Durrell, biologoa eta idazlea

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Durrell, biologoa eta idazlea
2009/07/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Bi arrazoirengatik da Gerald Durrell ospetsua. Lehenik, zoologiko bat zabaldu zuelako desagertzeko arriskuan dauden espezieak jasotzeko, Jersey uharteko zoologikoa.

Bigarren arrazoia da nagusia: Durrell idazle trebea zen. Animaliekin egindako lana gaitzat hartuta, liburu-sorta ederra idatzi zuen. Liburu horietako edozein da ona kontserbazioari buruz irakurri nahi dutenentzat. Eta ez horientzat bakarrik, liburu askotan kontakizun autobiografikoak ere tartekatu baititu Durrellek.

Haren liburu ezagunena My Family and Other Animals da (gaztelaniazko argitalpenean, Mi familia y otros animales) . Durrellen familiak Ingalaterra utzi zuen, eta bost urtez bizi izan zen Korfu uhartean, Grezian. Liburuak garai hartako oroitzapenak biltzen ditu, bederatzi urteko Gerald Durrell umearen ikuspuntutik. Hasieran, Korfun animaliekin izan zuen harremanari buruzkoa izan behar zuen liburuak. Baina "liburuaren lehen orrietan familia sartu nuen, eta hori akats handia izan zen" idatzi zuen Durrellek. "Paperaren gainean egonik, hurrengo kapituluak bereganatzen hasi ziren, eta, gainera, lagunak gonbidatu zituzten. Zailtasun handiak gaindituta, eta trebetasuna erabilita, animalientzako bakarrik izango ziren orri batzuk gordetzea lortu nuen".

Durrellek liburu asko idatzi zituen zoologikorako lana aitzakia hartuta. Horietako bat da Catch Me a Colobus izenekoa ( Atrápame ese mono ). Zoologikoan bertan gertatutakoak kontatzen ditu, eta, horrekin batera, animalien bila egindako bidaia batzuetan gertatutakoak ere bai. Lehoinabarrak eta koloboak harrapatzera Sierra Leonara egindako bidaia bat deskribatzen du; Mexikon teporin untxiaren bila joan zireneko beste bat eta abar.

Durrellen zoologikoaren helburua arriskuan dauden espezieak kontserbatzea da. Hain zuzen ere, helburu horren atzean dagoen filosofia azaltzen da Durrellen idatzietan. Idazlea 1995ean hil zen, baina haren lana ez zen orduan amaitu, zoologikoarekin batera, Wildlife Preservation Trust International izeneko fundazioa sortu baitzuen, helburu berarekin. Hain zuzen ere, aurten egin ditu 50 urte fundazioak.

Bi liburu
Mi familia y otros animales
Gerald Durrell
Alianza Editorial
174x110 mm
ISBN: 84-206-3335-6
Jatorrizko izenburua: My Family and Other Animals
Atrápame ese mono
Gerald Durrell
Alianza Editorial
180x110 mm
ISBN: 84-206-1909-4
Jatorrizko izenburua: Catch Me a Colobus
Roa Zubia, Guillermo
2
255
2009
7
040
Bibliografia; Biologia
Liburutegia
58

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.