Eta bai, datua ere zuzena da. FAOk berak nabarmendu du, gainera. Baina datuaren atzean FAOren txosten sakon bat dago, Livestock's long shadow izenekoa, edo, gutxi gorabehera, gizakiak jateko hazten dituen animalien itzal luzea. Eta hor azaltzen dute, besteak beste, zergatik ondorioztatu duten berotegi-efektuan ganaduak trafikoak baino gehiago eragiten duela.
Erabili duten metodologian, animalia-jatorriko elikagaia lortzeko kate osoan sortzen diren gas-isuriak batu dituzte. Hasteko, kontuan hartu dute pentsuak ekoiztean isuritakoa, eta hor sartu dituzte ongarri kimikoen ekoizpena, larreak eta soroak sortzeko baso-soiltzea, eta larreen degradazioa. Gero, abere-hazkundeak berak isuritakoa gehitu dute, aintzat hartuz bai abereen hesteetan sortzen diren gasak bai gorotzak askatutako oxido nitrosoa. Azkenik, animalia-jatorriko produktuak egitean eta garraiatzean sortzen diren isuriak ere batu dituzte.
Baturaren emaitza: berotegi-efektua eragiten duten gas-isurien % 18aren erantzulea da abeltzaintzaren sektorea. Eta, FAOren arabera, hori baino gutxiago sortzen du garraioak guztira. Zehazki, giza jarduerek sortutako karbono dioxidoaren % 9 sortzen du abeltzaintzak, eta berotegi-efektuan karbono dioxidoak baino gehiago eragiten duten beste gasak are proportzio handiagoan sortzen ditu.
Gas horiek metanoa eta oxido nitrosoa dira. Lehenak karbono dioxidoak baino 23 aldiz eragin handiagoa du berotegi-efektuan, eta oxido nitrosoak, berriz, 296 aldiz handiagoa. Eta ganaduak metano eta oxido nitroso asko sortzen du. FAOk kalkulatu duenez, ganaduaren hesteetan giza jardueretan askatutako metanoaren % 37 sortzen da. Ganadua da, baita ere, oxido nitrosoaren % 65aren jatorria, gehiena gorotzek askatuta.
Hori gutxi ez, eta giza jardueren bidezko amoniako-isurien bi herenen (% 64) sorburua ere bada abeltzaintza. Era berean, amoniakoak euri azidoan eta ekosistemak azidotzean ardura handia duela ere gogorarazi du FAOk.
Horrenbestez, hori da komunikabideetan zabaldu zen datu deigarri horren azalpena. Txostenean, dena den, beste datu jakingarri asko daude. Adibidez, atmosferan ez ezik, abere-hazkuntzak lurzoruan eta uretan nola eragiten duen aztertu dute.
Sektore guztietatik, abeltzaintza da lurzoru gehien hartzen duena. Larreek izotzik gabeko azalaren laurdena hartzen dute, eta bazka hazteko soroek, berriz, landatzeko egokia den lurraren herena. Hala, nekazaritzako lurren % 70 eta lurrazal guztiaren % 30 abereak hazteko erabiltzen du gizakiak.
Gainera, azkenaldiko joerari eutsiz gero, abeltzaintzak gero eta lur gehiago hartuko du. Izan ere, populazioaren hazkundeagatik eta jateko ohituren aldaketagatik, asko hazi da animalia-jatorriko produktuen eskaera. Horri erantzunez, sektoreak hazkunde handia eta azkarra izan du azken hamarkadetan, eta aurrerantzean ere halaxe jarraituko duela uste du FAOk: 2050erako, haragi- eta esne-ekoizpenak bikoiztu egingo direla iragarri du.
Dena dela, arazoa ez da bakarrik asko hazi dela sektorea, eta horrek ondorioak dituela ingurumenean. Arazoa da, baita ere, nola hazten ari den. Hain zuzen, aldaketa teknologikoak eta geografikoak gertatzen ari dira abere-hazkuntzan, eta horiek areagotu egiten dute jarduerak ingurumenean sortzen duen inpaktua.
Larreko abeltzaintzak oraindik leku handia badu ere, ukuiluko abeltzaintza intentsiboa nagusitzen ari da. Aldi berean, ekoizpena landa-eremutik hiri-inguruetara aldatzen ari da, eta gero eta gehiago hazten dira hazkunde azkarreko espezieak, hala nola txerriak eta oiloak.
Berez, ekoizpena intentsiboa izateak eta kontsumituko den lekutik hurbil ekoizteak lagundu egiten dute baliabideak eta hondakinak behar bezala kudeatzen. Baina, egiatan, ingurumenaren gaineko presioa areagotu egin da aldaketa horien ondorioz.
Uretan, adibidez, sekulako eragina du. FAOren arabera, abere-hazkuntza osotasunean hartuta da, ziur aski, ura gehien poluitzen duen jarduera. Eutrofizazioan, kostaldeko eremuen 'heriotzan', koralen degradazioan, antibiotikoekiko erresistentzian... arazo horietan guztietan, eragin handia du abere-hazkuntzak uretan eragiten duen poluzioak.
Poluzio horren jatorri nagusiak hauek dira: animalien gorotzak, zirinak eta beste hondakin organikoak, animaliak hazteko erabiltzen diren hormonak eta antibiotikoak, bazkarako landaketetan erabilitako pestizidak eta ongarriak, eta higatutako larreetako sedimentuak.
Bestalde, abeltzaintzaren eraginez, lurra trinkotu eta higatu egiten da, eta landare-estalkia galtzen da; ondorioz, ura ezin da iragazi. Hortaz, ur edangarria gutxitu egiten da lur azpian eta iturrietan, eta, gainera, uholdeak izateko arriskua handitzen da.
Azken urteotan lurrean, basoetan, ur edangarrian, atmosferan... galera handia izan den bezala, biodibertsitatean ere gertatu da. FAOren txostenean azaltzen denez, espezie-galera orain arte fosilen erregistroan ikusitakoa baino 50-500 aldiz handiagoa da. Ekosistema-zerbitzuei begiratuta, naturak gizakiari ematen dizkion onurei, alegia, 24 ekosistema-zerbitzu nagusietatik 15 gainbeheran doazela uste du.
Gizakiak jateko hazten dituen animaliek lur gaineko animalien % 20 inguru osatzen dute gaur egun, eta hartu berri duten lurren % 30 lehen animalia basatien bizilekua zen. Izatez, abere-hazkuntza biodibertsitate-galeraren eragile garrantzitsuenetakoa da FAOrentzat. Aurrez aipatutako faktoreez gain --basoen galera, lurraren higadura, uraren eta atmosferaren poluzioa...-- biodibertsitate-galeran eragiten duten beste faktore batzuk ere azaldu ditu FAOk, hala nola espezie inbaditzaileak hedatzean duen ardura, eta baliabide berak erabiltzeko, abereen eta animalia basatien artean sortzen den lehia. Arrazoi horregatik, hainbat lekutan gatazkak sortzen dira abeltzainen eta kontserbazionisten artean.
Aurrerantzean abeltzaintzaren eta ingurumenaren arteko erlazioak nora joko duen jakiteko, bi eskaeraren arteko sokatiran zer gertatzen den ikusi beharko da. Sokaren mutur batean animalia-jatorriko produktuen eskaera dago, eta beste muturrean, berriz, ingurumen-zerbitzuena.
Baliabide naturalak mugatuak direla kontuan hartuta, gakoa baliabideak hobeto ustiatzean dagoela uste du FAOk. Hala, ustiapenean eraginkortasuna handitzeko hainbat hobekuntza tekniko proposatzen ditu.
Hala eta guztiz ere, abere-hazkuntzan erabiltzen diren lurra, ura eta janaria merkeegiak dira, eta prezioek ez dute islatzen benetan dagoen gabezia. Horren ondorioz, neurriz kanpo erabiltzen dira, eta ez da inolako ahaleginik egiten prozesuak eraginkorragoak izateko. Horregatik, txostenean azaltzen denez, ingurumena babesteko politiketan, prezio egokiak ezarri beharko litzaizkieke baliabide naturalei, prezioa balioaren pareko izan dadin.
Diru-laguntzen eta isunen politika egoki batek ere asko lagunduko luke baliabideak hobeto ustiatzen, eta prozesuen eraginkortasuna hobetzeko ahalegina egiten. Bukatzeko, kontsumitzaileek ere badutela zeresana iruditzen zaio FAOri. Izan ere, kontsumitzaileek ingurumenarekiko arduraz jokatzera bultza dezakete sektorea. Eta ez ingurumena zaintzeagatik bakarrik, beren buruagatik baizik.
Nonbait, dagoeneko ari da hazten ingurumen-zerbitzuen eskaera. FAOk iragartzen duenez, bilakaera bat gertatuko da eskaera horretan. Lehenik, epe motzeko interesak bultzatuta haziko da eskaera --eltxoak eta usain txarrak ez daitezen areagotu, adibidez--. Gero, ur eta aire garbia eskatuko dute kontsumitzaileek, eta, azkenean, gai orokor eta epe luzeagokoekin kezkatuko dira, hala nola klima-aldaketa eta biodibertsitate-galera.
FAOren ikuspegia zuzena bada, guztiok garenez kontsumitzaile, denok gara abere-hazkundeak ingurumenean duen itzalaren erantzule. Eta baita itzal hori txikitzearena ere.