Galbahea

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Egia-ostearen garaiotan, gero eta zailagoa da bereiztea egiazko datuak eta ondorioak azaltzen dituzten albiste eta artikulu zientifiko-teknologikoak, eduki faltsuak dituztenetatik. Adibidez, Scientometrics aldizkarian argitaratu duten azterketa baten arabera, lau halako egin du gora atzera botatako artikuluen ehunekoa, 2000tik 2021era. Guztira, milaka erretiratu dira, eta haietatik % 16 baino ez dira izan egileek nahi gabeko akatsen bat egin dutelako. Gehiengoa, % 67, ikertzaileen jokabide okerragatik bota dira atzera; sarritan, irudiak moldatzeagatik eta plagioagatik, baina, azken urteotan, datuen fidagarritasunik eza ari da bilakatzen arrazoi nagusia. 

Horri beste joera bat gehitu behar zaio: Science aldizkarian jakinarazi dutenez, ziurgabetasuna adierazten duten esapideak desagertzen ari dira artikulu zientifikoetatik. Hain zuzen, aldizkari horretan bertan 1997tik 2021era argitaratutako lanak aztertu dituzte, eta ikusi dute ziurgabetasunarekin lotutako aditzak eta terminoak ia % 60 gutxitu direla 25 urteko tarte horretan. Aldiz, igo egin dira “aurrekaririk gabeko” eta halako adierazpenak. Horrek, noski, ez du esan nahi oraingo ikerketak aurrekoak baino bikainagoak direnik, baizik eta espektakularizazioa eta estilo hanpatua zientziara eta artikulu zientifikoetara ere iritsi dela.

Horrek guztiak zaildu egiten du zientziaren komunikazioan gabiltzanon funtsezko eginkizun bat: galbahe-lana egitea. Horrenbestez, lehen baino are beharrezkoagoa da zuhur jokatzea eta espiritu kritikoa ondo zorroztua izatea. Elhuyarren, gainera, zorionekoak gara, gertuko ikertzaile-sarearen laguntza baitugu, zalantzak argitzeko eta informazio fidagarria kaleratzen dugula bermatzeko. Etorkizunean ere izango dugu haien, zuen, beharra, eta, beraz, jarraituko dugu harremanak estutzen eta konfiantza lantzen, horrek emango baitigu sinesgarritasuna, garai zaratatsu eta nahasi hauetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila