Zerua zure esku, liburuetan

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Zerua zure esku, liburuetan
2009/09/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Jose Felix Rojas

Jose Felix Rojasen eta Bizkaiko Astronomia Elkartekoen gomendioak espazioari buruz irakurtzeko.

Jose Felix Rojas Bizkaiko Astronomia Elkarteko kidea da, EHUren barruan planeten atmosferak ikertzen dituen taldekoa. Hari eskatu diogu dibulgazio-liburu batzuen gomendioa egiteko, eta ezin hobeto erantzun digu. Izan ere, ikerketa-talde osoari eskatu dio iritzia, eta, ondorioz, taldeko kide guztien gomendioa da hau.

Dibulgazioaren atalean, lau gomendio egin ditu taldeak. Bi liburu klasiko eta beste bi ez hain ezagunak. Lehen klasikoa Isaac Asimov idazlearen The Universe ( El Universo gaztelaniazko argitalpenean) da, eta astronomiaren oinarrizko jakintza eta jakintza hori lortzeko bide historikoa deskribatzen ditu. Bigarren klasikoa Carl Sagan astronomoaren Cosmos liburua da; telebistarako egin zuen Cosmos telesaila bukatu ondoren idatzi zuen, material osagarria izateko.

Beste hainbat liburu ere badaude zerrendan. Adibidez, The Soul of the Night ( El alma de la noche gaztelaniazko argitalpenean), Chet Raymo idazlearena. Astronomiari buruzko hogei saiakeraren bitartez, fedearen eta arrazionalismoaren arteko lotura aztertzen du egileak. A ras del cielo , David Galadí-Enriquez Kordobako astronomoak idatzia. Liburu horrek, gertuko astronomia azaltzeaz gain (atmosfera eta zeru urdina, satelite artifizialak, Ilargia, Eguzkia eta abar), irakurlea espazioari begira jartzea du helburu. Beste aukera erakargarri bat Daba Sobel dibulgatzailearen The planets ( Los planetas ) liburua da, planetei buruzko hamabi entseguren bilduma bat. Newsweek aldizkariak argitaratu zuen kritika baten arabera, liburu horrekin irakurleak ahaztu egiten du hezkuntza-mota bat jasotzen ari dela, liburua jolas bat delako. Bestalde, Arthur Upgren idazlearen The Turtle and the Stars liburuak ( La tortuga y las estrellas ) astronomian murgiltzen laguntzen digu egilearen txikitako oroitzapenetatik abiatuta.

Bizkaiko Astronomia Elkarteko astronomoek fikziozko liburuak ere gomendatu dizkigute: George's Secret Key to the Universe ( La clave secreta del universo ), Stephen Hawkingek eta haren alaba Lucy Hawkingek idatzia, ume batzuen abenturen bitartez astronomiaren oinarrizko kontzeptuei begiratzeko; eta Carl Saganen Contact eleberria ( Contacto ), unibertsoan bizi adimenduna bilatzen duten astronomo batzuen istorioa.

Bestalde, zientzia-fikziozko hiru liburu klasiko gomendatu dizkigute: Arthur C. Clarke maisuaren 2001: A Space Odissey ( 2001: Una Odisea Espacial ), Rendezvous with Rama ( Cita con Rama ) eta Frederick Pohl idazlearen Gateway ( Pórtico ). Hirurak dira saga bateko lehen liburuak.

Liburu horiek guztiek egiten dute astronomiaren dibulgazioa, bai dibulgazioko liburuek, bai fikziozkoek. Horregatik dira interesgarriak zientziaren ikuspuntutik. Jose Felix Rojasen hitzetan, "ikerketa-lan honek ez digu denbora askorik uzten dibulgazioa irakurtzeko", baina, talde osoaren ekarpenei esker, gomendio ederra egin digute.

Sei liburu
El Universo
Isaac Asimov
Alianza Editorial
109x184 mm
ISBN: 84-206-3797-1
Jatorrizko izenburua: The Universe
Cosmos
Carl Sagan
Planeta
205x285 mm
ISBN: 84-08-02042-0
El alma de la noche
Chet Raymo
Promotora General de Estudios S. A.
160x220 mm
ISBN-13: 9788486505219
Jatorrizko izenburua: The Soul of the Night
A ras del cielo
David Galadí-Enriquez
Ediciones B
153x235 mm
ISBN: 84-406-6328-5
Los planetas
Daba Sobel
Anagrama
145x220 mm
9788433962492
Jatorrizko izenburua: The planets
La tortuga y las estrellas
Arthur Upgren
Crítica
160x230 mm
ISBN-13: 9788484324256
Jatorrizko izenburua: The Turtle and the Stars
Roa Zubia, Guillermo
2
256
2009
9
030
Bibliografia; Astronomia
Liburutegia
60
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila