Emakumeak zientzian eta gizartean

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Aldaketaren zenbakia duzu hau, irakurle. Azken urteotan aldizkariaren lemazain izan denak, Aitziber Agirre Ruiz de Arkautek, beste ardura batzuk hartu ditu Elhuyarren, eta eskifaiari egokitu zaio lemari eustea. Azken orrietan duzue Agirreren agurra, baina aldez aurretik adierazi nahi diogu gure esker ona; izan ere, ur zailetan nabigatzea egokitu zaion arren, lana gogor egin du ontzia bide onetik eramateko, baita lortu ere.

Bide beretik dator martxoko zenbakia; otsailaren 11 igaro berri dela, eta martxoaren 8arekin bat. Biak dira aldarrikapen-egunak, eta biekin egiten dugu bat Elhuyar aldizkarian. Izan ere, garbi dugu ikuspegi feministaz egindako zientzia hobea dela. Batetik, ikerketa barneratzaileak ikuspuntu gehiago eta askotarikoagoak izatea dakarrelako. Bestetik, aintzat hartzen dituelako orain arte bazterrean utzi diren populazio-taldeen beharrak. Baita diziplinenartekotasunaren alde egin duelako ere. Hala, emaitzak osoagoak dira, eta prozesuak, aberasgarriagoak. Horrez gain, erakargarriagoa izan daiteke hurrengo belaunaldietarako, hurbileko erreferenteak topa ditzaketelako.

Alde on gehiago ere aipa daitezke, baina, beharbada, hauxe da azpimarragarriena: onurak gizarte osoarentzat izatea bilatzen duela. Gauza bera bilatzen dugu martxoaren 8an, zientzia dagoen lekuan gizartea jarrita.

Gizartearekiko dugun konpromisoa betetzeko, Elhuyar aldizkariak urteak daramatza ikuspegi feministarekin egiten lana. Helburu kuantitatiboak eta kualitatiboak ditugu, eta, pausoz pauso, ari gara haiek betetzen. Adibidez, 2021ean, aldizkariko artikuluetan aditu gisa agertu zirenen artean, erabateko genero-parekidetasuna dago. Are gehiago: erredakzioan landutako edukietan, aditu emakumezkoak gehiengoa dira. Horrek non hobetu dezakegun adierazten digu: Gai Librean atalean jasotzen ditugun lanetan, gizonezkoak gailentzen dira. Hor eragin behar dugu.

Bestalde, adierazgarria iruditu zaigu, lehen aldiz, harpidedun berrietan emakumezkoak gehiago izatea gizonezkoak baino. Guretzat, horrek badu garrantzia, aldizkaria sortu zenetik harpidedun gehienak gizonak izan baitira. Orain, orekatzen hasi da joera hori.

Zuen laguntzarekin, beraz, aldizkaria hobetzen jarraitu nahi dugu. Espero dugu zenbaki honetan ere aurkituko dituzuela atariko honetan aipatu ditugun printzipioak eta irizpideak; eta gustura jasoko ditugu zuen iradokizunak, kritikak eta proposamenak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila