Kultura zientifikoa

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Bete-betean dagokigun gai bat jaso dugu zenbaki honetan. Izan ere, zientziaren komunikazioan aritzeak halabeharrez egiten gaitu zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren parte. Zientziaren komunikazioan gaude espezializatuta, eta gogo batek bultzatzen gaitu. Eta gogo horren ikurra litzateke kultura zientifikoak izenondorik eramango ez duen gizarte bat: ez du izenondorik izango, besterik gabe kultura izango delako, gaurgero kulturara berdindu ditugun beste gai guztiak bezalaxe; gainera, kultura izango da, ez Kultura.

Gizarterik gabeko kulturarik ez dago, ordea, eta, horregatik, gainerako ondorioek baino gehiago kezkatu gaitu Euskal Herriko biztanleek zientziari, teknologiari eta berrikuntzari buruz erakutsitako jarreretako batek. Aldizkari honetara ekarritako azterketan esaten dute ez dutela aparteko interesik zientzia eta teknologiari buruzko gaiekin, non eta ez zaizkien baliagarriak beren eguneroko bizitzan. Ondorioa ez da berria, egia esan, eta ez gaitu ustekabean harrapatu. Lehenago ere jaso da Eurobarometroak Europa mailan egindako iritzibilketetan, edo FECYTek Espainian egindako inkestetan. Euskal Herrian berariaz egindako lehenengo azterketa honek berretsi egiten du, beraz, jakin, bagenekien zerbait.

Alabaina, jakinagatik ez dio kezkagarri izateari uzten, gure gogoaren oinarria bera botatzen baitu behera. Izan ere, zientzia- eta teknologia-gaiekiko aparteko interesik ez badugu, zer nahi dugu gure gizartearentzat? Despotismo zientifiko ilustratua? Batzuek ez genuke nahi, eta, zorionez, ez dirudi. Azterketako parte-hartzaileek iritzi sendoak dituzte zientzialariekiko eta zientzia- eta teknologia-sistemarekiko; oso kritiko ageri dira jarduneko zientzia-politikekiko, eta garbi dute ezinbestekoa dela espiritu kritikoari eustea zientziaren eta teknologiaren aurrean. Hori ez da zientzia- eta teknologia-gaiekiko aparteko interesik ez edukitzea; hori kontraesan bat da. Baina ez da hutsala. Izan ere, oztopo bat da bultzatzen gaituen gogoaren bidean, eta aitzakia on bat zientzia eta teknologia herririk gabe egiteko.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.