Txernobil: urteurrena krisiaren erdian

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Martxoaren 17a da gaur. Eta atariko hau idazten ari naizen honetan ez dakigu nola amaituko den Fukushimako zentral nuklearraren istripua. Egoerak okerrera egin du etengabe larunbatetik: zentralaren erreaktore guztietan daude une hauetan arazoak, eta isuri erradioaktiboa gertatzen ari da. Garbi dago egoera oso larria dela; hortik aurrera, zurrunbilo handi bat da dena.

Baina Fukushimako istripu nuklearraren neurria zein den jakin gabe ere, Japonian gertatzen ari denak ezinbestean ekarri du gogora Txernobil, tragediaren hogeita bosgarren urteurrena bete bezperan. Energia nuklearraren historiako istripu larriena gertatu zen 1986ko apirilaren 26an Ukrainan, eta betirako hondatu zuen milaka pertsonaren bizitza. Konparazioa sortu eta berehala ezeztatu du industria nuklearrak Fukushima eta Txernobil alderagarriak direnik. Eta ez, Fukushima ez da Txernobil. Zentralaren ezaugarriak ez dira berdinak, istripuaren ezaugarriak ere ez, eta istripuaren aurrean arduradunek erakutsitako jokamoldeak ere ez.

Nuklearraren defendatzaile batzuk areago joaten ausartu dira, eta sendotasunaren eta segurtasunaren adibidetzat jo dute Fukushima, sekulako lurrikararen eta tsunamiaren aurrean, segurtasun-neurriek erantzun dutelakoan. Burtsan bestela ikusi dute, eta berehala egin dute gora berriztagarriek. Eta segurtasun-protokolo guztiak berrikusteko konpromisoa adierazi dute agintariek.

Krisiaren beroaldian, eta beldurraren beldur esandakoen balioaz haratago, ikusteko dago zer ondorio ekarriko dizkion istripuak industria nuklearraren garapenari. Berotegi-efekturik gabeko energia-iturri alternatibotzat aurkeztuta, hauspoa hartua zegoen industria nuklearra; baina arriskuaren aurpegi gordina erakutsi du Fukushimako zentralak, eta, atzera, indartu egin du energia-ereduaren eztabaida.

Fukushima eta Txernobil desberdinak izanagatik, eztabaidagai berdinetara eraman gaituzte. Zer energia-ereduren arabera nahi dugu garatu? Zenbat energia behar dugu? Zer arrisku ditu horrek? Zer arrisku hartzeko prest gaude? Nork hartzen ditu erabakiak? Zer da segurtasuna? Krisiari aurre egitea tokatzen da orain; baina egoerak bere onera egiten duenean (espero dezagun hala izatea), zain segituko dute ebatzi beharreko galdera zaharrek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila