Antxoa gazteen bila

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Azken bi urteetan arrantzaleek ez dute ia antxoarik harrapatu, eta baliabide horren kudeaketaren inguruan hainbat eztabaida izan da. Itsasoan zenbat antxoa dagoen jakitea ezinbestekoa da kudeaketarako, eta, hori kalkulatzeko, AZTI-Tecnaliako ikertzaileak antxoa gazteen bila atera ziren, beste behin ere, iazko udazkenean.
Antxoa gazteen bila
2007/02/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: AZTI-Tecnalia)

JUVENA06 kanpaina zientifikoa 2006ko irailean eta urrian egin zuen AZTI- Tecnaliak. Kanpaina haren emaitzen arabera, aurreko udaberrian jaiotako antxoen kopurua txikiegia zen populazioa suspertzeko. Beraz, antxoaren arrantzak arriskuan jarraitzen du.

2003az geroztik urtero egin dituzte JUVENA kanpainak udazken-hasieran, Bizkaiko Golkoko antxoa gazteen populazioa neurtzeko helburuarekin. Kanpaina akustikoak dira, hau da, zunda akustikoak edo ekozundak erabiliz kalkulatzen dute zenbat antxoa gazte dagoen.

Udazkeneko kanpaina bi itsasontzirekin egin zuten: Emma Bardan itsasontzi ozeanografikoarekin eta Itsas Lagunak arrantza-ontziarekin. Bi ontziak ekozunda zientifikoekin horniturik zeuden. Lehenak arraste-sare pelagikoen bidez arrantzatzen du, eta bigarrenak, Kantauriko arrantzaleen gisara, ingurasarearekin.

Bi itsasontzi horiekin golko osoan aztertu dute antxoa gazteen presentzia. Laginketa egiteko, garai horretan antxoa gazteak non espero diren hartzen da kontuan, eta banaketa-azaleraren mendebaldeko eta iparraldeko mugak aurkitzen saiatzen dira. Aurreko ikerketa batzuen arabera, garai horretan antxoa gazteak golkoaren alde ozeanikotik kostalderantz mugitzen dira, kontinente-ezponda zeharkatuz Kantauriko eta Frantziako kostatarantz.

Golkoa arakatuz

Laginketa kostekiko perpendikularrak diren trantsektuetan egiten da. Trantsektuen artean 15 itsas milia daude, eta gutxienez 2.000 m-ko sakonerako puntura arte luzatzen dira. Puntu horretan, oraindik antxoaren presentzia detektatuz gero, ordea, aurrera jarraitzen da, antxoarik gabeko 3 itsas milia egin arte.

Ekograma honetan, arrain-sarda bati dagokion ekotraza bat ikus daiteke.
AZTI-Tecnalia

Ekozundek detektatutako energia akustikoa ekogramen bidez ikusten da. Ekograma horietan osatzen diren irudiei ekotraza deitzen zaie, eta daukaten itxura edo egituraren arabera arrainei dagokien energia desberdin daiteke. Gero, egindako arrantzetatik lortutako informazioaren arabera, energia hori zein espezieri eta zer neurritako aleei dagokien kalkulatzen da.

Trantsektu bakoitzean, lehenengo ekotrazak agertzen direnean, botaldi bat egiten da, eta hortik aurrera, ekotrazen egituran aldaketaren bat nabaritzen den bakoitzean, berriz arrantzatzen da. Arrantzatutakoa espezieka sailkatu eta espezie bakoitzeko zorizko lagin bateko aleak neurtzen dira. Antxoaren kasuan, lagina izoztu eta aurrerago, laborategian, pisatu eta adina kalkulatzen zaie.

Laginketa egunez egiten da, edo gehienez ere, ordu pare batez luzatzen da ilundu ondoren. Izan ere, antxoa gazteak sarda trinkoak osatuz agertzen dira egunean zehar, baina gauean sakabanatu egiten dira, eta zaila izaten da plankton-geruzen artean identifikatzea.

Kanpainaren emaitzen arabera, 2006ko udazkenean antxoa gazteen banaketa oso kostakoa izan zen, oro har. 50 m-tik beherako sakonerako uretan aurkitu zuten populazioaren parte handi bat, bereziki golkoaren hegoaldean. Aurreko urteetan hegoaldeko antxoak ezponda inguruan agertzen ziren. Iparraldean, aldiz, banaketa zabalagoa izan zen, eta antxoa helduarekin nahasirik agertu zen. Kantitateari dagokionez, 2005ean baino % 50 antxoa gutxiago zegoen, eta 2003an baino % 30 gutxiago.

JUVENA kanpainen azken helburua da antxoa gazteen ugaritasun-indizearen eta hurrengo urteko helduen ugaritasunaren arteko erlazioa ezartzea. Oraingoz, erlazio horren hiru puntu baino ez daude: 2003ko udazkena-2004ko udaberria, 2004ko udazkena-2005eko udaberria eta 2005eko udazkena-2006ko udaberria. Hurrengo puntua 2007ko udaberriko kanpaina egindakoan ezarriko da, baina, oraingoz, seriea motzegia da iragarpenak egiteko, eta balio orientagarria baino ez du.

Gakoa, kudeaketan

Itsas Lagunak arrantza-ontziak ingurusarearekin egiten ditu harrapaketak.
AZTI-Tecnalia

Antxoaren biologiaz dakigunaren arabera, oso espezie kaltebera da, eta gorabehera handiak izaten ditu urte batetik bestera; izan ere, bizitza laburra du (3 urte), heriotza-tasa altua (bai naturala, bai arrantzak eragina) eta helduen biomasak generazio berrien ugaritasunarekiko mendekotasun handia du; horrek guztiak baliabidearen krisi larriak eragin ditzake. Azti-Tecnaliako ikertzaileen iritziz, antxoaren suspertzea bermatzeko, irizpide zientifikoetan oinarrituriko kudeaketa egokia egiteko lan egin behar dute administrazioek eta sektoreak berak.

JUVENA kanpainako datuek balio orientagarria baino ez badute ere, Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluak (ICES) eman eta Europako Batzordeko arrantzaren batzorde zientifiko, tekniko eta ekonomikoak (STECF) onarturiko gomendioa berresten dute. Gomendio horren arabera, arrantza debekatzea komeni da ugaltzaileen biomasa suspertzeko beharrezkoa den erreklutamendua baieztatu arte.

Europako Ministroen Kontseiluak, hala ere, ez zuen antxoaren arrantza debekatzeko erabakirik hartu 2006ko abenduan; horren ordez, arrantza esperimentala proposatu zuen. Hau da, Frantziako 8 arrantza-ontzi eta Kantauriko 20, zientzialariak berekin dituztela, aterako dira arrantzara datorren udaberrian.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
3
228
2007
2
036
Arrantza
Artikulua
30
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila