Google aukeratu baduzu, hauek izango dira, hurrenez hurren, lau aurrenak: EVEren web gune korporatiboa gaztelaniaz, portugesezko Wikipediako energia kontzeptuaren definizioa, Energia Network erakundearen ingelesezko gunea eta Energia jaurtigailu sobietarrari buruzko informazioa ingelesez.
Yahoo, Alexa edo beste bilatzaileren bat aukeratuta, antzeko emaitzak lortuko dituzu. Egin ezazu proba gogoko baduzu!
Kontua da zuk energiari buruzko lan bat egin nahi duzula. Horretarako informazioa bilatzen ari zara, eta, gainera, itzultzen ibili behar ez izateko, euskarazkoa gurago duzu.
Emaitzen orrialdeak arakatzen hasi zara. Dozena erdi bat pasatu dituzu honezkero, eta euskarazko emaitzen arrastorik ez. Ingelesezkoak, gaztelaniazkoak, portugesezkoak, katalanezkoak... ikusi dituzu, aitzitik. Zer egin? Orrialdeak pasatzen segitu? Tumatxa, hi! Horrelako lantegirik ez diat hartuko!
Eureka! Googlek ez al du, bada, bilaketa-hizkuntza aukeratzeko sistema bat? Bilaketa aurreratua botoian sakatu duzu. Erakutsi hizkuntza honetako orriak aukera ikusi duzu, eta, ondoan, lauki batean, edozein hizkuntza ageri da. Euskara hautatzerik egongo al da? Zabaldu aukera-zerrenda! Alemana, arabiera... ukrainera eta vietnamera. Euskararen arrastorik ez. Etsita, gaztelania aukeratu duzu. Wikipediako sarrera bigarren emaitza. Klik egin eta zeure burua itzultzaile bihurtzeko prestatzen hasi zara.
Ring-ring! Segapotoaren hotsa. Zure lagun hurkoaren mezua, "bgira au www.elebila.eu ". Zer ote? Helbidea tekleatu duzu. Orri garbi bat agertu zaizu, lauki bat erdi-erdian. ELEBILA euskarazko bilatzailea dio horren gainaldean. Energia pikatu duzu laukian eta return tekla ostean. Bilaketaren emaitzak ari zaizkizu pantailan agertzen. Harri eta zur gelditu zara. Emaitza guztiak euskarazkoak dira! Lehenengoa, gainera, Wikipediako energia sarrera. Hasperen egin duzu, zure burua salbatuta ikusi duzu eta.