DataGrid, etorkizuneko Internet?

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Interneten dena dago. Edozein gairi buruzko nahi adina informazio eta beste hainbeste zabor. Internet bazter guztietara ari da hedatzen eta geroz eta erabiltzaile gehiago ditu, baina hedapenak sarearen mugak agerian utzi ditu. Motela da gauza askotarako eta dagoeneko informazio-kantitate oso handiak kudeatzeko ez du balio. Hautabideak, hortaz, ezinbestekoak dira.

Europa DataGrid sistema antolatzen ari da buru-belarri. Europako Batzordeak joan den urteko martxoan Lisboan egin zuen bileran proposatu zen ideia: Europako ikerketa zientifikoentzat baliagarri izango zen sare propioa osatzea. Helburua Europan barrena informazioa abiada bizian zabalduko duen tresna informatikoa garatzea eta frogatzea zen.

Europako Batzordeak 2000ko maiatzean onartu zuen proiektua, eta hiru urterako 9,8 milioi eurotako diru-laguntza esleitu zitzaion. Abenduaz gero, CERN Ikerketa Nuklearrerako Europar Erakundea dago proiektuaren buruan, Europako Espazio Agentziarekin eta Frantziako, Italiako, Britainia Handiko eta Herbeheretako ikerketa erakunde garrantzitsuekin batera lanean.

Middleware

Interneten nabigatzeko erabiltzen den World Wide Web sistema CERNen prestatu zen 90eko hamarkadan eta, hari esker, Internet mundu osoarentzat eskuragarri bilakatu zen. Haren ondorengoa ere CERNen egingo da, espiritua berarekin baina kontzeptu teknologiko berriez baliatuz.

Griden ez dira datuak bakarrik banatuko, aplikazioak ere banatu dira. Batetik "kode irekian" oinarritzen diren teknologiak bultzatuko dira, hau da, beharren arabera egokitu daitezkeenak. Bestetik, middleware deritzon sistemak erabiltzaileen eta aplikazioen arteko bitartekari lanak egingo ditu. Middlewarea aplikazioak eta sistema eragileak lotzeko gai izango da eta horrek emango dio azkartasuna DataGridi. Superkonputagailuak, datu bankuak, erreminta informatikoak eta milaka ordenagailu pertsonal abiada handiko sistema horrek lotuko ditu. Ordenagailu batek lan bat egin ordez, ordenagailu askok lan zati txikiak egingo dituzte eta gero emaitzak komunean ipiniko dira.

Bitartekariaren kontzeptua da DataGridek egiten duen ekarpen nagusiena, nahiz eta ez den proiektu honetan bakarrik garatzen ari. Estatu Batuetako Unibertsitateetan sortzen ari diren Internet2k antzeko oinarriak ditu, baita NASAren Power Grid programak ere.

Sare boteretsua

CERNen eraikitzen ari diren azeleragailu berriak sortuko duen informazioa aztertzea eta kudeatzea izango da DataGriden eginkizun nagusietako bat. LHC partikulen azeleragailua 2005. urtean hasiko da lanean eta DataGrid ere ordurako prest egongo da. Izan ere, azeleragailuko ikerketetan sortuko den informazio-bolumen erraldoiak ezinbestean eskatzen du sistema berri bat.

Azeleragailuan segundoko sortuko den informazioa sortzeko lurreko biztanle denak aldi berean 20 telefonotatik hizketan aritu beharko liratekeela kalkulatu da; datuak prozesatzeko, berriz, 10.000 ordenagailuren lana beharko litzatzeke. CERNeko fisikariek, beraz, nahitaezkoa dute DataGrid.

Dena dela, fisikariak ez diren beste askorentzat ere oso baliagarria izango da. Genomak ikertzen dituztenentzat, esaterako, edota eredu klimatikoak aztertzen dabiltzanentzat. Datu asko biltzeko, prozesatzeko eta banatzeko gai den potentzia handiko sistema lan-tresna baliotsua baita zientzia-esparru guztietan.

Erabiltzaile arruntek, ordea, urte batzuk itxaron beharko dituzte DataGridez baliatu ahal izateko. Izan ere, "ikertzaileak arriskuak euren gain hartzeko trebatuak daude eta beraiek izango dira DataGriden lehen erabiltzaileak" adierazi dio Elhuyarri proiektuaren arduradun Fabrizio Gagliardi-k, "nahiz eta teknologiak espektatibei erantzun, erabiltzaile arruntengana ere iritsiko den bost bat urteren buruan".

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.