Fracking edo haustura hidraulikoa auzitan

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Haustura hidrauliko bidez Araban gasa erauzteko asmoak eztabaida bizia eragin du proposatu zen unetik bertatik. Proposamenaren albistea 2011n izan genuen, orduko lehendakari Patxi Lopezek Dallasera egindako bidaia batean egindako adierazpen batzuen bidez. Berehala zabaldu zen gizartera teknika horren ingurumen-arazoen eta arriskuen berri, pospolo bat txorrotara hurbildu eta ura sutan erakusten zuten bideoekin batera. Esan liteke gaitzespena, mesfidantza eta ezjakintasuna direla nagusi haustura hidraulikoaren inguruan.

Haustura hidraulikoa arroken poroetan gordetako hidrokarburoa erauzteko teknika bat da. Gasa dagoen sakoneraraino zundatu, eta ura sartzen da presioan, beste hainbat konposaturekin batera, arrokak puskatzeko, haietan gordetako gasa putzura jariatu dadin, gero biltzeko.

Estatu Batuetan aspaldi erabiltzen den teknika izanagatik, gutxi hedatu da handik kanpora, ohiko gas-biltegiak ustiatzea baino garestiagoa delako, besteak beste. Hidrokarburoen gailurrera iritsi ahala, ordea, ez-ohiko iturriekiko interesa handitu egin da, lehen errentagarri ez zena lehiakorrago baita itxuraz orain.

Ingurumenaren ikuspegitik, teknikaren alde txar nagusiak dira akuiferoak kutsatzeko arriskua, kontsumitzen duen ur-kantitatea eta ustiaketek hartzen duten azalera handia. Teknikaren segurtasuna zalantzan jartzen ez dutenek, berriz, autonomia energetiko handiagoa eskuratzeko aukera eta sorraraziko duen jarduera ekonomikoa nabarmentzen dituzte alde onen artean.

Horretaz guztiaz ari dira barruko orrietan Itxaso Arostegi Olalde ingurumen-aholkularia eta Javier Arostegi Garcia EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko irakaslea: teknikaren ezaugarriez, Arabako proiektuez, balizko arriskuez eta aukerez, bai eta errentagarritasun ekonomikoaz, diru-laguntzez eta gure estrategia energetikoaz ere. Haien esanean, alde handia dago haustura hidraulikoaren balizko kalteen eta onuren artean, eta epe luzera begiratzeko aldarria egiten dute, dugun dirua inbertituz aurrezten eta eraginkortasuna hobetzen lagunduko duten ikerketetan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila