoa nahikoa iluna da. Hala ere, zorionez ala zoritxarrez egoera hau ez da Euskal Herrikoa ala estatukoa bakarrik. Duela denbora gutxi Eskoziako labegarai batzuk itxi egin zituzten eta azken astetan Alemanian altzairugintza-industriaren etorkizunari buruz sindikatuak oso kezkaturik azaldu dira. Guzti hori kontutan hartuz, zer ari zaio gertatzen altzairuari?
Altzairua ez da produktu berria; ezta zaharra ere. Nahiz eta burdinaren erabilpena (altzairua berez burdin aleazioa da) aspalditik gizakiaren historiarekin bat eginda egon, hainbeste aldaketa eta hobekuntza jasan duen beste material bat aurkitzea oso zaila izango da. Artikulu honetan zehar ikusiko dugunez, neurri batean, hobekuntza edo eboluzio hori altzairuarentzat kaltegarri bihurtzen ari da.
Kalean jendeari altzairugintzari buruz pentsatzen duena galdetzen baldin bazaio, ondoko erantzunak jasoko dituzu:
Zoritxarrez iritzi hau zenbait politikariren artean ere zabalduta dago eta beti altzairu industria etorkizun ekonomikoarentzak kaltegarria dela azpimarratzeko prest dagoen sasiteknikariren bat azaltzen zaigu.
Hala ere, ikuspuntu negatibo horiek ez dute benetako errealitatea erakusten (altzairu-lantegiaren inguruan bizi diren lagunentzat poluzioa ez da txantxetako gauza izango. Dena den, hori ez da arazo teknologikoa; ekonomikoa baizik. Inork zalantzarik badu, Luxemburg bisitatzera, eta bereziki Arbed izeneko labegaraiak bisitatzera, gonbidatuko nuke).
Industri mota hau zaharkitua ez dagoela eta berez altzairuak garrantzia handiko esparru bat osatuz segituko duela azpimarratu nahi dugu. Horretarako, alboko irudiaren bitartez azken 40 urteotan munduko altzairu-produkzioaren aldaketak kontutan hartzea komeni da. Ikusten denez, 1950. urtetik 1970. urterarte munduko altzairu-produkzioak oso hazkunde nabarmena izan zuen. Ondoren, 73.eko krisi ekonomikotik aurrera, produkzio-hazkundearen malda askoz apalagoa izan da. Gainera, 82. urtearen inguruan izan zen eta 91. urteaz gero jasaten ari garen krisi ekonomikoaren eraginak ere irudi horretan agerian daude. Beraz, grafiko horren arabera eta beherapen koiunturalak kontutan hartuz, oro har munduko altzairu-produkzioak ez dirudi “joan den mendeko” industri sektore batena denik. Hala ere, produkzio-kurba ikusi ondoren, Europan altzairugintza jasaten ari den egoera larria ez da ondo ulertzen. Horretarako beste faktore batzuk ere kontutan hartu behar dira.
Herrien faktore horietako bi hauek aipatuko ditugu: altzairuaren produkzio-banaketa eta maila teknologikoa. Altzairuaren produkzio-banaketari buruz, azken hogei urteotan estatu desberdinek produzitutako altzairu-kopurua aztertzea komeni da. Hurrengo hiru irudietan EEBB, Japonia eta Europako Elkarteari (EE) dagozkien produkzio-kurbak erakusten dira. EEBB-etako kasuan, irudiari oro har begiratuta argi eta garbi ikusten da produkzioak beherako portaera duela. Aldiz, Japoniaren kasuan, aldaketa ziklikoak kontutan hartu gabe, produkzioa mantendu egin da. Amaitzeko, EE-ren kurbaren malda negatiboa da, beherapena nahikoa mantsoa izanik.
Antzinako estatu komunistak kontutan hartu gabe, EEBB, Japonia eta EE-z gain beste herrien produkzioak ere kontsideratu behar dira. Duela hogei urte altzairugintzaren arloan ezezagun ziren Brasilek eta Hego Koreak orain estatu espainoleko produkzioa bikoiztu egiten dute. Grafikoetan erakusten denez, 1970. urtean produzitzen zuten altzairu-kopurua oso txikia bazen ere, orain bien artean produzitutako altzairu-kopuruak Europako Elkartearen herena gainditzen dute
Ondorioz, industrializatzen ari diren herriek altzairu-merkatura sartuta lehia gogorra sortu dute. Gainera, Japoniaren merkatua hain itxia denez, erraz uler daiteke altzairu horren merkatuen kokapen geografikoak zeintzuk diren: Europa eta Iparramerika.
Munduko burdin-mehategi garrantzitsuenak ez daude Europako Elkartean. Joan den mendean eta mende honetan zehar mehategi egokienak (bai kalitatearen ikuspuntutik eta bai ekonomikoarenetik ere) amaitu ondoren (hauetako adibide bat Somorrostron daukagu) mineral-kopuru handiena kanpotik ekartzen da, hornitzaile handienetariko bat Brasil delarik. Minerala eduki ondoren eta eskulan merkea erabiltzea posible izanik, zergatik ez norberak altzairua produzitu? Hori da Brasilgo agintariek duela hogei urte pentsatu zutena, eta ondorioak agerian daude. Gaur egun Brasildik ekarritako altzairuaren prezioa Ensidesa-k egindakoarekin konparatuta ez da erdira iristen (garraioaren kostua barne). Nahiz eta Brasilgo altzairuaren kalitatea hain ona izan ez, prezio horri lehia egitea zaila da.
Hego Korearen egoera antzekoa da. Europako estandarrekin konparatuz hango eskulana merkeagoa izanik, lortutako altzairuaren prezioa ere oso ona da. Beraz, Brasilek eta Hego Koreak produzitzen duten altzairua gure herrian produzitzen dena baino hobea da prezioaren ikuspuntutik.
Alderdi ekonomikoa baztertu ondoren, zer gertatzen zaio kalitateari? Helburu nagusia kalitatea baldin bada, arazoak Japoniaren aldetik datoz. Azken urteotan zenbat altzairu-motatan Japoniak lortu duen kalitatea (propietate mekanikoak eta altzairuaren homogenotasuna, korrosioarekiko portaera eta abar) munduko altuena da.
Ondorioz, prezioak jaitsi eta lehia handiagoa izanik, Europako Elkarteko altzairugintzaren egoera ekonomikoa nahikoa kezkagarria da. Elkarte barnean sektoreko enpresa handienak neurri batean ala bestean gobernuen menpe daudenez, edozein inbertsio publikok Elkarteko agintarien baimena eduki behar du. Beraz, Brusselako eztabaidetan estatu bakoitzaren indarra oso erabakiorra izango da (bakoitzak berea defendatuz). Estatu bakoitzaren altzairu-produkzioa indar-parametro bezala kontutan hartzen baldin bada (ikus irudia), Alemaniaren eta Italiaren erabakiak (biek elkarrekin ia produkzioaren erdia kontrolatzen dute) pisuzkoak izango direla zalantzarik gabe baiezta dezakegu.
Inguru honetan Bizkaiko Labegaraien etorkizuna ofizialki laster ezagutuko da. Bitartean langileen jubilazio-adina 52 urtera jaitsi da (oraindik muga hori 50 urtera jaisten ere ikusiko dugu) eta neurri horrekin lantegiaren egitura (talde teknikoak eta abar) deseginez doa. Bestalde, une honetan labegaraiak desagertzea inork ez du zalantzan jartzen (nahiz eta egunkarietan batzuetan bestelako albisteak azaldu). Gizarte-arazoak direla medio, neurri hori ez da beharbada bapatekoa izango, baina laster labegaraiak, hau da, burdingintza integrala (mineralatik hasita burdin aleazioa lortzerainokoa), Euskal Herritik ezkutatu egingo da. Erabaki horrekin haizeoletatik eta burdinoletatik zetorren tradizio industrialari amaiera emango zaio.
Dena den, badirudi Sestaon labegaraien ordez labe elektrikozko lantegia eraikiko dela (altzairua lortzeko, mineralaren ordez lantegi hauetan lehengaia txatarra da). Batzuentzat lantegia eraikitzea guztiz onartua dago Elkarteko agintarien aldetik (beste batzuentzat hori oraindik guztiz lotu gabe dago) eta hurrengo hilabeteetan Brusselan erabakiko dena lantegi berri horren produkzio-kopuru maximoa izango da.
Lantegi berri horrekin eta gainerako labe elektrikozko altzairu-fabrikak kontutan hartuz (hau da, Acenor, Ucin, Patricio Echeverria, Aristrain, Aforasa eta abar), nahiz eta labegaraiak galdu, Euskal Herriak altzairu-produkzioa manten dezake. Hala ere, lehen aipatutako enpresa batzuen egoera ekonomikoa ez dela oso ona ezin dugu ahaztu eta ondorioz, industri sektore honek oinarrizko aldaketak eskatzen ditu.
Kanpoko konpetentziari aurre egiteko, teorian gutxienez prozedura desberdinak aplika daitezke, nahiz eta gero errealitatean erabakiak hain zabalak izan ez. Helburua bakar bat da: altzairuaren prezioa jaistea. Brasilgo eta Hego Koreako baldintzak ezartzea ezinezkoa denez (meategiak eta energia merkea ez daudenez, soldatak nabarmen murriztea ala asteroko lanordu-kopurua bikoiztea —edo antzeko zerbait— izango lirateke erabakiak), aukera bakarra teknologian dago.
Nahiz eta erabakiak orain hartu, Bizkaiko labegaraiak ixten duela hogei urte hasi ziren. Epe luze horretan urtez urte galera ekonomikoak gero eta handiagoak izan dira eta egoerari buelta emateko erabaki eta aldaketa egokiak ez ziren hartu. Labe elektrikozko lantegiekin berrikuntzak martxan jartzen ez baldin badira, hurrengo urteetan antzeko zer edo zer gerta daiteke. Beraz, alde batetik teknologia berritu egin behar da eta bestetik teknikarien ezagumenduak gaurkoratu.
Teknologia berritzeko lantegi horietan inbertsio handiak egin behar dira. Behar den diru hori lortzeko, altzairugintzak gizartearen aurrean askoz positiboagoa den beste itxura bat erakutsi beharko luke, etorkizun handiko industri sektore bezala azalduz. Arazo hau ez da hemen bakarrik gertatzen eta beste toki batzuetan ere zenbait erabaki hartu da jendearen altzairuari buruzko iritziak aldarazteko. Kanpaina horiek ondoko bi puntuetan oinarritu dira: altzairuaren erabilpena gero eta handiagoa da eta ekologiaren ikuspuntutik oso material egokia da.
Artikuluaren hasieran altzairuaren hobekuntza berarentzat kaltegarria izan daitekeela azpimarratu da. Politikari eta ekonomilari batzuentzat altzairuaren produkzio-kurbak material honen erabilpena muga batera iritsi dela adieraz dezake. Aldiz, errealitatea guztiz alderantzizkoa da. Altzairuaren ezaugarriak gero eta hobeak direnez, helburu bera lortzeko pisu txikiagoa erabili behar da. Hori da, adibidez, automobilen karrozeriarekin gertatu dena. Beraz, nahiz eta altzairuaren erabilpena gero eta zabalagoa izan, oro har, produkzioak, tonatan neurtuta, beste portaera bat erakusten du. Beraz, Japoniaren produkzio-kurbara itzuliz, nahiz eta kopurua azken urteotan konstante mantendu, berez herri horretan altzairu-erabilpena gero eta handiagoa da.
Birziklapenari dagokionez, altzairua material egokienetarikoa da. Altzairuzko piezen erabilpen-aldia amaitu ondoren, pieza horiek txatarra gisa berriz altzairu-aleazioak sortzeko lehengaia osatzen dute. Ondorioz, birziklapena ia % 100ekoa da, eta gainera, altzairua magnetikoa denez, zabortegian egin behar den hautaketa, beste material-motekin konparatuz oso erraza izaten da. Ikuspuntu hauetan oinarritu da, adibidez, Alemanian altzairuarekiko jendeak dituen iritziak aldatzeko garatzen ari den kanpaina.
Amaitzeko, gainerako arloetan bezala, urte gutxitan metalurgian ere aurrerapen asko izan dela aipatuko dugu. Tresna berriak erabiliz (mikroskopia elektronikoa adibidez), duela hamar urte ondo ezagutzen ez ziren transformazio eta aldagaien arteko elkarrekintza desberdinak menperatzen dira orain. Berrikuntza horiek askotan laborategietan sortu dira (hemen ezezik, Europako toki askotan lantegiek dituzten laborategiak lehen mailakoak dira) eta lantegietara transferitu behar dira. Neurri batean hori ez zen gure lantegietan lortu, eta ondorioz, goi-mailako zenbait teknikariren ezagumenduak duela hogei urtekoak dira eta zenbait prozesu industrialetan azaltzen diren aldagaien kontrola ez da menperatzen. Hori dela eta, akatsen portzentaia puntako kanpoko lantegiekin konparatuz handiagoa denez, bukaerako produktuaren prezioa ere altuagoa da.
Laburbilduz, altzairugintza ez da joan den mendeko teknologia gisa kontsideratu behar, bere erabilpena gero eta handiagoa delako. Hala ere, lehia azken urteotan nabarmen areagotu denez, Euskal Herriko produkzioa mantentzeko, bai tresneriaren aldetik eta bai arduradun teknikarien aldetik, berrikuntzak egin behar dira. Bestela, nahiz eta epe laburrerako krisialditik atera, luzera begiratuz arazoak konpondu gabe segituko dute.