Azpeitiko Geltoki zaharra bere sasoi bateko urteetan ezagutu zutenei ez zaie inola ere bururatuko ondoren azalduko dizueguna. Geltokiaren kanpo-itxurak berdintsu segitzen du. Norbaitek “berdintsuegia” dela esango luke akaso eta arrazoi luke. Han ageri diren lurrinezko trenmakinak, merkantzi bagoiak, erlojuak edo kontrolerako makinak ez dira gaur egungo geltokietan aurkitzen; ezta asko bilatuta ere. Geltokian sartu-irten laburra egitea gure gertuko eta urruneko Historiari gainbegirada emateko modukoa da; Azpeitiko Geltokia zena gaur egun Burdinbidearen Euskal Museoa baita.
Burdinbidearen Euskal Museoa orain dela 2 urte sortu zen Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Historian zehar gure lurraldea zeharkatu izan duten trenen aztarnak bildu eta museoan jasotzea izan du helburu nagusia. Museoko bildumak osatzea ez da batere zeregin erraza izan. Oso kasu gutxitan gorde eta zaindu izan da material zaharra, eta ondorioz, berritzeko lanak luzeak eta gogorrak izan dira. Egindako ahalegina, ordea, ez da ezerezean geratu eta gaur egun museoak antolatzen dituen erakustaldiak horren froga garbiak dira.
Juanjo Olaizola da orain Museoko arduraduna. Geltokian dauden piezarik ikusgarrienak berak erakutsi zizkigun, trenaren historia batere ezagutzen ez zuen edonork egingo lituzkeen milaka galderei pazientzia handiz erantzunez.
Burdinbidearen Euskal Museoak eskaintzen dituen aukera guztiak Azpeitiko Geltoki zaharraren egoitzan bertan bisita daitezke.Garai batean bidaiariak biltzeko erabili izan zen gelan bilduma interesgarri ugari topa daiteke gaur egun. Adibidez, tren-geltokietan ezinbestekoak ziren erlojuei eskainitakoa guztietarik zaratatsuena da. “Jesus Minguez Aguado” izeneko bildumak munduan garrantzitsuenetarikoa den erloju-sorta jasotzea lortu du. RENFEko langilea zen Minguez eta zerbitzutik kanpo geratzen ziren erlojuak konpondu eta biltzeko zuen zaletasunaren ondorio da gaur egun Azpeitian bisita daitekeena. Kronometriak azken bi mendeotan izan duen bilakaera aztertzeko bide aproposa damaigu: penduludun erlojuetatik hasi eta irrati bidezko bulkadako erlojuetaraino. Geltokietako erloju-sorta osatzeko, poltsikozko erloju-bilduma interesgarria ere hortxe bisita daiteke, etengabeko tik-tak eroa entzunez.
Dena dela, Museoaren alderik ikusgarriena lantegi eta hangarrean bisita daitekeena da. Berrogeiren bat ibilgailuk osatzen dute material higikor historikoaren bilduma. Jatorriz Belgikakoa zen tranbia izan ezik, bildumako gainerako piezak Euskadin urteetan izan diren konpainietatik iritsi dira Azpeitira. Gehientsuenak, gainera, ikuskari hutsa izatetik urrun daude, eta aldez aurretik eskatuz gero, ibilbide historikoak antola daitezke, antzinako bidaiatzeko erak berrituz. Adibidez, Geltoki Zaharretik Loiolako Santutegira doan bidea lurrinezko trenmakinaz egiteko aukera paregabea eskaintzen da.
Lerro hauetan azaldu dizueguna Burdinbidearen Euskal Museoan egindako bisitaren oroitzapena baino ez da. Nahi baino laburragoa suertatu zitzaigun arratsalde hartako hitzaspertua eta, horregatik akaso, espero baino irrika handiagoz gaude hurrengo bisitaren zain.
Aurrera 104 Zkia. 1-3-0-T
Lurrinezko trenmakina hau Nasmith Wilson injineruak 1898. urtean Britainia Haundian egina da, Elgoibar eta Donostia arteko trenbide esturako. 1929.ean trenbide osora hedatu zen elektrifikazioa, baina bitartean era guztietako trenei bultzaka ihardun zuen honek. 1958.ean jubilatu zuten arte Durango eta Elorrio bitarteko bideetan erabili zen. Ondoren bere galdaratan ur distilatua ekoizteko erabili izan zuten,
Bizkargi 3. Bo-Bo
Brown Boveri enpresa suitzarrak 1928. urtean egina da Eusko Trenbideak Konpainiarako. Trenmakina elektrikoa da eta 80.eko hamarkada arte bidaiariak eta merkantziak garraiatzeko erabili zen.
101. Zkia. Bo-Bo