Elhuyar Fundazioa
Matematikari frantses hau, Parisen jaio zen duela ehun urte; 1789.eko abuztuaren 21ean hain zuzen. Bere ehunurteurrena dela eta, interesgarria derizkiogu haren bizimoduaren eta lanen berri emateari.
Frantziako Terroraldiaren hasieran, 1793.ean, bere familiarekin ihes egin zuen Arcueil izeneko herrira eta han Pierre-Simon Laplace matematikaria nahiz Claude-Louis Bertholet kimikaria ezagutu zituen.
Cauchy injineru militar egin ondoren, 1810. urtean Cherbourg-era joan zen Napoleonek Britainia Handia inbaditzeko zuen flotarentzako portu eta gotorlekuak sendotzera. Nahiz eta lanpetua egon, matematikazko lanak egin zituen, eta haien artean Joseph-Louis Lagrange-k bidali zion problema baten ebazpena. Poliedro ganbilaren alde-, erpin- eta aurpegi-kopuruaren arteko erlazioa argitu zuen eta Pierre Fermat-en zenbaki irudizkoei buruzko problemari ere ebazpena eman zion.
Cauchyk elastikotasunaren teoria matematikoa garatu zuen.Cauchy 1813. urtean Parisera itzuli zen eta Lagrangek nahiz Laplacek matematika bakarrik lantzea gomendatu zioten. Hurrengo urtean, integral mugatuez txostena argitaratu zuen, funtzio konplexuen teoriari oinarria emanez.
1816. urteaz gero, Pariseko Zientzi Fakultatean, Frantziako Kolegioan eta Eskola Politeknikoan irakasle izan zen. Gaspard Monge arrazoi politikoengatik Zientzi Akademiatik bota zutenean, Cauchyri eman zioten haren aulkia. Frantziako Institutuaren sari nagusia ere irabazi zuen, uhinen hedapenaz egindako lan baten bidez, eta orain lan hori klasikotzat hartzen da hidrodinamikan. 1822. urtean, elastikotasunaren teoria matematikoa ezarri zuen.
Cauchyk beti ere metodo garbi eta zehatzak erabiliz, matematikari egindako ekarpenak batez ere hiru liburu nagusitara bildu zituen; Cours d’analyse de l’Ecole Royale Polytechnique (1821) (Erret Eskola Politeknikoko Analisi-Ikastaroa), Résumé des leçons sur le calcul infinitésimal (1823) (Kalkulu infinitesimalezko ikasgaien laburpena) eta Leçons sur les applications du calcul infinitésimal à la géométrie (1826-28) (Kalkulu infinitesimala geometriari aplikatzeari buruzko ikasgaiak) liburuetara hain zuen.
Urteak igaro ahala, Cauchy gorabehera politikotan korapilatu zen. Borbonzale porrokatua izanik, Karlos X.a 1830.ean erbestera bidali zutenean Luis Felipe errege berriari zin ez egiteagatik Couchy Italiara aldatu zen. Han, Piemonteko Torinoko Unibertsitatean Fisika matematikozko katedra sortu zuten beretzat. 1838. urtean zin egitera behartzeari utzi ziotenean, Parisera itzuli zen Eskola Politeknikoan katedra berreskuratuz.
Paris ondoko Sceaux herrian hil zen 1857.eko maiatzaren 23an.