Larrialdi gardena

Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

COVID-19a gainditu ahala ikusgai egingo den krisia da. Ez da berria, eta, COVID-19a ez bezala, poliki eta diskrezioz dator. Baina iragarri dute medikuntza erroetatik astinduko duela. Antibiotikoen krisia da.

Bakterioak garatzen ari diren erresistentziak direla eta, gero eta ohikoagoa da gaixotasun arruntak sendatu ezin izatea lehen eraginkorrak ziren antibiotikoen bidez. Are gehiago, baliteke kolokan egotea profilaxi antibiotikoa behar duen edozein kirurgia zein tratamendu.

Gaiari heltzea erabaki dugu, erredakzioan etengabe jasotzen diren ikerketa kezkagarriek bultzatuta: “supererresistentea den bakterio batek txerrietatik gizakietara salto egin dezake”; “pandemian erabilitako antibiotiko-kantitate handiak bakterio supererresistenteen sorrera erraztu du”; “erresistentzia naturala duten bakterioak aurkitu dituzte Antartikan, izotza urtzearekin batera erresistentzia zabaldu dezaketenak”; “antibiotikorik gabe hazitako abereetan ere antibiotikoak detektatu dituzte”… Lucía Gallego Andrés mikrobiologo medikoa elkarrizketatu dugu, oraindik lausoa dirudien baina badatorren krisi horri izena jartzeko.

Gaurkotasun handiko bestelako gaiak ere badira zenbaki honetan. Adimen artifiziala, esaterako. Askotan plazaratzen dira teknologia horrek berekin dakartzan kezkak eta gogoetak, eta oraingoan arteari egin diogu tokia. Galdera bat proposatu dugu: jo al daitezke artetzat adimen artifizialak sortzen dituen irudiak, testuak eta doinuak?

Amaitzeko, zientzia gizarteratzeari buruzko gogoetak. Zientzia eta teknologiaren ezagutza ezin da izan elite ilustratu baten pribilegioa, inondik inora ere. Zientzia eta teknologia boterea dira, eta giza eskubide bat da haiei buruzko informazio ulergarria eta eskuragarria izatea. Denok, salbuespenik gabe. Euskal Herrian egiten den ikerketa euskaraz gizarteratzen 50 urte daramaten bi erakunderen arteko solasaldia dakar zenbaki honek: Elhuyar eta UEU. Herritarrak ahalduntzea helburu, etorkizunera begira jarri dira.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.