Fukushima, kezka eta premia

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Bi urte eta erdi luze joan dira lurrikara batek lehenengo, eta tsunami batek ondoren, Fukushimako Daicchi zentral nuklearra suntsitu, eta hondamendi nuklearra gertatu zela. Eta egoera kontrolpean egotetik urrun dago oraindik. Alderantziz, mesfidantza oso handia da zentralaren jabea --Tepco-- egiten ari den kudeaketarekiko, eta Japoniako gobernuak duen jarrerarekiko.

Kezka nagusia, orain, tangetan duten ura da. Erreaktoreak hozteko, 400 mila litro ur erabiltzen dituzte egunero, eta, elementu erradioaktiboekin kutsatutako ur hori tangetan gordetzen dute, zentralean bertan, erradioaktibitatea kendu eta itsasora isurtzeko. Guztira, mila tanga dituzte, eta tangek isuriak dituzte; tangek bakarrik ez, erreaktoreek ere bai. Ur erradioaktiboa lurpeko urekin nahasi eta itsasora isurtzen ari da, eta hori gelditzeko Tepcok agindutako planak inor gutxiren babesa jaso du, Fukushimako hondamendi nuklearraren ondoren egiten ari diren kudeaketa eskasa eta komunikazio nahasia ikusita.

Japoniako Gobernuak garbiketa-planen ardura bere gain hartuko zuela iragarri zuen irailaren hasieran, baina hori ere ez dute nahikotzat jo askok, besteak beste, Nature zientzia-aldizkariak. Irailean bertan, editorial batean adierazi zuen ezinbestekoa dela nazioarteko aditu-talde bat sortzea, elkarrekin bilatzeko soluzioa.

Iritzi berekoa da Ken Buesseler ere, Wood Hoods Ozeanografia Institutuko ikertzailea, eta, Fukushimatik itsasora isuritako erradioaktibitatea hasieratik aztertzen aritu den pertsonetako bat. Aditu independenteen parte-hartzearen beharra aldarrikatzen du, ozeanoa jasaten ari den ondorioak ikertzeko, ondorioen azterketa inpartziala egiteko, eta gero eta eszeptikoagoa bihurtzen ari den publikoari emaitzak aurkezteko. Elhuyar aldizkariari emandako elkarrizketan oso kezkatuta azaldu da tangetatik eta eraikinetatik ateratzen diren isuriekin, eta ohartarazi du horiek gelditzeak izan behar duela lehentasuna. Haren esanean, gaur egun erradioaktibitate handiagoa dago tanga eta erregai-barretan 2011n igorri zena baino, eta edozein istripu berrik hasierako gertaerak baino kalte handiagoa eragin dezake.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila