International Mathematical Union (IMU) erakundeak domina bat eta 15.000 dolar kanadar dauzka Berlinen gordeta Grigori Perelman errusiar matematikariarentzat. Fields domina da, matematikako saririk handienetako bat. Grigori Perelmanek uko egin zion sariari. Nahi izango balu, esate hutsarekin emango lizkioteke domina eta dirua, baina ez dirudi hori inoiz gertatuko denik. Istorio bitxi hori kontatzera Sir John Ball ingelesa etorri zen Bilbora, BCAM zentroak gonbidatuta; hain zuzen ere, Perelmani saria eman ziotenean, IMU erakundearen presidentea zen Ball, eta, beraz, saridunak izendatu zituen batzordearen partaidea.
"Eskatzea librea da", esaten dute. Baina eskatze hutsagatik ez da dena lortzen. Kargatzeko beharrik gabe hilabete irauten duen bateriarik ez dago. Egia esan, ordenagailu eramangarrietan, zortzi edo bederatzi ordu irauten duenik ere ez dago, eta hori da erabiltzaile askok eskatzen dutena; hegazkinetan maiz bidaiatzen dutenek, adibidez. Posible da? Erabiltzaileek baietz espero dute, baina ingeniariek ezetz esaten dute.
Ingeniariek ez dute kristalezko bolarik erabiltzen. Ezin dute esan noiz asmatuko duten bateria-mota berri eta iraultzaile bat. Hala ere, itxaropen handia dute automobilgintzatik etorritako aurrerapenekin. "Aldaketa baldin badator, handik etorriko da", esaten dute. Telefono mugikorren industria zain dago aurrerapen horietaz baliatzeko, orain arte telefonoetako baterien ikerketaz automobilgintza baliatu den bezala.
Oro har, gizakiak onartu du klima aldatzen ari dela, aldaketa horrek ondorio kaltegarriak dituela, batez ere ingurumenean, eta, neurri batean, giza jardueraren ondorioa dela. Hori dela eta, azken urteetan, ingurumen-arazoen zerrendaren lehen postuan dago klima-aldaketa. Gizakia kezkatuta dago. Egoerari aurre egin behar dio. Baina zer salbatu nahi du ahalegin horrekin?
Koloratzaile-tanta bat isurita, ezin da aldatu itsasoaren kolorea. Hamar mila litro isurita ere ez, nahiz eta toki jakin horretan eta denbora batez hala gertatu. Baina egunero bilioika litro isuriz gero, seguru asko, kolore-aldaketa sumatuko genuke. Printzipio hori aplika dakieke ingurumenarekin zerikusia duten arazo askori: gizakiaren eragin kaltegarria arazo bilakatzen da kantitate handian egiten duelako.