Arketipoak: sistema konplexuetan askotan errepikatzen diren jokabideak

Egoera konplexuetan erabaki egokiak hartzea ez da erraza izaten. Batzuetan intuizioz jokatuta, beste batzuetan arrazoituta, bat-bateko sentimenduek bultzatuta… bizitza honetan hainbat erabaki hartu behar izaten da. Erabakiak hartze hori arte edo abilezia pertsonaltzat dute batzuek, baina zientzia ere bihur daiteke. Sistemen Dinamikak, adibidez, hori egin nahi du, eta egoera zailei aurre egiteko modeloak erabiltzea proposatzen du.

Modeloak sistema errealen abstrakzio sinplifikatuak dira. Gizakiak aspalditik erabili ditu modeloak aztertu dituen sistemak ulertzeko eta azaltzeko. Fisikan indarren portaera azaltzeko, elektrizitatean Ohm-en legea ikasteko, kimikan elektroiak zer diren ulertzeko… modeloak erabili izan dira. Benetako sistema edo sistema erreala aldatu gabe, modeloekin hainbat proba egin daiteke, "Zer gertatuko litzateke hau egingo bagenu…" erako galderak egin eta erantzun daitezke. Proba horietako bakoitzari politika deitzen zaio. Enpresen kudeaketan, adibidez, politika ezberdin ugari erabil daitezke: "Zer gertatuko litzateke marketing-kanpaina bortitza egingo bagenu?, Zer gertatuko litzateke langileen kopurua bikoiztuko bagenu?, Zer gertatuko litzateke salneurriak jaitsiko bagenitu?…". Horrelako galderei erantzuteko modeloak erabil daitezke.

Modeloak egiteko aldagai ugari har daiteke kontuan. Hor egoten da modeloen arazoetako bat: modelo horretan zer sartu eta zer ez. Dena den, artikulu honen helbururako, horrek ez du garrantzi handirik, askotan errepikatzen diren jokabideak izango baitira aztergai, arketipoak hain zuzen ere.

Arketipoak

Azter daitezkeen sistemak era askotakoak izan arren, arketipoen funtsezko helburua errepikatutako portaerak azaltzean datza. Batzuetan arazoa ez da konpontzen jatorria non duen aurkitzen ez delako. Arketipoek jokabideen azpian dauden egiturak azaldu eta sailkatzeko tresna erabilgarria osatzen dute.

Sistema erreal baten jokabidea aztertzean arketipo baten jokabidea dela ikus daiteke. Hau da arketipoa errealitatean aurkitzeko dagoen era bakarra: sistema erreal horren jokabideari behatzea. Arketipoaren jokabidea identifikatu ondoren, hurrengo lana aldagaiak eta horien arteko erlazioak aurkitzea izango da. Horrela sistema ulertu eta azaldu ahal izango da.

Orain arte zortzi arketipo aurkitu dira. Hemen lau besterik ez dira azalduko. Hemen aipatzen ez direnak hauek dira: Escalation, Limits to success, Shifting the burden eta Tragedy of the commons.

Arazoak finkatzea (Fixes that fail)

Arazo bat azaltzen denean, ustez arazo hori konponduko duen konponbidea asmatzen da. Arazoak epe laburrean onera egiten du eta konponbidea onartu egiten da, lortutako emaitza on horietan oinarrituz. Dena den, konponbide horrek baditu epe luzeagora arazoa indartzen duten ondorioak eta orain, berriz ere, lehen erabilitako konponbide bera ematen bazaio, lehen lortutako hobekuntza txiki berbera lortuko da epe motzean; luzarora arazoa handiagotu egingo da, ordea.

Jokabide honen adibide anitz aurki daitezke: hotsa darion errodamenduari ura botatzen bazaio, hasieran hotsa isildu eta konpondu egin dela ematen du, baina handik denboraldi batera ateratzen zuena baino hots handiagoa aterako du. Drogekiko mendekotasuna duen pertsonak drogak hartuta epe laburrerako konpontzen du bere arazoa, etorkizunerako mendekotasun hori handituz, ostera. Gizaki bati edo talde bati zigorra ezarrita, hurbileko helburua bete ahal izango da batzuetan, baina luzarorako desadostasuna handitu egingo da, apika. Enpresan diru-gastuak murrizten direnean, langileak kanporatuta, gastuak jaitsi eta enpresa horren ekonomia hobe daiteke une batez, baina gutxiagoren artean lan berdina eginda kalitatea jaitsi eta bezeroak galtzen badira, etorkizuneko diru-sarrerak gehiago murritz daitezke.

Edozein konponbide asmatzean, epe motzerako eta luzerako ondorioak kontrajarriak izan daitezkeela kontuan hartzen ez bada, epe motzerako ondorioak aztertuta onerako dirudien irtenbidea, oso kaltegarria gerta daiteke. Horren guztiaren ondorioa honakoa da: txarrera zihoan egoerari konponbidea eman ondoren zerbait hobetu eta, berriz, txarrerantz jotzen badu, kontu handia eduki behar dela ona zirudien konponbide horrekin.

Onena hobetuz (Success to the successful)

Inoiz bi eginkizunen artean denbora, dirua edota beste edozein baliabide nola banatu behar den aztertzen bada, errentagarritasun handiena duenari gehiago ematea ez da harritzekoa izango. Gehien eskaintzen duenari gehiago emanez, hobeagotzen jarraituko du eta, gutxiago itzultzen duenari gutxiago emanez, ostera, gero eta gutxiago itzultzea lortuko da. Bakoitzak zer itzuli duen berriro aztertzean bakoitzari zenbat eman zitzaion oso kontuan hartzen ez bada, ateratako ondorioak bien arteko ezberdintasuna handiagotzen lagunduko du.

Familia batean ikasketetan ongien doan senideari asko laguntzen bazaio eta besteei ez, ondo zihoan horrek aldea handitzeko aukera gehiago izango du. Bi programa informatikoren artean aukeratu behar denean, bat aukeratu eta ondo ikasten bada, bertsio berrien aurrean ondo ezagutzen dena errazagoa eta boteretsuagoa irudituko da, eta programa aldatzea gero eta zailagoa gertatuko da. Bi produktu ekoitzi eta bietako batekin emaitza hobeak lortzen badira, marketinga, ekoizketa, ikerketa, etab. produktu errentagarrienari egingo zaizkio eta bien arteko aldea gero eta nabariagoa izango da.

Horrelako jokabidea ongien azaltzen duena "Nik esaten nuen moduan gertatu da" esaera da. Batzuetan, lortuko diren emaitzak esperimentua egin aurretik ezagutu nahi dira. Esperientziatik ez da ikasten, batek uste zuena egiazkoa dela erakutsi nahi da eta horretarako ez da esperimentu edo neurketa garbia egiten, ohartu gabe bada ere. Atera daitekeen beste ondorio bat honakoa da: une bakoitzean hartutako erabakietan lehendik hartutakoek eragina izan dezakete. Horregatik, une batean egindako aldaketak edo erabaki batek eragin handiak izan ditzake etorkizunean.

Helburuen higadura (Drifting the goals)

Antolakuntza-era bat aurretik ezarritako helburuetara ailegatzeko gai ez denean, errazagoa gerta daiteke helburuak aldatzea, ez ailegatze horren arrazoi sakonak aztertzea baino.

Gehienetan horren arrazoia pazientzia-eza da. Aurretik proposatutako helburu haiek lortezinak direla berehala erabaki daiteke, hurbilago dauden beste helburu batzuk aurkeztuta. Horrela errealitatea helburuetara hurbiltzen saiatu ordez, errealitateak

helburuetatik tira egiten du, eta etenik gabeko txartze-prozesuan murgiltzen da.
Emaitzarik gabeko denboraldi baten ondoren, kirol-talde batek errazago eskura ditzakeen helburuak finkatzen ditu, gehiago entrenatu eta epe luzeagoan helburu garaiagoak eskuratzen saiatu ordez. Enpresan ekoizpen-prozesuen aldaketak oso mantso antola daitezke, epe laburrera lan gehiago baina epe luzera emaitza hobeak ere izango lituzkeen aldaketa sakonagoan sartu gabe. Bazkaria prestatu ordez, aurretik prestatua dagoen zerbait mikrouhin-labean sartu eta jaten bada, gero eta okerragoak diren jakiak irensteko gaitasuna garatzen da. Gurasoek seme-alabek edonon uzten zituzten trasteak jasoarazten zizkieten, baina ez eztabaidatzearren zapatak gordetzen hasi zitzaizkien, gero berokia, aterkia… gurasoek dena gorde behar izan zieten arte.

Arketipo honetan azaldutako helburu-mailen jaiste hori oso mantsoki gertatu ohi da, ia konturatu gabe, eztabaidaezina den zerbait bailitzan. Fenomeno horri igelaren paradoxa deitzen zaio. Igela, irakiten ari den uretara botatzen bada, berehala egiten du salto kanpora, baina, aldiz, ur hotzetara botatzen bada eta ur hori astiro-astiro berotzen bada, igela ez da tenperatura-aldaketa hori nabaritzeko gai eta kiskalita hiltzen da.

Inbertsio txikiko hazkuntza (Growth and underinvestment)

Hazten ari den sistemak hazteari uzten badio, gehienetan prozesu horren etetearen arrazoiak kanpoan bilatu ohi dira. Sistemen Dinamikarekin lan egin dutenek argi daukate sistemen jokabideen arrazoiak ia beti egituretan egoten direla.

Sortzen diren enpresa berri askok gauzak oso ondo egiten dituzte hasieran, gero halako tamaina batera ailegatutakoan hazten jarraitzeari beldurra hartzen diote, merkatua gailurrera heldu delakoan edo. Orduan, jasotzen dituzten eskakizunen kopuruak handitzen jarraitzen badu, enpresa horrek eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea murritz daiteke. Ahalmena handitzeko erabakia hartzen denetik emaitzak lortzen diren arteko epean bezeroak gal daitezke, ez merkatuko arrazoi hutsengatik, hori ere egia izan badaiteke ere, eskainitako zerbitzuaren kalitate-beherakadagatik baizik. Hazi eta ondorengo boladan, ahalmena eskakizunei erantzuteko nahikoa denez, kalitatearen gorakadak bezeroak berreskura ditzake batzuetan, beste hazkuntza bat beharrezkoa izan arte.

Atera behar den ondorioa honakoa da: sistemak berak mugatzen duela bere burua, ez kanpoko baldintza hutsek.

Ondorioak

Diagrama kausalez osatutako modeloak erabiltzea sistema konplexuak ulertzeko lehenbiziko urratsa da. Norabide horretan aurrera jarraitu ahal izateko arketipoak landu daitezke. Hori eginda egoera konplexuen osagai sinpleagoak azaltzea lor daiteke, horrela erabaki zuzenak hartzeko aukera handiagoa izanik.

Giza talde batean hau guztia onartzen bada, ikuspegi bateratua lor daiteke. Horrela, edozein arazori aurre egitean talde horretako kideek lengoaia berbera erabiliko dute eta helburu berdinak izanik, gutxiago kostatuko zaie denek onartu eta ulertutako irtenbide bat aurkitzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila