Argiztapena eta konposizioa

Nogeras, Itziar

Elhuyar Fundazioa

Egunsentian ateratako argazkia.
J. Larrañaga

Sail honetako lehen artikuluan esandakora bueltatuz, kamerak, begiek ez bezala, ez du bisualki garrantzitsua dena eta ez dena bereizten. Argazkiak esanahia izan dezan, konposizioa eta argiztapenaren arauez (eta argazkilaritzaren teknikez) baliatu beharko dugu. Koxka koadroa gaiarekin betetzean dago. Eta gaia aukeratzea inguruko gauzetatik bereiztuz zerbaiti garrantzia ematea da. Orain arte 14 kapituluetan zehar aztertutako teknikei alderdi artistikoarekin zerikusi handiagoa duen konposizioa eta argiztapenaren oinarrizko arau batzuk erantsiko dizkiegu, gure emaitzetan ahalik eta kalitate onena lortu ahal izateko.

Argiaren norabidea

Argiztapenaren oinarrizko elementuak kalitatea eta norabidea dira. Norabideak objektuaren tankera eta forma aldatzen du, haren gainazal batzuk nabarmendu eta besteak ezabatu egiten ditu.

Bolumena eta ehundura gehien nabarmentzen duena zeharreko argiztapena da; aurrez aurreko argiztapenaz (kameraren atzekoaz), subjektuaren ehundura eta sakontasuna txikiagotu egiten dira; kontrargiak kontrastea areagotu, xehetasuna txikiagotu eta bolumenak ezabatuz, ziluetak sortzen ditu; eta gainerakoak (eguerdi parteko eguzki argiak) bolumenak ezabatu egiten ditu eta erretratuetan begi eta sudur azpian itzal oso nabarmenak sortzen ditu.

Ilunabarrean ateratako argazkia.
I. Nogeras

Orduak eta eguraldiak argiaren kalitatean eta norabidean zerikusi handia dute. Koloretako argazkilaritzan batez ere, eguzki-argiaren posizio eta altuerak subjektuan duen eragina oso kontutan hartzekoa da. Argi naturala egunean eta urtean zehar aldatu egiten da. Kolore-tenperatura eguzkiaren altuerarekin gradualki handiagotu egiten da. Hori dela eta, egunsentiko eta ilunabarreko argia gorriska izaten da; argia bi momentu horietan aldatzen da azkarren, gainera. Eguerdiko argietara egokituak datoz pelikulak.

Kontrargia.
I. Nogeras

Argiaren norabidea ere aldatu egiten da. Udan neguan baino arku zabalagoa osatzen du eguzkiak ateratzen den puntutik sartzen den punturaino. Hartara, udan, eguerdi partean batipat, argia askoz bertikalagoa da eta neguan argiaren angelua etzanagoa da.

Eguraldiak ere bere eragina du, giro epelenetan, atmosferako lurrinak eraginda, argia barreiatuagoa izaten da, eta hori batez ere egunsenti eta ilunabarreko orduetan nabaritzen da. Zeru urdinak itzal urdinskak sortzen ditu askotan.


Argiaren kalitatea: argi indartsua eta argi indargea

J. Larrañaga

Argiak girotzeko, zerbaiten baitan arreta erakartzeko, formak aldatzeko edota ehundura erreproduzitzeko balio du. Zenbaitetan, argi egokiena aukeratu ahal izaten da (ordu egokienaren zain egonik, adibidez); beste batzuetan, aldiz, dagoenarekin moldatu eta hari ahalik eta etekin handiena atera beharko diogu. Estudioan, aitzitik, kontrolpean egoten da argiztapena eta helburuaren arabera, modu batera ala bestera erabiltzen da.

Argi indartsuak itzal gogorrez definitutako ertzak ematen ditu eta kontraste handiko eta giro dramatikoko emaitzak sortzen ditu. Egokia da forma sinpleak dituzten gaietarako, kolore distiratsuetarako eta ehundura leunak erreproduzitzeko.

Indargeko argiaz itzalak ez dira ia nabaritzen (batzuetan batere ez), objektuaren forma osoa ikustarazten du eta argi eta itzalen arteko kontrastea murriztu egiten da, giro lasaiagoa eratuz (eskuinaldeko mutikoaren argazkian ikus daitekeenez). Egokia da gaikonplikatuetarako (itzalek nahastea sor lezaketen horietarako) eta ehundura zakarrak (enborraren argazkikoa bezalakoa) erreproduzitzeko.

Argi indartsua.
I. Nogeras

Argiaren kalitatea argi-iturriaren izpien norabideak erabakitzen du: izpiak norabide bakarretik etorrita (zeru garbiko eguzkitik edo flash bakarretik, adibidez) argi indartsua sortzen da; argia barreiatuz gero (hodeietan zehar edo gainazalen batean isladatuz, adibidez) norabide desberdinak hartzen dituzte izpiek eta indargea izaten da.


Enkoadrea: ikuspuntua

Kamera gehienek bisorea begi-mailan izaten dute eta ohizkoena ikuspuntu hori erabiltzea da. Ikuspuntua aldatuz, ordea, oso emaitza interesgarriak lor daitezke. Argazkiak goitik behera (basoaren argazkia), behetik gora (mendiarena) edo hurbil hurbiletik (neska eta haurraren argazkia) atera daitezke, esate baterako. Behetik gora ateratakoak dramatikoak izaten dira, behetik begiratuta tamaina eta indar-sentsazioa areagotu egiten baitira. Goitik beherako ikuspuntuak behatzailea eszena nagusitasunez begiratzera eramaten duenez, objektuen altuera txikiagotu egiten da eta askotan, lasaitasun-sentsasioa nagusitzen da.

Argi indargea.
I. Nogeras

Distantzia aldatzea ere baliabide erabilgarria da. Barruko ikuskera lortu ahal izateko, adibidez, objektura hurbildu egin behar da, berorrekin lauki osoa betez. Era horretara, irudia sinplifikatu egiten da, subjektua ingurunetik kanpo uzten delarik. Distantzia handiagotuz, gaia ingurunean sartzen dugu, hau da, garrantzi txikiagoko beste interesgune batzuekin erlazionatzen dugu. Distantziaren bidez perspektiba eta distantzia nabarmentzeko elementuak sar daitezke.

Enkoadrea: formatua

I. Nogeras

Argazkien formatuak laukizuzenak zein karratuak izan daitezke. Hedatuena 24x36 mm-ko laukizuzena da (35 mm-ko formatua, alegia). Eremu horrek mugatuta, argazkia non eta nola moztu erabakitzea geratzen zaigu guri. Formatu hori horizontalki ala bertikalki erabiltzeko aukera dago; adibideetan ikus daitekeenez, konposizioan eragin handia dauka horrek. Formatu horizontalak (edo paisajeetarako formatuak) lasaitasun- eta espazio-sentsazioa sortzen du. Bertikalak (edo erretratuetarakoak), berriz, indarra isladatzen du.

Konposizioa: “herenen araua”

I. Nogeras

Irudiko elementuak nola antolatzen diren edota elementu nagusia koadroan non kokatzen den eragin handia dauka konposizioaren orekan. Argazkilari askok interesgunea laukiaren herenen batean kokatzen dute; hori eskuineko hiru argazkietan (mendia, haurrak eta hiria) ikus daiteke. “Herenen arauaren” bidez irudiko elementuak orekatzea lortzen da. Arau hori oso baliagarria izaten da askotan eta abiapuntutzat hartzea lagungarri izaten da, baina horrek ez du esan nahi estu-estu lotu behar gatzaizkionik, arau guztiak bezala hautsi ahal izateko sortua izan baita. Objektua erdian kokatuz ere emaitza politak lor daitezke (ikus lorearen argazkia).

J. Larrañaga

Irudia girotu edo orekatzeko beste modu bat (paisajeetan, adibidez) objektu nagusiaren aurrean hura enmarkatuko duen zerbait jartzea da (zuhaitz, animalia, arroka edo antzekoren bat). Anboto mendiaren argazkian (goitik hasita bigarrena) hori eskuineko aurrealdean (eskuinaldeko behealdeko herenean, hain zuzen) dagoen zuhaiskaren bidez egin da.

Formatu bertikala
J. Larrañaga
Formatu horizontala
J. Larrañaga
J. Larrañaga
I. Nogeras
I. Nogeras
I. Nogeras
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila