Gizakion etorkizuna eta iragana

Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

2015eko abenduan izan zen Giza Edizio Genetikoaren inguruko goi-bilera, Washingtonen, eta azkenaldian hainbestetan entzuten den teknika berria izan zuten eztabaidagai: CRISPR. Hautsak harrotzen ari da; izan ere, lehenago gure ezaugarri genetikoak aldatzeko beste teknika batzuk garatu izan badira ere, CRISPRek berrikuntza garrantzitsu bat dakar: inoiz baino errazagoa da geneak editatzea, eta oso merkea. Edozein laborategiren eskura jarri du gene-edizioa.

Dagoeneko, herrialde batek arautu du teknika horren erabilera: Britainia Handiak giza enbrioiak genetikoki editatzea onartu du; ikerketarako bakarrik, hori bai.

Teknikak aukera berriak ekar ditzake etorkizunerako, eta baita kezkak ere. Gori-gorian dagoen gaia izanik, mahaigainera ekarri nahi izan dugu.

Bestalde, atzera begira ere egin nahi izan dugu: gure espeziearen iraganari begiratu diogu. Duela 200.000 urte inguru azaldu zen Homo sapiens, hainbat giza espezie bizi ziren garai batean. Duela 70.000 urte atera zen bere jaioterritik, Afrikatik, eta kontinente guztietara zabaltzen hasi zen. Oraindik duela 30.000 urte eskas, gutxienez beste hiru homininorekin batera bizi zen Lurrean: neandertalak, Europan eta Asiako mendebaldean; denisovarrak, Asian; eta Flores uharteko gizakiak, Indonesian. Baina denak desagertuz joan ziren, eta, orain, gu gara Lurrean bizirik dirauen giza espezie bakarra. Zergatik bakarra? Zergatik desagertu ziren beste guztiak?

Gure espeziearen ezaugarriren batek egin du, akaso, gu besteen artean gailentzea? Irudimena eta sormena aipatu izan dira, gaitasun kognitibo handiagoa, gure izaera sozial eta kooperatiboa… Baina badago beste aukera bat: kasualitate hutsa izatea.

Giza eboluzioaren pasarterik interesgarrienetako bati lekua eman nahi izan diogu, eta, horretarako, lau aditu ekarri ditugu gurera. Lau aditu, eta lau ikuspuntu. María Martinón Torres, Londresko Unibertsitateko ikertzailea; Carmen Manzano Basabe, EHUko antropologia-irakaslea; Joseba Ríos Garaizar, CENIEH Giza Eboluzioko Ikerketa Zentroko ikertzailea; eta Diego Garate Maidagan, Tolosako Unibertsitateko ikertzailea. Espero dugu guk bezainbeste gozatzea zuek ere haien gogoetekin.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group