1984an UNESCO erakundeak Urdaibai eskualdea “Biosferaren erreserba” izendatu zuen eta 1989an Urdaibaiko Babes eta Antolamendu Legea onartu zen bertako baliabide naturalak babesteko asmoz. Egoera berezi horrek bultzatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Sailak Gernika aldeko industria gehienetan ingurugiro-ikuskaritza edo ekoauditoriak buru zitezela eskatu zuen.
Beraz, enpresa desberdinetan ikuskaritza-lanari ekin zitzaion bakoitzaren egoera zein zen zehazki jakitearren: ekoizpen-prozesua, erabilitako lehengaiak, agortutako materialak eta sortutako hondakinen ezaugarriak eta nondik-norakoak aztertu ziren. Ikuskaritzak eskainitako datuok hondakinak eta industri emisioak sorburuan minimizatzeko neurriak aztertzeko eta Hondakinen Minimizazio eta Kudeaketa Plana idazteko erabili ziren. IHOBEk idatzi eta koordinatutako plan honek LIFE egitarauaren 1994ko deialdiaren dirulaguntza jaso zuen.
Bestalde, hedatuta ez dauden teknologia berriak saiatzeko aukera ere eskaini zuen. Ikertutako teknologien artean badira interes handiko zenbait, hala nola, emisio galvanikoen metala gatzetan edo metaletan berreskuratzekoa edo hondakin organikoen tratamendurako land-farming deiturikoa.
Planak bi arlo desberdin lantzen ditu: hondakinen minimizazioa, batetik, eta hondakinen kudeaketa, bestetik.
Hiru fase bereizi dira hondakinen minimizazioa lortzeko plangintzan: lehendabizi, hondakinak murrizteko eta hain arriskutsuak ez izateko zer egin daitekeen ikusi; ondoren, neurriak hartu eta industrietan txertatu eta, azkenik, ezarritako hobekuntzak kontrolatu eta jarraipena egin. Ekoizpen-prozesuko atal bakoitza aztertzeko, deskoipeztaketa, desugerketa edota estaldura galvaniko eta mekanizatuan adituak direnen laguntza eta iritzia jaso da. Enpresetako zuzendari eta teknikarien laguntza estua ere beharrezkoa izan da lana ongi burutzeko.
Guztira, Gernika aldeko 4 udalerritako (Gernika, Forua, Muxika eta Ajangiz-eko) 17 enpresek hartu dute parte planean: armagintzakoak, zurezko konglomeratuak fabrikatzen dituztenak, altzairu herdoilgaitzeko tresneria ekoizten dutenak, akabera desberdinekin (pintaketa, kromoztaketa...) dihardutenak, makina elektrikoen fabrikazioan dabiltzanak, tratamendu termikoak egiten dituztenak, etab. Enpresa horietariko ia guztiek erabaki zuten ikuskaritzaren ondorengo gomendioei kasu egitea eta prebentzio-neurriak, teknologia berriak edota ekoizpen-era berriak ezartzen hastea.
Hitzok gauza handien adierazpena direla dirudien arren, industrietan egin diren aldaketak gehiago daude praktika zintzoetan oinarrituta teknologia berrien ezarpenean baino. Beraz, diskrezioz txalotu behar dira hondakinen murrizketan eginiko lorpenak.
Urdaibaiko Planak Urdaibaiko hegoaldeko industrietan hondakinen kudeaketa egokia lortzeko egitasmoa ere garatzen du. Kudeaketa burutzeko hiru esparru nagusi lantzen dira: gaikako bilketa, metaketa-parkeak eta esperientzia pilotuak. Hondakinak trataezin bihurtzen dira mota desberdinak elkarrekin nahasten direnean. Horregatik, enpresa bakoitzean gaikako bilketa egiteko plangintza diseinatzen da. Halaber, produkzio-zonetatik kanpo kokatuta dauden metaketa-parkeak diseinatzen dira. Parke hauek hondakin-kudeatzailea bila etorri bitartean hondakinak behar bezalako baldintzetan gordeta edukitzeko funtzioa dute. Horrela, hondakinak elkarrengandik ongi bereizita metatzea eta poluitzaileak ez isurtzea bermatzen da. Azkenik, zenbait hondakin tratatzeko esperientzia pilotuak martxan ipintzen dira; esaterako, koipeak, zerrautsak, zapi olioztatuak eta gisako gai organikoak tratatzeko metodo biologiko “biguna” probatzen da.
Une honetan lantegi eta enpresetan eginiko berrikuntzen eta ezarritako teknologien ondorioak aztertzen ari dira. Datuok 1992ko egoerarekin alderatuko dira —hots, ikuskaritza edo auditoriak egin ziren uneko datuekin— eta ondorio batzuk ere aterako dira. Hortik aurrerakoak ez dituzte proiektuaren koordinatzaileek aurreratu nahi izan. Aitzitik, ondorio globalak eta interesgarri izan diren zenbait esperientzia indibidual aditzera emango dituen monografiko bat argitaratuko dutela agintzen digute IHOBEkoek.
Oro har, arrakasta partziala izan dela aitortzen dute, neurri batzuk ezartzea lortu baita nahiz eta beste batzuk, oztopo ekonomiko edota teknikoak direla medio, bertan behera gelditu. Badirudi arrakasta handiena enpresarien ingurunearekiko kontzientzi aldaketak ekarri duela: hasieran enpresek ingurugiroarekiko inolako begiramenik ez zuten; gaur egun, ordea, beren eguneroko egitasmoetan gogoan duten faktore garrantzitsu bihurtzen ari da. Bada zerbait bidea egiten hasteko, baina nahikoa izango ote da Urdaibaiko poluzio-arazo larriak konpontzeko?