Mugan, mugak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Zuhurtziaren eta ideia berritzaileen arteko mugan ibiltzera behartuta daudela dio Joseba Rios arkeologoak zenbaki honetan eskaini digun elkarrizketan; zientziak aurrera egiteko, beste aukerarik ez dutela zientzialariek. Garaikideek arbuiatu, eta gerora zuzenak frogatu diren aurkikuntzez josia dago zientziaren historia (kontrakoez ere bai, nahiz eta horiek errazago ahazten ditugu). Baina jakintza zientifikoa nola metatzen den kontuan hartuta, ia-ia esan liteke mugarri bihurtu diren ideien berezko ezaugarria dela "heresia" gisa jaiotzea.

Halaxe, "Ez dago gozamen handiagorik, onartutako ideien arabera uler ez daitekeen zerbaitekin topo egitea baino" idatzi zuen Cecilia Payne astronomoak bere autobiografian. Garaikideen gaitzespena jaso zuen zientzialari horietako bat izan zen Payne, berak aurkitu bezala izarrak batez ere hidrogenoz eta helioz osatuta egotea ezinezkoa baitzen 1920 hamarkadan. Riosentzat ere, bere lanak duen pizgarri handienetako bat da ideia bat izatea, harekin lanean aritzea, eta, halako batean, hura goitik behera aldaraziko duen aurkikuntza baten berri jasotzea.

Payneren esanean, "igo ahala horizontea hedatu egiten dela ikustea" da karrera zientifiko baten sari handiena. Baina hitz itxuraz idealista horien atzean samintasuna ere badago. Izan ere, uneko jakintza zientifikoarekiko haustura ekartzen duen zientzialariaren istorioa bezainbeste da, Paynerena, orduko gizarteak emakumeei ezarritako mugei aurre egin behar izan zien pertsonarena.

Karrera profesionala eta bizitza materiala zaildu zizkion tokatu zitzaion garaian emakume zientzialari izateak. Lan zientifikoak anonimoki argitaratu zitezen desiratzera iritsi zen. Eta pentsatu nahi genukeenaren kontra, gaur egun ere emakumeek balorazio apalagoa jasotzen dute. PNAS aldizkarian berriki argitaratutako ikerketa baten emaitzen arabera, desberdina da curriculum bera Johnek edo Jenniferrek aurkeztea ikertzaile-lanpostu baterako. Zientzia giza jarduera baita, mugan, muga guztiak ez ditu jakintzak jartzen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila