Izaro Zubiria Ibarguren Albaitaria eta ikertzailea

"Lehen sektorean eta ikerketan emakume izateak desabantailak ditu”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

lehen-sektorean-eta-ikerketan-emakume-izateak-desa
Izaro Zubiria Ibarguren Arg. Maitane Lopetegi Arozena

Izaro Zubiria Ibarguren Gaztelun jaio zen, Gipuzkoako landa-eremuko herri txiki batean, eta beti bizi izan da naturaz inguratua: "Horregatik, betidanik gustatu izan zait natura. Gainera, aita ere oso naturazalea izan da, eta bere zaletasuna transmititu dit. Txikitatik hasi nintzen zaldiz ibiltzen, eta beti izan dugu txakurra, oiloak...", dio. Beraz, ez da harritzekoa unibertsitateko ikasketak aukeratzeko garaian, Albaitaritza aukeratu izana. 

Ez du damurik, baina gogoan du jaso zuen lehen kolpea: "Hirugarren mailan izan zen. Haragitarako behiak zituen lagun bat zuen aitak, eta uda hartan harekin lana egitea bururatu zitzaidan, ganadutegiko lana ikasteko. Haren baserrira joan ginenean, baina, berehala esan zidan bere albaitaria gizona zela, handia, eta ehun kilokoa; ea zer egin behar nuen nik, emakumea eta hain txikia izanik". Nolabait, orduan egin zuen topo errealitatearekin aurrez aurre. 

Bigarren kolpea izan zen jabetzea zer aitortza eskasa duten albaitaritza-ikasketek gizartean, beste ikasketa batzuekin alderatuta: "Oso ikasketa gogorrak dira, eskakizun handikoak, eta lanean hartzen duzun ardura ere oso da handia. Jendeak, ordea, ez du hori ikusten, eta profesioa ez dago aitortuta beharko zukeen neurrian, inondik inora ere". 

Hala ere, aurrera egin zuen, eta, ipurtarin samarra denez, azken urtea egiten ari zela dagoeneko hasi zen begiratzen zer aukera egon zitezkeen. Irakasle baten bitartez NEIKER-ekin harremanetan jarri, eta sei hilabetez aritu zen animalien elikadurari buruzko zenbait proiektutan eta intseminazio-laborategian. 

"Aldez aurretik, ez nuen pentsatuko ikerketa-mundua gustatuko zitzaidanik. Nik naturarekin harreman zuzena eta jarduera mugitu bat izan nahi nituen, eta ez nuen uste laborategi batean sartuta gustura egongo nintzenik. Baina oso lan aktiboa da, lan pila bat egitea tokatu zitzaidan, eta asko gustatu zitzaidan”,onartu du Zubiriak. 

Sei hilabeteko praktikak amaitu zituenean, elikagaien kalitatearen eta segurtasunari buruzko master bat zegoela ikusi zuen, eta, ordurako bazuenez asmoa agian doktoretza-beka bat eskatzeko, aproposa izan zitekeela pentsatu zuen. “Gainera krisi-garaia zen, eta horrek ateak zabaltzen lagunduko zidala iruditu zitzaidan”, gogoratu du. 

Masterra hasi eta berehala doktoretza egiteko aukera sortu zitzaion, aurkeztu, eta eman egin zioten -lehenengo lekuan geratu zen-. “Ilusio handiarekin heldu nion aukerari nahiz eta beldurra ere ematen zidan tesi batean sartzeak. Laginak hartu, irtenbideak bilatu, ideia berriak proposatu… horretarako banekien balio nuela, baina ordenagailu aurrean eserita hainbeste ordu eman beharrak beldurra ematen zidan”. Hala ere, aurrera egitea erabaki zuen. 

Tesiaren zati handi bat Fraisoro nekazaritza eskolako ukuiluan gauzatu behar zen behiekin, eta bertan ere lehen aldian zalantzaz hartu zuten, ukuiluan aritzeko profila ez ote zuen pentsatuz. 

Alabaina, praktiken eta tesiaren artean, Gasteizko ukuilu batean aritu zen lanean, peoi gisa, azpiak ateratzen, behiak ezten… Lan gogorra zen, eta gaizki ordaindua, baina asko ikasi zuen, eta oso baliagarria izan zitzaion entseguak diseinatzeko, ukuiluan moldatzeko, eta baserritarrekin parez pare tratatzeko: “Ikusi zutenean banekiela ukuiluko lanak egiten, jarrera aldatu zuten eta asko lagundu zidaten”. Bera ere ez zen ikerketako lanak egitera mugatu; baserrikoak ere egiten zituen. “Azkenean, peoi-lana giltzarri izan da nire bizitza profesionalean, horrek eman baitit aukera baserritarrak ulertzeko, haiekin batera aritzeko, eta lagunak egiteko”. 

Ama izatea, zigor bikoitza 

Ukuiluko entseguak hasi bezain laster, ezusteko bat izan zuen: haurdun zegoela jakin zuen. Ilusioz, ama izango zela erabaki zuten bikotekideak eta biek. Orduan, beste kolpe handi bat jaso zuen: bekarekin zegoenez ez zegokion amatasun baimenik. Gehienez ere, soldatarik gabeko sei hilabeteko etenaldi bat har zezakeen. 

Bidegabekeria horren aurrean, ez zuen etsi, eta haurdunaldiaren azken egunera arte lana egin zuen. Haurra jaiotakoan, berriz, zuzendariaren, ingurukoen eta, batez ere, bikotekidearen laguntzarekin, berehala itzuli zen lanera, beka ez eteteagatik. Horrek amatasuna zapore gazi-gozo batez bizitzera eraman zuen; haur baten etorrerak dakarren aldaketa eta esfortzuari, batez ere lehen hilabeteetan, lanarena gehitzen baitzitzaion. Horrez gain, jendearen aipamenak ere entzun behar izan zituen, aitaren inplikazio totalaz eta amaren hutsuneaz jabetzean: “Momentu horretan aitak denbora gehiago ematen zuen alabarekin, kalean ere hala ikusten zuten eta hala adierazten zidaten. Gizartea ez dago irudi horretara ohituta baina ni ez nintzen ondo sentitzen hori entzutean”.

Zubiriak garbi dio: “Hori gertatzen zaio mutil bati, eta ez da ezer gertatzen. Aita izango zen, lanean jarraituko zuen aurretik ari zen moduan eta kitto”. 

Bigarren entseguak bukatu, eta ordenagailuaren aurrean esertzea egokitzen zitzaion orduan. Baina nekazaritza-kooperatiba batetik  lana eskaini zioten, animalien elikadura-gaiak aurrera eramateko, eta lana onartu zuen. Bigarren haurra izan zuen eta I+Gko eta kooperazioko proiektu batzuk garatzea lortu zuen. Une horretan CAF-Elhuyar sariketaren berri izan zuen, eta lan bat aurkeztea erabaki zuen. Gainerako guztiarekin batera artikulua idazteak lan handia eman zion arren, merezi izan zuelakoan dago. Hain zuzen, NEIKER sari berezia irabazi zuen

“Sekulako poza eman zidan. Sentitu nuen azkenean jaso nuela egindako lan guztiagatik merezi nuen aitortza”, adierazi du Zubiriak. Are gehiago: saria tesia berriro hartzeko akuilu ere izan da. “Hasitakoak bukatzearen aldekoa naiz, baina ez dut izan behar den adina ilusio horrelako lan bat aurrera eramateko. Orain aldiz, bai, gogotsu nago eta saiatuko naiz. Beraz, onartu behar dut niretzat sari hori irabaztea bultzada handi bat izan dela”.

Izaro Zubiria Ibarguren

Gaztelun jaio zen, 1989an. Albaitaritza ikasi zuen, eta, jarraian Elikagaien kalitatea eta segurtasun Masterra. Doktore-tesia egiten hasi zen, eta, denboraldi batez eten badu ere, berriro itzuli da ikerketara. Tartean, beste lan eta proiektu asko ere egin ditu, gehienak ganaduarekin eta elikadurarekin lotuta.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila