Fokuak eta planoak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Lurraren ezaugarri dira lurrikarak, den bezalakoa egiten duten propietate-multzoen parte. Tektonikarik gabe, plaken etengabeko mugimendurik gabe, bestelakoa izango zatekeen paisaia, eta bestelakoak bizidunak; areago, bizia bera garatzeko kondiziotzat jotzen da jarduera geologikoa. Kontsolamendu gutxi eskaintzen dio horrek lurrikara baten suntsipena jasandako inori, eta, hala ere, garrantzitsua da munduari angeluhandiarekin begiratzea tarteka. Izan ere, non bizi garen eta nondik gatozen erakusten digun plano orokorrak ez die batere garrantzirik kentzen gure bizialdien eskalara zoom egin eta begien bistan agertzen zaizkigun premiei eta erronkei; alderantziz. Zenbaki honetan, angeluhandiarekin gerturatu gara lurrikaretara, eta tektonikak bizitokien ezaugarriak zizelkatzen bete duen funtsezko rola jaso dugu. Eskala txikiaz ez gara ahaztu, ordea, eta, “Zer, bai; noiz, ez” izenburua duen artikuluarekin murgildu gara sismologoek dituzten zereginen zerrendako lehenengoan: lurrikarak noiz gertatuko diren iragartzea. Ondo samar ezagutzen baitute lurrikarak non, nola eta zergatik gertatzen diren, eta, hala ere, ezin izan dute oraindik garatu erremintarik fidagarritasunez iragartzeko noiz gertatuko diren. Aldagai askoko eta konplexutasun handiko sistema da horretarako ebatzi beharrekoa, eta, osatua egotetik urrun dago erregistroa. Adibidez, sismologoak eurak ere harrituta daude azkenaldian izan den lurrikara handien kopuruarekin: 1900. urtetik zazpi lurrikara izan dira 8,8 magnitudetik gorakoak, eta hiru azken sei urteetan gertatu dira. Datu horien karietara, AEBko Sismologia Elkartearen apirileko batzarrean hizketagai ere izan zuten ez ote den lurrikara handien serie bat piztu, nahiz eta ondoren hipotesia baztertu zuten. Izan ere, gaurko jakintzak ez du ematen hori ondorioztatzeko arrazoirik, eta litekeena da estatistika osagabearen edo zoom hertsiegiaren itxurazko emaitza bat besterik ez izatea. “Noiz, ez” zatiaren jakingaiak dira horiek denak. Ezin dugu planotik kanpo utzi, ordea, “Zer, bai” zatiari esker prebentzio-neurriak hartzeko bezainbeste jakin badakigula, eta, zenbaki honetan alderdi hori garatu ez dugun arren, hori dela gure esku dagoen aldagaia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila