Biltzarra mamitsua izan zen eta bertaratu ziren hogeita hamar bat biltzarkideek arrazoi sendoak eta puntu indartsuak entzuteko parada izan zuten. Eztabaida, gainera, aberatsa eta askoren artekoa izan zen. Lastima...! Bi lastima bota beharko genituzke bildutakoen jatorriari begiratuta. Kazetaririk edota kazetaritza-irakaslerik ez zen agertu. Halaber, euskal argitaletxeetako editoreen mentsa ere sumatu genuen. Ondorioz, negozioan gabiltzanok, zientzietako unibertsitateko irakasleak eta ikasleak (Madrildik etorrita baten bat) eta Iraleko irakasle batzuk. Merkatu eskasa eskainitako uzta oparoarentzat.
Gogoeta egin beharko genuke ea zergatik publiko objektiboaren zati bat baino ez den hurbildu eta zergatik ez dien Euskaldunon Egunkariak EIEk antolatutako beste ekimenei egiten dien jarraipenaren modukorik egin. Hipotesi moduan zera jaulki dezaket: zientzia ez dela kultura edo prosa zientifikoa ez dela prosa, batzuentzat bederen. Kasu horretan horiek egin beharko lukete gogoeta eta hausnarketa, erratuta dabiltzala iruditzen baitzait, pilota inoren teilatura botatzeko inongo intentziorik gabe.
Esan bezala, arrazoi sendoak bota ziren eta horietako batzuk ekarriko ditut hona. Jose Ramon Etxebarriak euskal prosa zientifikoaren historia modukoa egin zuen. Historiaurrea 1970. arte luzatu zuen eta benetako historia urte horretan hasi zela adierazi zuen. Unibertsitateko EKTetan izan zuen habia. Bi arrazoibide eman zituen: batetik, zientzia gaiak euskaraz tratatzeko lehen ahalegin kolektiboak izan zirela eta, bestetik, etenik ez dutela izan. Halaber, Euskal Herriko hainbat tokitan aldi berean sortu zela horren beharra azpimarratu zuen. Aurreko ahaleginek ez zituzten ezaugarri horiek Etxebarriaren aburuz. Kepa Altonagak bere dudak agertu zituen eztabaidan eta Eskualduna agerkarian idatzi zuten medikuek, Jean Etxepare barne, jardun kolektibo diakroniko bat ez ote zuten osatu galdera planteatu zuen.
Andoni Ibarrak jardun zientifiko disziplinartekoak planteatzen direnean argot edo kreolera zientifikoak sortzearen komenientziaz jardun zuen, komunikazio motz eta mamitsu baten bidez.
Pili Kaltzadak, komunikazio zientifikoaren hainbat ezaugarriri errepasoa egin ondoren, Zientzia Dibulgaziorako Euskal Zentroa sortzeko proposamena egin zuen. Zentro horrek Euskal Herriko zientzia- eta teknologia-ekoizpena gizarteratzeko ardura izango luke eta, nolabait, euskal zientzia eta teknologia hiritarren artean ezagutzera ematea izango luke helburu nagusia. Bere hitzetan 'errazago izaten dugu NASAren berri, hementxe Eibarren dagoen Teknikerren berri baino'.
Andoni Sagarnak Interneteko prosaren estiloa izan zuen mintzagai eta horren ezaugarri nagusiak azaldu zituen. Informazioa antolatzeko eta emateko modu berria behar dela esan zuen. Estilo hori egungo egunkarietan erabilitakotik gertuago egongo ei da informazioa antolatzeko ohizko manera sekuentzialetik baino.
Biltzarraren bukaeran baten batek ea Gould ekarri izanak ez ote zuen Biltzarra ospeldu galdetu zuen. Egia esan, Biltzarrak komunikabideetan izan duen oihartzun bakarra Gould-en hitzaldia izan da eta aurrekoa ondoriozta daiteke. Alabaina, nolako oihartzuna izango zukeen Gould etorri gabe? Bestetik, Gould oso pozik joan da Euskal Herrian egin dioten harreragatik; Ekaingo kobazuloan sartu da, Jesus Altuna gidari. Zalantzarik ez dut Gould euskaldunon propagandista ona izango dela aurreratzean, eta horrelakoak asko behar ditugu. Merezi izan duela uste dut.