Oier Lakuntza Irigoien Kimika kuantikoan ikertzailea

"Jakin-mina izan nuen kimika ikasteko akuilua"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

2014ko abenduan, "Ekinean" atala sortu zuen Elhuyar aldizkariak, emakume ikertzaile gazteen bizipenak jasotzeko helburuarekin. Hain zuzen, zientzia-sistemak askotan ezkutatu egiten ditu haien ekarpenak, eta bazterrera bultzatzen ditu. Horren aurrean, Elhuyar aldizkariak, EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren laguntzarekin, erdigunera ekarri ditu haien ahotsak. Orain, ikuspegi barneratzailean sakontzeko asmoz, atala ezkutuan dauden beste batzuei ere zabaltzea erabaki du aldizkariak. Oier Lakuntza Irigoien da lehen adibidea.

jakin-mina-izan-nuen-kimika-ikasteko-akuilua
Arg. Oier Lakuntza Irigoien

Oier Lakuntza Irigoienek ikusmena galduta eta entzumena urrituta ditu. Horrek ez dio galarazi bertsolaria eta CIC Energigune zentroko ikertzailea izatea. Ez du bide erraza izan, hala ere. 

Adibidez, batxilergoan zientziak ikastea erabaki zuenean, gogoratu du ingurukoek letretatik jotzea gomendatu ziotela, errazagoa izango zitzaiolakoan: “Kazetaritza edo euskal filologia edo horrelako zerbait egin nezakeela esaten zidaten. Baina betidanik izan nuen zientziak ikasteko gogoa, bereziki kimika. Eta banekien, ez banintzen saiatzen, betirako geratuko zitzaidala arantza”.

Aitortu duenez, kimikako gai berri bat hasten zuten aldiro, jakin-mina pizten zitzaion. Jakiteko gogo hori izan zuen kimika ikasteko akuilua, eta ez zitzaion damutu. Laborategiko praktikak ezin zituen egin: “Alboan egoten nintzen, eta batzuetan aspertu ere egiten nintzen. Prozedurak ulertzen eta maila teorikoan lan egiten saiatzen nintzen, baina ezin nituen esperimentuak egin.

Horrez gain, apunteak hartzeko ere zailtasunak zituen. Izan ere, braillen ordenagailuz idazteko sistemak ez ditu formula zientifikoen zeinuak. Horrenbestez, eskolakideei apunteak eskatu behar izaten zizkien, eta etxean gurasoen laguntza jasotzen zuen, apunte haiekin bereak osatzeko. “Lan handia zen, eta, gainera, aurrera egiteko eskean ibili behar nuen, bai apunteak lortzeko bai irakasleei nire egoera azaltzeko. Egia da gelakide batzuen aldetik laguntza haundia jaso nuela, eta irakasle batzuk ere asko saiatzen ziren, baina unibertsitatearen aldetik ez nuen halako egoerei aurre egiteko egiturarik aurkitu”.

Zailtasunak zailtasun, emaitza oso onak lortu zituen. Hala, karrera amaitu zuenean, bere buruari galdetu zion hor utzi behar ote zuen ibilbide zientifikoa, eta kimikaren munduan jarraitzea erabaki zuen. Bazekien laborategi batean ezinezkoa izango zitzaiola, baina Euskal Herriko Unibertsitatean kimika teoriko eta konputazionaleko doktoretza zegoela jakin zuen, eta hango buruarekin, Jesus Ugalde Uribe-Etxebarriarekin, harremanetan jarri zen.

“Harrera ona egin zidaten, eta doktoretza bertan egitea erabaki nuen”, azaldu du Lakuntzak. Metanoaren aktibazioaren gainean egin zuen tesia, eta doktoretza-ondorengoa egitera, berriz, Tarragonara joan zen, Ikerketa Kimikoko Institutu Katalanera. Bere helburua, baina, Euskal Herrira itzultzea zen, eta, CIC Energigunen aukera zegola jakin zuenean, hari heldu zion.

Hutsuneak eta gabeziak

Hain zuzen, CIC Energigunen batez ere ikerketa aplikatua egiten duten arren, badago kimika konputazionala lantzen duen talde bat, eta iruditu zitzaion hori leku egokia izan zitekeela ikertzen jarraitzeko: “Talde horren buruarekin hitz egin nuen; ondo hartu ninduen, eta, ministeritzako Juan de la Cierva beka lortu nuenean, bertara joan nintzen. Geroztik, hor ari naiz lanean”. 

Aurrera egitea lortu badu ere, ez da bide zelaia izan; hainbat oztopori egin behar izan dio aurre. “Egia da fakultatetik atera nintzenetik, ez dudala laborategirik zapaldu. Kimika teorikoan aritu naiz, eta, alde horretatik, errazagoa izan zait egokitzea. Edonola ere, ikasle izatetik ikertzaile-mentalitatea lortzera pasatzea asko kosta zitzaidan. Era berean, ingurukoen aldetik sarritan gauzak erraztu nahi izateko gehiegizko joera sumatu nuen. Adibidez, itsua naizenez, alderdi batzuk ulertzeko ikusten dutenek baino denbora eta dedikazio gehiago behar ditut, eta sarritan, gauzak azaltzeko denbora hartu baino, beste norbaitek egingo zituela adierazi izan zidaten. Doktoretza bukatu eta gero, zein bide hartuko nuen beldur moduko bat ere sumatu izan nuen…”, onartu du Lakuntzak. 

Haren esanean, zientziak benetan integratzailea izan behar badu, gauza horiek aldatu egin beharko lirateke, eta uste du komenigarria izango litzatekeela ikerketa-zentroetan eta lantokietan baliabide eta laguntza gehiago egotea, behar bereziak dituztenei erantzuteko. “Hutsune eta gabezia handia dago. EHUko kimika konputazionaleko taldean sartu nintzenean, ni nintzen hara sartzen zen lehen itsua, eta ez zegoen ezer aurreikusita, egokitzeko eta besteekin batera lan egiteko”.

Orain CIC Energigunen energia metatzeko materialetan ikertzen dabil. Orain arte egin duen lanetik, beraz, oso lan desberdina da, eta erronka handia izan da. “Baina ongi gainditu dudala uste dut”, dio, baikor. Aurrera begira, berriz, nahiago du egunean egun joan, aurreikuspen handirik egin gabe: “Ikerketa-munduan egonkortasuna lortzea zaila da, eta, ditudan mugekin, are zailagoa izango zait. Oraingoz CIC Energigunen beste urtebeterako kontratua daukat, eta gero ikusiko dugu. Iruindarra izanik, han zerbait topatuko banu, gustura hartuko nuke”. Iruñera itzultzekotan, ikerketa-mundua uztea ere ez du baztertzen, baina, bitartean, ikertzen jarraituko du, jakin-mina asetu nahian. 

Oier Lakuntza Irigoien

Iruñean jaioa, 1985ean. 6 urte ztiuela, Wolfram sindromea, neuroendekapenezko gaixotasun arraroa diagnostikatu zioten. Kimikako lizentziatura bukatuta, ordurako itsu eta gorra izanik, Kimika Teoriko eta Konputazionaleko doktoretza egin zuen EHUn Jesus Ugalde Uribe-Etxeberriaren zuzendaritzapean. Gero bi urteko egonaldia osatu zuen Kimikako Ikerketetarako Institutu Katalanean (ICIQ), eta gaur egun, CIC Energiguneko ikertzailea da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.