Acinetobacter baumannii, ospitaleetako oportunista

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Acinetobacter baumannii bakterio oportunista da, eta ospitaleetako infekzio larriak sortzen ditu, besteak beste, pneumonia. Osasuna ahulduta duten gaixoei erasotzen die, horregatik da oportunista. Infekzio horien hilkortasuna handia izaten da, batetik gaixoa jota egoten delako, eta, bestetik, A. baumannii antibiotiko askorekiko erresistentea delako. Gainera, tratamendu bat ezarrita, harekiko erresistentzia garatzeko erraztasuna du bakterioak.

Arazo horren aurrean, oso garrantzitsua da bakterioak lortzen dituen erresistentzia berrien jarraipena egitea, gaixoak zein antibiotikorekin tratatu behar diren jakiteko. Azterketa hori egiteko, alde batetik, erresistentzia berriaren genea aurkitu eta nabarmendu behar da, eta, bestetik, integroiak dauden edo ez jakin behar da.

Integroiak

Integroiak erresistentzia-geneen kateak dira, eta horietan gordetzen dira A. baumannii-k lortzen dituen erresistentzia berrietako asko. Bakterioak baditu beste bide batzuk, baina integroiena da erresistentziak bereganatu eta transmititzeko biderik eraginkorrena.

A. baumannii-ren bereizketa genetikoa egiteko eta zein erresistentzi dituen jakiteko metodoak garatzen ari dira Leioan. (Argazkia: A. Umaran).

Integroiek mugikortasun handia dute, eta, A. baumannii bakterioaren kromosoman toki batetik bestera ibiltzen dira. Hori gutxi ez, eta bakterio batetik besterako jauzia ere egin dezakete. Horrek esan nahi du A. baumannii batek lortzen dituen erresistentzia guztiak besteetara erraz transmititzen direla, eta, ondorioz, espeziea etengabe berritu eta erresistenteago bilakatzen dela. Gainera, integroiek promotore bat dutenez, bakterioak beti erresistentzia horiek guztiak espresatzen edo aktibatzen ditu.

Kontrola hobetu nahian

Ospitaleetako hainbat A. baumannii mota isolatuta eta aztertuta, gehienek integroiak dituztela ikusi dute. Ondorioz, datozen urteetan oso litekeena da ospitaleetako A. baumannii egungo antibiotiko onenekiko erresistente bihurtzea, eta erresistentzia hori integroietan zabaltzea. Izan ere, egungo antibiotikoekiko erresistentzia duten anduiak agertu dira dagoeneko.

Hori horrela bada, A. baumannii-k sortutako infekzioen hilkortasuna asko igo daiteke, ez baita egongo infekzioari aurre egingo dion antibiotikorik. Kontuan izan behar da ospitaleetan A. baumannii-z kutsatutako gaixo-kopurua ez dela handia, baina arazoa larria da hilkortasunagatik.

Kasu horiek detektatu eta jarraipena egiteko modua aurkitu nahian dabiltza egun ikertzaileak, EHUkoak, besteak beste.

Egun badaude A. baumannii-ren anduiak genetikoki bereizteko teknikak, baina, orain, erresistentzia epidemikoak integroietan integratuta dauden edo ez jakin nahi da. Andui horien erresistentzien ezaugarriak garaiz detektatzeko moduak aurkitu nahi dira, eta metodo horiek estandarizatu eta praktiko egin nahi dira, kliniketan erabiltzeko moduan.

Hau da, kontrola hobetzea da egungo aukera, momentuz ez baitago antibiotikoen ordezkorik. Hori lortzeko, ezinbestekoa da infekzioa garaiz detektatzea eta A. baumannii-ren zein anduik eragin duen jakitea. Horretaz gain, infekzioa eragin duen anduiak dituen erresistentzien berri jakin behar da eta integroiak dituen edo ez. Bide horretatik, kontrol-sistemak ezarri eta A. baumannii-k eragindako hilkortasuna kontrolpean izatea lortu nahi da.

  • Proiektuaren izenburua
    Karbapenemekiko erresistentzia ematen duten entzimen identifikazioa eta integroien bidezko entzima horien hedapena ospitaleetan isolatutako Acinetobacter baumannii bakterioetan.
  • Helburua
    Karbapenemekiko erresistentzia ematen duten entzimak identifikatzea, eta entzima horien hedapenaren markagailuak topatzea Acinetobacter baumannii bakterioetan.
  • Zuzendaria
    Lucia Gallego Andrés.
  • Lan-taldea
    EHU: A. Umaran, I. Pujana, M. J. Canduela, E. Sevillano, F. López Otxoa Santa Marina Ospitalea: F. Calvo San Eloy Ospitalea: G. Martin.
  • Saila
    Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saila.
  • Fakultatea
    Medikuntza eta Odontologia Fakultatea (Leioa).
  • Finantziazioa
    EHU.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila