Hipotesi, burutazio, ala metafisika?

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Multibertsoa, kasurik onenean ere, muga-lurralde bat da. Izan ere, fisikaren, kosmologiaren eta zientziaren beraren mugan daude ezagutzen dugun honetaz gain beste unibertso batzuk egon daitezkeela pentsatzea, bai eta haiek ikertzea ere. Eta ez badaude mugan, mugaz gaindi daude; existituko balira ere, ez baitaukagu haiek detektatzeko erremintarik, matematikaz aparte. Eta hori ez da aski; are gutxiago matematika horiek herrenak badira.

Ondorioz, batzuek jainkoaren lurralde berekotzat jotzen dute multibertsoa. Beste unibertsoei atzeman ahal izatea ezinezkoa delako. Multibertsoaren teorian ere unibertsoak ez direlako elkarrekin komunikatzen, ez diotelako elkarri eragiten. Nola jakin, orduan, existitzen direla, gu haietako baten barruan isolatuta bagaude? Eta, ezin badugu jakin, zentzuzkoa da ezinezkotasunek definitutako muga-lurralde hori ikergai zientifikotzat hartzea?

Sona handiko kosmologo batzuek garbi dute baietz, eta, beren itzalen babesean, aintzat hartuak izatea lortu dute. Gainera, zuzena izatekotan, ez luke nolanahiko hutsunea beteko multibertsoak, grabitatea eta mekanika kuantikoa bateratzeko nahiak eta beharrak erditutako hipotesietako bat baita multibertsoarena. XX. mendeko fisikaren obsesioetako bat da, hain zuzen ere, bi horiek bateratzea. Baina, nahi eta behar horiek justifikazio aski dira halako hipotesiak garatzeko? Askok uste dute ezetz. Eta hipotesitzat baino, burutaziotzat dute multibertsoa.

Ezin jakin ezinezkotasuna posible bilakatuko duen abangoardia bat osatzen ote duten kosmologo mugalariek, edo unibertso itsu batean harrapatuta hilko ote den multibertsoa. Beharbada koiunturala da multibertsoari antzemateko ezintasuna, garai batean zulo beltzei antzematea bezalaxe, edo estrukturala da agian, edo baliteke ez existitzea gureaz beste unibertsorik. Ezin ukatu, ordea, giza gogoa erakartzeko osagai aproposak dituela multibertsoak. Aukera-sorta liluragarria ekartzen dio irudimenari, eta erronka handi bat ulermenari. Muga-lurralde peto-petoa, ezbairik gabe.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila