Erabilera anitzeko arboretum-a Leioan

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Euskal Autonomia Erkidegoan 25 zuhaitzek dute zuhaitz aparteko izendapena, ezaugarriren batek nabarmen bihurtu dituelako, hala nola tamainak, adinak, historiak edo kokapenak. Ordezkaezinak dira, beraz. Hala ere, EHUren Leioako campusean ordezkatu egingo dituzte, egiten ari diren arboretum -ean. Noski, ez dituzte jatorrizko zuhaitzak lekuz aldatuko; horren ordez, jatorrizkoen espezie bereko zuhaitzak landatuko dituzte, eta bakoitzaren ezaugarri nabarmenenak adieraziko dituzte: adakera, luzera, enborraren diametroa eta abar. Zuhaitz apartekoen zirkuitua izango da.
Erabilera anitzeko arboretum -a Leioan
2008/05/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: FOAT S.L.)

Batez ere zuhaitzak eta egurrezko beste landare batzuk dituen lorategi botaniko bat da arboretum bat. EHUren Leioako campusean aspaldi zuten horrelako lorategi bat egiteko asmoa. Hasiera batean, 1980ko hamarkadaren bukaeran, lorategi botaniko bat izatea nahi zuten, baina diru-arazoak zirela eta ezin izan zuten aurrera atera. Orain, ia hogei urte geroago, lorategi botaniko baten ordez arboretum bat egingo dute campusaren hego hego-ekialdeko hegalean, Arte Ederretako Fakultatearen, Zientzia eta Teknologia Fakultatearen eta Medikuntzako eta Odontologiako Fakultatearen atzealdean, 13 hektarea inguru dituen eremuan.

Bi gauza lortu nahi dituzte arboretum -arekin; batetik, EHUko irakaskuntza- eta ikerketa-beharrei erantzutea, eta, bestetik, hara doan edozein bisitarik gozatzea. Hortaz, izan behar zituen ezaugarrietan pentsatzen hasi zirenean, garbi ikusi zuten parke baten itxura izan behar zuela, eta zuhaitzez gainera beste elementu batzuk izan behar zituela; hala nola anfiteatro bat eta heliosziametro bat. Heliosziametroa Eguzkiaren mugimenduari jarraitzeko erabiltzen den tresna bat da. Leioako campusean bazeukaten horrelako tresna bat 1989az geroztik, baina campusa eraberritzeko lanetan bota egin zuten.

Arboretum -aren behin betiko egitura zein izango zen eta ezinbesteko elementu horiek nola integratu behar ziren erabakitzeko ideia-lehiaketa bat antolatu zuten. Sei lantalderen proposamenak jaso zituzten, eta Valladolideko Land Art Studio enpresarena izan zen lehenengo saritua.

Askotariko zuhaitzak hainbat gunetan

Izenak berak adierazten duen bezala, zuhaitzak izango dira arboretum -aren protagonista nagusiak. Bertako nahiz kanpoko 175 zuhaitz- eta zuhaixka-espezie bilduko ditu, zenbait gunetan antolatuta.

Dagoeneko hasi dira arboretum -aren lanekin. Sarrerako argazkian inguru horren aireko argazkia ikus daiteke.
Land Art Studio

Kanpoko espezieak bi eremutan jarriko dituzte: batetik, ekialde urruneko zuhaitzen eta zuhaixken bilduma bat egongo da, eta, bestetik, hego-hemisferioko zuhaitzen bilduma bat. Bertako zuhaitzak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden sei baso imitatuz antolatuko dituzte: urkidi bat, pagadi bat, harizti bat, artadi bat, ibaiertzeko baso bat eta larre bat. Baso-mota bakoitzeko landaredi potentziala imitatuko dute, hau da, baso bakoitzean, egoera naturalean egon beharko luketen espezieak jarriko dituzte. Basook ez dituzte nonahi jarriko; naturan altitudearen arabera duten banaketa errespetatu eta ordena berean jarriko dituzte. Arboretum -a izango den eremua oso malkartsua denez, ez dute horretarako arazorik izango.

Horrez gain, gune berezi bat egingo dute gizakiak produkziorako erabiltzen dituen zuhaitzentzat. Han, batetik egurretarako ustiatzen ditugun zuhaitzak egongo dira; bestetik, jakiak ematen dituzten zuhaitzak; eta, azkenik, zuhaitz sendagarriak. Gainera, lehen aipatutako zuhaitz apartekoak zirkuitu batean jarriko dituzte.

Zuhaitzak bakarrik ez

Zuhaitz- eta zuhaixka-bilduma bat baino gehiago izan behar duenez, arboretum -a izango den eremuaren inguruan dauden beste baliabide batzuk erabiliko dituzte, aberasteko. Adibidez, arteari tarte bat egingo diote. Lehen aipatutako anfiteatroak 400 lagunentzako lekua izango du, gutxi gorabehera. Bestalde, Arte Ederretako Fakultatea ondo-ondoan dagoela aprobetxatuz, arte-zirkuitu bat egingo dute fakultate horretatik hurbilen dagoen zatian, ikasleek beren artelanak erakusteko leku bat izan dezaten. Pabilioi estali bat ere egingo dute, estalpean gorde behar diren lanak ere erakutsi ahal izateko.

Eguzkiaren mugimenduari jarraitzen dio heliosziametroak. Irudiok udako solstizioan (handia) eta neguko solstizioan (txikia) egin zituzten, Eguzkiak itzal txikiena eta handiena egiten dituen egunetan, hurrenez hurren.
(Argazkia: M. Rivas)

Medikuntzako Fakultateak ere ekarpen bat egingo du: arboretum -a izango den gune txiki batean bizitzaren basoa eskultura jarri zuten 2003an. Beren gorputza zientziari ematen dietenen omenez eraiki zuten, han gordetzen baitituzte medikuntzako ikasleek anatomia ikasteko erabiltzen dituzten gorpuen errautsak. Bada, eskultura hori nabarmendu egingo dute parkean.

Helburu, elementu eta gune anitzeko arboretum -a proiektu bat baino gehiago da; jadanik hasi dira egia bihurtzen. Hain zuzen, urte-hasieran abiarazi zituzten lanak, eta urte-amaierarako bukatzea espero dute. Gauza bat besterik ez da faltako orduan: zuhaitzak handitu arte eta haien goieneko maila lortu arte denbora pasatzen uztea.

Lakar Iraizoz, Oihane
3
242
2008
5
040
Botanika; Museoak
Artikulua
54
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila