Halleyk eraman eta ekarritako mitoak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Berlingo harresia erortzea eta Ekialdeko blokearen gainbehera, Txernobylgo istripu nuklearra, hiesaren pandemia... Bilatuz gero, erraz topa litezke 1986ko Halley kometaren bisitak iragarritako gertakariak. Izan ere, ehunka urtez sinistu zuen gizakiak kometen agerpenak zerbait handia iragarri, zigortu edo ospatzeko gertatzen zirela. Europan gordetako Halleyren erregistrorik zaharrena, adibidez, Normandiako Gillen konkistatzailearen balentriari lotuta gelditu da betirako. 1066an etorri zen, erregea Ingalaterra konkistatzeko prestatzen ari zenean, eta garaipenseinaletzat hartu zuen. Eta halaxe gertatu zen.

Orduan ez genekien ezer kometei buruz, pentsamendu zientifikoa ez zegoen garatua, eta ez da harritzekoa kometen inguruan halako mito indartsu bat sortu izana. 1986an, berriz, inork ez zituen lotu Halley kometa eta giza zibilizazioaren inongo hondamendi.

Horrek ez du esan nahi, ordea, jakintzak kometen mitoa desagerrarazi duenik. Izan ere, kometak zer ziren eta nola mugitzen ziren jakin ahala, Lurrarekin talka egin dutela eta egin dezaketela ere ikasi genuen, eta izu bat, mito bat, beste batekin ordeztu genuen. Kometek ez zuten izango zerikusirik errege, konkistatzaile eta erlijioen joanetorriekin, baina (asteroideekin batera) giza zibilizazioarekin amaitzeko gaitasuna izan dezakete, eta, beraz, izua izateko moduko gorputzak dira. Izu-klase berri horretaz kexu zen, hain zuzen ere, Isaac Asimov 1985ean, Halleyren agerpenaren zain zegoela idatzitako liburuan. Mitoak sortzeko gizakiaren gaitasuna mugagabea da, ordea...

Beldur guztien gainetik, baina, ukaezina da Halley kometa oparia izan dela gizakiarentzat. Gizakia zientziara eta pentsamendu arrazionalera egiten ari den bidean agente izan da hain maiz eta halako distiraz ikusi ahal izan dugun kometa. Hurrengo orrietan Cristina Zuza astronomoak azpimarratzen duen bezala, kometen artean salbuespena da Halley; zorioneko salbuespena.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.