Argi dago emakumeek ezin dutela prostatako minbizirik izan; ezta gizonezkoek obarioetako kisterik ere. Sexu-organoekin loturarik ez zuten gaitzek, berriz, eragin bera ote dute gizon eta emakumeetan? Eta horiek tratatzeko botikek? Baietz pentsatu izan dute ikertzaileek luzaroan. Besteak beste horregatik, botikak merkaturatu aurreko saiakuntza klinikoak gizonezkoekin bakarrik egiteko joera izan dute.
Gizakiok bakarrik dugu mintzatzeko gaitasuna. Gene jakin batean (FOXP2 genean) mutazio bat duten pertsonek, berriz, zailtasunak dituzte hitz egiteko. Hortaz, gene hori mintzamenaren genea ote da? Zientzialariek ez dute horrelakorik uste. Hala ere, guztiak ez datoz bat geneak mintzatzeko gaitasunean zer garrantzi eta zer erantzukizun duen erabakitzeko orduan. Zientzia-arlo askotako hainbat ikertzaile ari dira horretan lanean; besteak beste, Juan Uriagereka hizkuntzalaria.
Sahara sabana berde-berde bat izan zen garai batean. Aintzirak ere bazituen, han-hemenka. Une batean, ordea, sabana berde hura gainbehera etortzen hasi, eta gaur egun dugun basamortua bilakatu arte aldatu zen. Aintzirak harekin batera lehortu ziren; guztiak, bat izan ezik: Yoa aintzira. Aintzira horrek 'kontatzeko duena' aztertu dute ikerketa batean, eta Sahararen basamortutzeari buruzko ideia berri bat proposatu dute.
Lurreko bizidun-espezie bakoitzak ingurune-behar jakin batzuk ditu, eta, ez baditu horiek aurkitzen, ezin du bizirik iraun. Ezin dugu esan, beraz, normala denik leku batean bizidun jakin batzuk egotea, eta bitxia denik beste batzuk agertzea. Hala ere, egin ezin dugun hori egin, eta naturan 'lekuz kanpo' dauden edo 'ezohiko' ezaugarriak dituzten bizidun batzuei buruz arituko gara.
Bizidun guztien helburua da ahal bezainbeste irautea bizirik eta ugaltzea. Baina bizilekua beste hainbat espezierekin partekatu behar dute, eta ez da arraroa batzuek besteei lekua kentzea. Une batean nagusi diren espezieak bigarren mailako espezie izatera pasatzen dira, edo desagertu, haiek baino lehiakorragoak diren espezieak iristen direnean.
Euskal Autonomia Erkidegoan 25 zuhaitzek dute zuhaitz aparteko izendapena, ezaugarriren batek nabarmen bihurtu dituelako, hala nola tamainak, adinak, historiak edo kokapenak. Ordezkaezinak dira, beraz. Hala ere, EHUren Leioako campusean ordezkatu egingo dituzte, egiten ari diren arboretum -ean. Noski, ez dituzte jatorrizko zuhaitzak lekuz aldatuko; horren ordez, jatorrizkoen espezie bereko zuhaitzak landatuko dituzte, eta bakoitzaren ezaugarri nabarmenenak adieraziko dituzte: adakera, luzera, enborraren diametroa eta abar. Zuhaitz apartekoen zirkuitua izango da.
Peoniak edo oinlodiak negu gogor samarra behar izaten du bere bizi-zikloa osatzeko. Abisiniako bananondoaren bizi-baldintzei buruz irakurriko bagenu, berriz, ikusiko genuke berez ez dituela jasaten 15 gradutik beherako tenperaturak. Beraz, pentsatzekoa da inoiz ezingo liratekeela elkarren ondoan hazi eta bizi. Bada, Iturraran lorategi botanikoan, ondo-ondoan daude bata eta bestea; eta ez dira ozta-ozta bizi, oso indartsu baizik.
1889tik, platinozko eta iridiozko aleazio batez eratutako zilindro batek esaten dio munduari zenbat pisatzen duten gauzek. Hala, hegazkin bat egiteko behar den burdin tona kopurutik hasi, eta osagai elektroniko batek izan behar dituen zilar-mikrogramoetaraino, edozer gauzaren masa zehazteko, erreferentzia gisa zilindro hori hartzen dute. Eta zilindro horrek izan behar du erreferentzia, nahitaez, aldatzen ez duten bitartean.
Ingurune natural bat kudeatzeko lanaren helburu nagusia da hango ekosistemak ahalik eta egoera onenean izatea, eta horretarako egin beharreko hobekuntza edota aldaketa guztiak egitea. Horretara iristeko, ordea, muga bat izaten dute kudeatzaileek: dirua. Egoera hobetzeko egin ditzaketen lanak administrazioak bere gain har ditzakeen baino garestiagoak dira batzuetan. Aiako Harria parke naturalean, beste diru-iturri bat lortu zuten lagungarriak izan zitezkeen hobekuntzak probatzeko: Aiako Harria LIFE proiektua.
Erdi Aroan, iraultza handi bat gertatu zen mendebaldeko Europako elizen arkitekturan. Eliza iraunkorragoak egin nahian, arkitektura erromanikoa sortu zuten, eta arkitektura hura hobetzearen eta hobetzearen ondorioz, oso ezaugarri desberdinak zituen arkitektura batera iritsi ziren bi mende geroago; arkitektura gotikora, alegia. Aldaketa izugarria izan zen: elizak eta katedralak, eraikin txiki, ilun eta mardulak izatetik, tenplu handi, argitsu eta lirainak izatera pasatu ziren.