Maddi Arzak Erzibengoa Biologoa

"Norbera bakarrik ez da inora ailegatzen"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

norbera-bakarrik-ez-da-inora-ailegatzen
Arg. Maddi Arzak

Maddi Arzaki etxetik datorkio zaletasuna. Aitortzen duenez, ama oso naturazalea du, eta mendira joaten zirenean, gustuko zuen naturari buruzko azalpenak ematea. Hori aintzat hartuta, ez da harritzekoa Biologia aukeratu izana unibertsitate-ikasketak egiteko garaian. "Ikasgaien artean botanika genuen, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Hortik abiatuta, gauza desberdinak ikusten eta ikasten joan naiz, laborategi batetik bestera pasatzen eta gustukoen dudana aukeratzen, eta horrela iritsi naiz larreak ikertzera, EHUren Landareen Biologia eta Ekologia sailean".

Hala, karrera bukatutakoan masterra egin zuen sail berean, eta han sortu zitzaion baita tesia egiteko aukera. "Egia esan, ez dut beste ezertan lana egiteko asmorik izan; tesia egitea eskaini zidatenean, ez nuen zalantarik izan". Alde horretatik oso erraza izan zaiola onartu du: "Taldean oso gustura nengoen, eta batez ere horrek bultzatu ninduen honetan hastera".

Izan ere, taldeak garrantzi handia du Arzakentzat: "Ez dakit beste arlo batzuetan ere gauza bera gertatzen ote den, baina gurean lan-taldea oso da garrantzitsua. Lan-karga handiak izaten ditugu, gauza asko egin nahi ditugu, eta norbera bakarrik ez da inora ailegatzen. Nik, behintzat, taldearen laguntza edo bultzada behar dut".

Hala ere, ez du ukatzen tesia egitea gogorra denik, batez ere, ez dagoelako ordutegirik. "Niretzat gogorrena da ezin duzula deskonektatu. Asteburua iritsi edo oporrak hartuta ere, beti daukazu buruan ikerketa. Baina, tira, deskonektatzen ere ikasi behar da".

Orain, aurreko hilabetetan lortutako datuak eta emaitzak aztertzen ari da buru-belarri, ondorioak ateratzeko. "Artaldeek mendia nola erabiltzen duten aztertzen ari gara. Ikusi nahi dugu ardiek eremu guztiak berdin erabiltzen ote dituzte, edo ba ote dituzten belardi batzuk gustukoago beste batzuk baino".

Oraindik goiz da ondorioak ateratzeko, baina dagoeneko hasi dira gauza batzuk ikusten: "Ikusten ari gara ardiak ez direla leku guztietan berdin ibiltzen, leku batzuk beste batzuk baino gehiago gustatzen zaizkiela. Adibidez, batek pentsa lezake nahiagoko dituztela belardi zabal eta garbiak arrokak dituztenak baino, baina ikusi dugu ezetz, uste genuena baino askoz ere gehiago ibiltzen direla arrokak dituzten larreetan". Hori zergatik ote den ikertzen ari dira: "Agian horrelako eremuetan hazten diren landareak gustagarriagoak dira ardientzat, edo nitrogeno gehiago izatea... Horretan gabiltza".

Mendian eta laborategian

Oraingo lana laborategian egitekoa bada ere, laginketa kanpoan egin zuen, mendian. Ez omen zen gozoa izan; bai, ordea, aberasgarria: "Iazko udaberrian egin genuen laginketa; sei artalderi jarraitzen aritu ginen, eta oso eguraldi txarra egokitu zitzaigun. Noski, baldintza horietan lana egitea gogorra da, baina are gogorragoa da artzaien bizimodua. Gainera, gazte batzuk badauden arren, artzai asko adinean aurrera doaz. Eta denak gizonak dira. Hori bai, ezin hobeto zaindu gintuzten: erropak lehortzeko tokia uzten ziguten, bazkaltzera gonbidatu...".

Mendian bildutako datuetatik ondorioak ateatzeaz gain, beste lan batean ere badabil Arzak: "Saiatzen ari gara ea lortzen dugen analisi-teknikaren bat, mendiko esnea eta gazta besteetatik bereizteko. Helburua da, nolabait, tresna bat izatea mendiko gaztari balio handiagoa emateko beste era batera ekoitzitakoari baino".

Etorkizunean, Euskal Herritik kanpora joan nahiko luke ikertzera. "Leku bakoitzak ditu bere ezaugarriak, ez bakarrik ingurunekoak, baita kulturalak ere, eta, arlo honetan, biek izugarrizko eragina dute. Hortaz, ziur nago, hemengoaren aldean, oso gauza desberdinak topatuko ditudala, eta gogo handia dut horiek ezagutzeko".

Maddi Arzak Erzibengoa

Maddi Arzak Erzibengoa Irunen jaioa da, 1991ean, eta EHUn egin du bere orain arteko ibilbidea. Lehenik Biologian graduatu zen, eta, jarraian, Biodibertsitate, funtzionamendu eta ekosistemen kudeaketan masterra egin zuen. 2015etik, berriz, tesia egiten ari da Eusko Jaurlaritzako doktoretza aurreko bekarekin. Hau da tesiaren izenburua: “Esnetarako artaldeen larratzea mendian: habitat erabilera, dieta hautespena eta mendiko esne eta gaztaren trazabilitatea eta autentifikazioa

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group