5,3 milioi pertsona kutsatu ziren iaz Giza Immunoeskasiaren birusarekin (GIBarekin); hiesa zuten pertsonen kopurua, berriz, 6,1 milioikoa izan zen, eta hil, 3 milioi pertsona hil ziren hiesaren ondorioz. Datuak hotzak direla diote, baina datu horien aurrean ez dago hotz geratzerik. Mugarik gabeko gaixotasuna da hiesa, bizitza estilo modernoaren isla: ez du muga geografikorik, ez eta muga biologikorik; jantziz aldatu, ezagutzen ez zitzaion aurpegiak erakutsi eta ugaritzen trebea baita. Ia Interneteko birusak baino aldakorragoa da. Hortik dator txerto eraginkorra lortzeko zailtasuna. Internetek aldatu omen du mundua, baina hiesa ez zaio atzean geratu: herrialde garatuetan drama bihurtu da eta txiroetan, berriz, tragedia. Afrika beltzak dagoeneko ez du etorkizunik, milioika lagun hil ditu hiesak, gazteak batez ere. Asiako errealitatea ez da, oraindik, hain gordina izatera iritsi, baina iritsiko omen da. Hemen, herrialde garatuetan, gizarteak hiesarekin bizitzera ohitu behar izan du, hiesdunak onartzen ikasi, eta seropositiboek hiesarekin bizitzen ikasi behar izan dute. Tratamendu erretrobiralek itxaropenerako ateak ireki dizkiete, putzutik atera dituzte... hirugarren munduak, ordea, ez du horrelako aukerarik izan, eta, gauzak aldatzen ez diren bitartean, ez dirudi izango duenik ere. Beraz, txerto eraginkorrean izan behar itxaropena. Eta horretan ere hiesak aldatu egin du zientzia eta ikertzaileen lana, gaixotasun honek 20 urte betetzen dituen honetan egunero milaka ikertzailek elkarrekin lanean dihardutelako ezagutzen den birus mutanteenaren aurkako borrokan garaile atera ahal izateko. Bitartean, elkartasun apur batek ez lioke inori kalterik egingo, ihesik gabe. 36 milioi lagun kutsatuta; 25,3 milioi Afrikan. 20 milioi hildako; hiru laurden Afrikan. Zenbakiak hotzak direla esaten da, estatistikek gezurra esaten dutela, baina aurreko horiek ongi erakusten dute Afrika beltzak bizi duen tragedia. Hemen, lehen munduan, botikak eskura daude, eta hiesaren mamua indarra galtzen hasita dago; Saharaz hegoaldeko Afrikan, ordea, egoera oso bestelakoa da. Ez bakarrik milioika lagun hiltzen ari delako, hildako gehienak gazteak direlako ere bai; etorkizuneko gizartearen oinarria. Adituen arabera, Afrikan eta munduan, hiesa giza garapenaren mehatxurik handiena da.
Ingurugiro-arazo larrienak konpontzen diren heinean, ongizatearekin lotura estua duten beste batzuk azaleratzen ari dira. Horien artean dago, hain zuzen, usaina. Normalean ez da oso kaltegarria izaten, baina bai gogaikarria eta, zenbait kasutan, osasun-arazo fisiko eta psikologikoak eragin ditzake. Ingurugiro-arazoekin lotuta egiten diren salaketen buruan zarata eta usaina daude, baina, kontraesana badirudi ere, Hego Euskal Herrian ez da oraindik usainak arautuko dituen berariazko legerik sortu.
Europako Batasunak 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera super gasolina merkatuetatik erretiratzea erabaki zuen, baina Italiak, Espainiak eta Greziak debekua 2001eko abenduaren 31ra arte atzeratzeko eskubidea lortu zuten. Azkenean, uda honetan jarriko da indarrean. Abuztuaren lehen egunetik aurrera super gasolina merkatutik desagertuko da eta, haren partez, berunik ez duen beste bat egongo da salgai. Horrela, autoek ez dute berunik isuriko atmosferara.
Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (NKNB) arabera, gune babestua biodibertsitatea zein baliabide natural edo kulturalak babesteko, berariaz izendatutako lur edo itsas gunea da, lege ofizialen bidez edo atxikimenduz kudeatzen dena. XX. mendean ia herrialde guztiek izendatu dituzte gune babestuak edo, gutxienez, haiek izendatzeko planak egin dituzte. Hala ere, lurraren % 8,83 besterik ez dago babestua.
Europako Espazio Agentzia (ESA) ez da Estatu Batuetako NASA bezain ezaguna eta indartsua, baina pixkana-pixkana leku garrantzitsua hartu du munduko espazio-agentzien artean. 25 urte badira dagoeneko sortu zela eta hainbat proiektu arrakastatsu gauzatu ditu geroztik: Eguzkia ikertzeko SOHO behatokia eta unibertsoaren mugak zelatatzeko XMM-Newton behatokia, esaterako, edota orain lanean ari den Cluster II misioa. David Southwood doktoreak Europako Espazio Agentziako zientzia-zuzendariaren kargua estreinatu berri du eta agentziaren etorkizunari buruz hitz egin dio Elhuyarri.
Duela 50 urte bazirudien argi zegoela zer zen asteroidea eta zer kometa. Ezaugarri bereizgarriak zituzten eta ongi mugatutako bi taldetan sailka zitezkeen. Kometak “izotzezko baloi zikinak” ziren, eguzki-sistemaren mugan sortuak eta asteroideak, berriz, Marte eta Jupiterren artean flotatzen zuten arrokak. Kometek era askotako orbitak dituzte; asteroideek, berriz oso orbita eliptikoak, eta planeten plano eta norabide berean orbitatzen dute Eguzkia. Baina azken 50 urteetan, asteroide eta kometa gehiago aurkitu diren heinean, kometa gisa portatzen diren asteroideak eta asteroide gisa portatzen diren kometak agertu dira. Eta, noski, definizioak berrikusi beste aukerarik ez dute izan zientzialariek.
Interneten dena dago. Edozein gairi buruzko nahi adina informazio eta beste hainbeste zabor. Internet bazter guztietara ari da hedatzen eta geroz eta erabiltzaile gehiago ditu, baina hedapenak sarearen mugak agerian utzi ditu. Motela da gauza askotarako eta dagoeneko informazio-kantitate oso handiak kudeatzeko ez du balio. Hautabideak, hortaz, ezinbestekoak dira.