Proiektuari CellCulture izena eman zaio, zelula-kultura euskarara itzulita. Artistek zientzialariekin elkarlanean aritzeko interes handia islatzen du tailerrak. Besteak beste, parte-hartzaileek mota askotako ikerketa-zentroetako eguneroko lana ikusteko aukera izango dute, han jasotakoa proiektu berriak sortzeko edo, gutxienez, proiektu zaharretan txertatzeko materiala izango da.
Artisten kezka, ordea, ez da horretan geratzen. Arteak zientzian duen eragina, eta alderantziz, ere aztertu nahi dute. Tailerren programan sarrera gisa eskaintzen den paragrafoa oso adierazgarria da: “2000ko apirilean untxi berde bat jaio zen Frantzian. Eduardo Kac izan zen ugaztun bat genetikoki eraldatzen duen lehenengo artista. Untxia Paris inguruko laborategi batean dago orain. Baina zer esanahi dauka untxi horren jaiotzak komunitate artistikoarentzat?”
Artisten azken belaunaldien helburua euskarri berriak ikertzea izan da. Baina hori ez da soilik gaurko artearen ezaugarria. Historian zehar, artistak espresiobiderik berrienak erabiltzen saiatu dira eta horrek askotan zientziaren esparruarekin zerikusia izaten du. Garaian garaikoa, artistek eskuragarri zuten teknologia egokitu dute beti obra-mota berriak sortzeko.
Neurri batean, artistak ikertzaile bihurtu dira, jatorrizko materialak hobetzeko bederen. Esate baterako, margolariek mota guztietako disolbatzaileak probatu zituzten pintura maneiatzeko. Olioaren teknikaren garapenak, adibidez, ate berriak ireki zizkion XV. mendearen erdialdean pintura flandestarrari eta, oso teknika egokia zenez, oso azkar zabaldu zen munduan.
Gaurko gizartea zientzian oinarritutakoa da eta aurreko garaietan baino sendoagoa da zientziaren eta teknologiaren arteko lotura. Egoera horrek zientziaren iraultza suposatu duten esparruetara bultzatu ditu artistak, genetikara eta adimen artifizialera, batez ere.
CellCulture tailerra ez da Artelekuk antolatzen duen lehenengoa. Erakundeko kideek 1987. urtean hasi ziren horrelako jarduerak antolatzen. Hasierako tailerretan diziplina bakarra lantzen bazen ere (adibidez, serigrafia/litografia tailerrak), orain artearen esparru guztietara zabaltzen diren proposamen teorikoetatik abiatzen dira. Gai baten inguruan gara daitezkeen hainbat ekitalditan hartzen dute parte. Esate baterako, 1995. urtean, hirurogeiko hamarkadako arte kontzeptuala lantzeko Colisiones tailerra antolatu zuten.
Artelekuko aurtengo tailerraren zuzendaria, 1996. urtekoan partaide izandako Cecilia Andersson argazkilari suediarra da. Andersson, argazkigintzan aritzeaz gain, hainbat lankidetza egiten ditu, adibidez, Nu arte-aldizkari eskandinaviarrean, Tema Celeste italiarrean, Katalog suediarrean eta Suediako hainbat egunkaritan. Artelekuk argitaratzen duen Zehar aldizkarian, Andersson kolaboratzaile berezia izango da udako zenbakian. Tailerraren izenbururako CellCulture aukeratu du, izenak zehaztasun handiz adierazten duelako helburua.
Hamar partaide elkartu dira Donostian, hemengoak batzuk eta Katalunia, Erresuma Batua, Alemania, Estatu Batuak eta Ukrainakoak besteak. Zaila dena lortu da, zientzian interesa duten artistak toki berean elkartzea, alegia, zaletasun hori ez baita oso ugaria artearen esparruan.
Tailerrak hainbat ekitaldi-mota izango ditu: partaideentzat antolatutako bisitaldiak, zientziaren eta artearen arteko erlazioaren esparruko artista ospetsuen hitzaldiak eta film-erakusketak. Partaideak, gainera, Donostiako hirian dauden ikerketa-zentro batzuetan egoteko aukera izango dute. Bertan, zientzialarien eguneroko lana aztertu eta bururatzen zaizkien proiektuetan berrikuntzak egin ditzakete.
Film-erakusketak bi taldetan sailkatuta daude. Alde batetik, zientziak filmetan izan duen eragina aztertu nahi da zientzia-fikziozko filmen bitartez, oro har, horiek baitira gizarteak zientziatik jasotzen duenaren isla. Bost film emango dira, bakoitza bere garaiko ikuspuntuaren adierazgarria dena.
Beste aldetik, zine esperimentalarentzat lekua ere izango da. Erakustaldiari Zine Kalkulatua izenburua eman zaio. Egunero zortzi bat film labur aurkeztuko dira, gai berari buruzkoak denak.
Tailerren helburua ez da obrak egitea, baizik eta proiektuak garatzen laguntzea. Horrekin batera, zientzialariaren eta artistaren arteko lankidetzari buruzko hausnarketa sustatu nahi da. Artistek askotan azaldutako kezka da hori. Zertan lagun diezaioke zientziak arteari? Eta arteak zientziari?
Lehen galderari erraz erantzun dakioke. Arteak zientziatik eta teknologiatik jasotzen ditu ideiak adierazi ahal izateko euskarri asko. Artisten ideia berriak ere zientzian oinarritutakoak izan daitezke. Bigarren galdera, ordea, ez da hain erraz erantzuten.
Zientzialariak arteaz goza dezake. Baina ez da hori eskatzen den gogoeta. Zer jasotzen du zientziak berak artearekin batera egindako lanetik? Artistek eta zientzialariek filosofia ezberdinekin egiten dute lan eta hori izan daiteke lehen puntu garrantzitsua. Problema bat aurrez aurre hartzean, askotan zientzialariek ez dute orokorra dena ikusten. Ikuspuntu berriak ikerketarako oso lagungarriak suertatzen dira.
Baina, dudarik gabe, artea zientziaren hedapenerako tresna ezin hobea izan daiteke. Azken batean, kontzeptuak grafikoki hobeto azaltzen dira formula eta testu hutsarekin baino. Artea, gainera, gizartetik gertuago dago zientzia bera baino. Hori har daiteke artearen ekarpen nagusitzat sinbiosi horretan eta, batez ere, zientziaren dibulgatzaileok arteari ateak ireki beharko genizkioke.