1918ko pandemia: ehun urteko itzala, lausoagoa gaur

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Duela 13 urte, ikertzaile-talde batek Influenzavirus bat berpiztu zuen; zehazki, 1918ko gripe-pandemia eragin zuena. Batzuek bioterrorismoaren mamua haizatu zuten arren, helburua guztiz zientifikoa zen, noski: birusaren ahalmen hilgarriaren sekretua argitu nahi zuten, berriro halakoren bat gertatzea eragozteko. Ikerketa haren aurretik eta ondoren, beste hainbat egin dira, mundu osoan, helburu berarekin. Ez dute arriskua desagertzerik lortu, baina bai orduan baino apalagoa izatea.
1918ko-pandemia-ehun-urteko-itzala-lausoagoa-gaur
Arg. CDC

Iturri batzuen esanean, 1918ko gripe-pandemia edo espainiar gripea inoizko hilgarriena izan zen. Baliteke Erdi Aroko Izurri Beltzak baino pertsona gehiago hil izana (50-100 milioi aipatzen dute), baina, populazio osoa aintzat hartuta, Izurri Beltza hilgarriagoa izango zen, ehunekoetan. Edonola ere, mundu osoan zabaldu zen, Artikoan zein Ozeano Bareko uharteetan barne, eta geroztik igaro diren ehun urte hauetan ez da haren pareko pandemiarik izan.

Hain zuzen, ez zen izurria izan, pandemia baizik. Miren Basaras Ibarzabal mikrobiologoak garbi uzten du zein den bataren eta bestearen arteko aldea: “Sasoi jakin batean gripe-kasu asko azaltzen direnean, izurri deitzen zaio. Hori ohikoa da, eta urtero gertatzen da. Pandemia, berriz, mundu-mailako osasun-krisi bat da. Ezohikoa da eta planeta osoan infektatu-kopuru itzela agertzen denean izendatzen da”.

“1918an milioika pertsona kutsatu eta gaixotu ziren, eta haietako asko hil egin ziren. Zergarik gertatu zen hori? Bada birusaren aldakortasun handia dela eta”, dio, argi.

Azaldu duenez, gripearen birusak zortzi RNA-zati ditu, eta, haiek nola konbinatzen diren, sortzen dira birus-mota desberdinak. 1918an agertu zena zeharo berria zen gizakiontzat.

“Normalean, gripearen izurria iristen denean, ahulenak dira kaltetuenak : haurrak, adinekoak, immunoeskasiak dituztenak... Pertsona osasuntsuetan eta immunologia-sistema indartsua dutenengan ere eragiten du, baina, gaixotuta ere, gehienetan ez dira hiltzen. Pandemietan, zer gertatzen da? Denok gaudela babesgabe”. Izan ere, 1918an hedatu zen birusa hegaztietatik iritsi zen gizakiengana. Aurretik ere gertatu izan dira halako jauziak, baita ondoren ere. Ordukoak, baina, bestelako neurria hartu zuen.

1918ko pandemia eragin zuen birusa berpiztu zuten 2005ean. Irudian, birus haren argazki koloreztatua. ARG.: Sanofi Pasteur.

Hegaztietatik gizakiongana

Gripearen birus-motak antigeno nagusien arabera sailkatzen dira. Bi dira antigeno nagusiak: hemaglutinina (H) eta neurominidasa (N). Lehenengoak 18 mota ditu, eta bigarrenak, 11. Birusak hemaglutinina horietako bat eta neuraminidasa bat izaten ditu; horrenbestez, konbinazioak oso ugariak dira. Gainera, A motakoak edo B motakoak izan daitezke (C motakoak ere badaude, baina askoz ere gutxiago dira). “Badakigu birus horiek guztiak badaudela, baina denak ez dira gizakiarengana iritsi. Gehienak hegazti basatietan daude: ahateak, txoriak... Beste animalia batzuek ere badituzte, baina, batez ere, ahate basatiek. Eta animalia horietatik gizakietara jauzi egiteko arriskua dago”, ohartarazi du Basarasek.

“Gizakietara iristen bada hegaztien birus bat, hartzaileak lehendik ezagutzen ez zuena, arazo benetan larria sortzen da, ez baitu antigorputzik antigeno horien aurka”. Hori da, 1918an gertatu zena.

Aldiz, sasoiko izurriak gizakion ohiko birusen mutazioz gertatzen dira; sortu berriak ez dira aurrekoetatik hain desberdinak, eta jendeak badu nolabaiteko babesa. “Batzuetan, mutazioa ohi baino handiagoa izaten da; orduan, urte horretako gripea birulentoagoa izaten da”.

Sasoiko gripetik babesteko, txertoak egiten dira, sortutako azken birusetatik abiatuta. Hiru andui izaten dituzte: A motako H1N1 eta H3N2, eta B motako beste bat. Basarasen esanean, A motakoetan aldaketak handiagoak izaten dira B motakoetan baino, eta gehiengoa dira. “Zenbaiten ustez, txertoak lau andui izan beharko lituzke, babes handiagoa eskaintzeko; hala ere, normalean ematen dena hirukoa da, oraingoz”.

Miren Basaras Ibarzabal. EHUko irakaslea eta mikrobiologoa.

1918ko pandemia eragin zuena H1N1 motakoa zen. Garai hartan gizakientzat guztiz berria bazen ere, orain nahiko ohikoa da, eta urtero iristen da gugana. Tartean, birusaren beste aldaera batzuk ere iritsi dira, adibidez, 2009an zabaldu zena.

A gripea izenarekin egin zen ezagun, baina Basarasek zuzendu egin du: “A gripea gaizki esana dago. Gripea gaixotasuna da, eta hura sortu zuen birusa A motakoa zen, baina mota horretakoak dira gehienak. Hura H1N1 zen; ez betikoa, ordea, material genetikoaren zati batzuk animalietatik bereganatu baitzituen. Horregatik izan zen hain birulentoa, eta izurria pandemia bihurtzeko arriskua ere egon zen”.

Halakoak tartean behin gertatzen direla jakinarazi du. Arriskuari aurre hartzeko, begiraleak daude, eta haien ardura da gripe-kasuei jarraipena egitea, aldaera bereziki birulentoak sortzen badira, lehenbailehen detektatzeko eta neurriak hartzeko. Esate baterako, 2009an txertoak sortu zituzten.

Basarasek gogorarazi du leku batzuetan arrisku handiagoa dagoela birusak animalietatik gizakietara jauzi egiteko; adibidez, Asian: “Zergatik? Haztegietan, hurbiltasun handia dagoelako hegaztien eta pertsonen artean. Eta, adibidez, oilategietan isolatu dira H5, H7 eta H9 duten birusak. Horiek ez dira ohikoak gizakietan, eta eragin dituzte zenbait heriotza, haztegien langileen artean”.

Sarritan, birus horiek ez dira gehiago zabaltzen. Hain zuzen, pandemia gertatzeko, birusa gizakiontzat antigenikoki berria izateaz gain, beste baldintza bat ere izan behar du, ezinbestean: pertsona batetik bestera transmititzeko gai izatea, hau da, gizakion arteko transmisiora moldatzea. “Izan ere, gerta daiteke norbait animalia-jatorriko birus batekin kutsatzea, baina ez badu transmititzen, hor eteten da”.

Maila askotako neurriak

Basarasek begiraleak aipatu ditu, eta horiek dira lehen prebentzio-neurria. Nazioarteko erakundeek elkarrekin koordinatuta egiten dute zaintza-lan hori: Osasunaren Mundu Erakundea, AEBetako CDC (Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak)... “Sasoiko gripea azaltzen denean, lantalde horiek birusa identifikatu eta aztertzen dute ohikoa ote den ala ez. Gehienetan, ohikoa da eta ez du larritasun berezirik. Sasoitik kanpo eta leku jakinetan (hegazti-haztegietan, adibidez) agertzen diren birusak, ordea, askoz ere arriskutsuagoak izan daitezke, eta oso garrantzitsua da lehenbailehen identifikatzea eta ikustea zer motatakoa den eta zer hemaglutinina eta neuraminidasa dituen”.

Europan, 2016an gertatutakoa ekarri du gogora. Ahate basatiek sartutako birus batek, H5N8 motakoak, heriotza ugari eragin zituen hegazti-haztegietan. Ez zen gizakietara transmititu, baina milaka hegazti sakrifikatu behar izan zituzten, hedatzea eragozteko.

Gripearen birus gehienak hegazti basatietan daude, eta mundu osoan heda daitezke migratzean. ARG.: Nickolai Repnitskii/Shutterstock.com.

Zainketa-sistema zorrotza da, beraz, pandemiari aurre egiteko lehen hesia. Horrez gain, asko aurreratu da diagnostikoan. Birusa identifikatzeko metodo berriei esker, lehen baino askoz ere azkarrago jakiten dute zer motatakoa den agertutako birusa. “Zer birus den jakin bitartean, berrogeialdia ezartzen da. Hor arazorik handiena iturburua basatia denean sortzen da, naturan nekez har baitaitezke kontrol-neurri eraginkorrak”.

Birusa identifikatutakoan, eta hala behar denean, txertoa garatzea da pandemiari aurre hartzeko hurrengo pausoa. Tamalez, sasoiko txertoak ez du erabateko babesa ematen ohiko izurriaren aurrean, birusaren mutazio-ahalmenagatik, eta alferrikakoa da birusa berria bada. Edonola ere, birusa sasoikoa zein ezohikoa izan, hari aurre egiteko txertoa azkar egiteko modua dago gaur egun. Horren adibide izan zen 2009ko gripetik babesteko sortutakoa. Novartis farmazia-konpainiak garatu zuen, eta azkar lortu ahal izateko gako izan zen zelula-kulturetan ekoiztea, arrautzetan ekoitzi beharrean, hala egiten baita normalean.

Hala ere, Basarasek onartu du oraindik ez dagoela birus-mota guztien aurrean babesa emango duen txertorik, “eta ez dut uste epe laburrean lortuko denik”. Hori bai, duela ehun urte ez bezala, prebentzio-neurri horiek guztiak ez ezik, sendagaiak ere badaude, gaixoak tratatzeko”.

Normalean, gripeak jotakoan, sintomak tratatzeko botikak hartzen dira: sukarra jaisteko, buruko mina arintzeko… Gehienetan, ordea, ez dira antibirikoak hartzen, ez direlako ezinbestekoak, baina egon, badaude. “Ez dira perfektuak, erresistentzia sortzeko arriskua baitute, baina pandemia-arriskuan baliagarriak izan daitezke. Eta 1918an ez zuten horrelakorik”.

Antibiotikoak ere oso mugatuak ziren, eta, birusaren aurrean alferrikakoak diren arren, bigarren mailako infekzioak tratatzeko erabilgarriak dira. “Gripeak jotako gaixoek, ez badira ondo zaintzen, arrisku handia dute beste patogeno batzuk hartzeko, askotan, bakterioak. 1918an, bakterioek eragindako infekzioen ondorioz hil ziren gripearekin gaixotutako asko”.

Horrenbestez, gaur egun oraindik pandemia-arriskua badagoen arren, hari aurre egiteko neurriak garai hartan baino askoz ere ugariagoak eta zorrotzagoak dira. Hala ere, adituak erne egon behar dela ohartarazi dute.

Adibidez, Frontiers aldizkarian argitaratutako artikulu batean ( Back to the Future: Lessons Learned From the 1918 Influenza Pandemic ) gaur egun halako pandemia bat gertatzeko arriskua aztertu dute, eta birusa hedatzen lagunduko luketen gaur eragileak aipatu dituzte: klima-aldaketa (zeinak hegaztien migrazioari eragin diezaiokeen); osasun-faktoreak (malnutrizioa, tuberkulosia eta malaria, besteak beste); demografia… Hala, gertatuz gero, 21-147 milioi pertsona ere hilko liratekeela kalkulatu dute.

Basaras baikorra da, dena den: “Duela ehun urte baino askoz ere modu eraginkorragoan erantzun dezakegu orain”.

Pandemiaren eragina Euskal Herrian
Anton Erkoreka Barrena medikua, etnografoa eta medikuntzaren historialaria da, eta EHUren Medikuntza Historiaren Euskal Museoko Zuzendaria (EHU). Sakon aztertu du 1918ko pandemiaren eragina Euskal Herrian, eta hainbat artikulu ditu horren gainean, baita liburu bat ere, “Gripe espainiarraren pandemia Euskal Herrian 1918-1919 (La pandemia de gripe española en el País Vasco 1918-1919).
Erkorekaren ikerketen arabera, gripe-pandemiaren lehen agerraldia ez zen oso larria izan. 1918ko maiatzean iritsi zen penintsularen iparraldera, eta Bilbon, adibidez, mila biztanleko 0,2 heriotza baino ez zituen eragin. Pneumoniaz eta bronkopneumoniaz hildakoak gehituz gero, heriotza-tasa 0,6ra igotzen da.
Pandemiaren argazki historikoa. ARG.: Artxibokoa.
Udazkenean, ordea, askoz ere gogorrago jo zuen. Irailaren hasieran, euriarekin batera, bat-bateko agerraldi bat sortu zen Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan. Epizentroa Irun izan zen: Irungo biztanleen % 1 hil zen irailaren eta urriaren artea, arnas-aparatuko gaitzak edo gripea diagnostikatuta.
Handik, Euskal Herriko beste lekuetara hedatu zen. Lekuaren arabera, gogorrago edo arinago jo zuen. Hala, oro har, mila biztanletik 12 hil ziren gripearen eta arnas aparatuko gaitzen ondorioz. Hildakoen gehiengoa heldu gazteak ziren; Bilbon, esaterako, hildakoen % 54k 15-44 urte zituen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila