Elhuyar aldizkaria, euskarazko kazetaritzaren 10 mugarrietako bat, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Berezia izan da Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien aurtengo ekitaldia. Hain zuzen, 30 urte egin ditu, eta, urtemuga ospatzeko, euskarazko kazetaritzan mugarri izan diren hamar proiektu komunikatibo saritzea erabaki du. Hamar horietako bat izan da Elhuyar aldizkaria. Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute zuzendariaren esanean, “ohore bat” izan da Elhuyar aldizkaria hautatu izana, Anaitasuna aldizkaria, Zeruko Argia/Argia, Ttipi-Ttapa, EHUko Kazetaritza Fakultatea, EITB taldea, Euskal Irratiak, Euskaldunon Egunkaria/Berria, Eibar.org ataria eta Goienarekin batera.
elhuyar-aldizkaria-euskarazko-kazetaritzan-10-muga
Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 30. ekitaldian saritutako hamar proiektuen ordezkariak. Arg. Aiurri

Andoaingo Udalak ematen ditu sari horiek, eta Ana Karrere Zabala alkateak egin zituen lehen hitzak, Rikardo Arregi beraren hitzaldi baten pasarte baten bideoa ikusi ondoren. Karrerek euskal kazetaritzaren heldutasuna narbarmedu zuen, eta egindako bidea eskertu zuen: “Hau ez da hutsetik sortu azken urteotan. Urte askotako eta jende askoren lana dago oinarrian. Izan ere, egia baita “Izan zirelako gara!”, esan zuen.

Anaitasuna aldizkariarentzat izan zen lehen saria. Begoña Arregi Aranburuk eman zion, hunkituta,  Angel Zelaieta Gisasolari. Haien atzetik igo ziren oholtzara saria jasotzera Estitxu Eizagirre Kerejeta Argiako zuzendaria, Ttipi-Ttapako Aitor Arotzena Albitzu, Nekane Balluerka Lasa EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen izenean, Maite Iturbe Mendialdua EITBrenean, Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyar aldizkariko zuzendaria, Martxelo Otamendi Egiguren Euskaldunon Egunkaria eta Berriaren izenean, Maritxu Lopepe Euskal Irratiak sarearenean, Luistxo Fernandez Ostolaza eibar.org plataformaren ordezkari gisa, eta Iban Arantzabal Arrieta Goiena komunikazio-taldearen zuzendari nagusia.

Hauek osatu zuten epaimahaia: Miren Azkarate Villar, Jose Inazio Basterretxea Polo, Allande Boutin, Aingeru Epaltza Ruiz de Alda, Elixabete Larrinaga Artetxe, Jon Unanue Lopez, Arantxa Urretabizkaia Bejerano eta Aitor Zuberogoitia Espilla. Mahaiburu eta idazkari lanetan, berriz, Ainara Rodriguez Zalakain Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia eta Patxi Baztarrika Galparsoro Andoaingo Euskara Zerbitzuaren arduraduna aritu ziren.

Epaimahaiaren arabera, hauek izan ziren, besteak beste, Elhuyar aldizkaria saritzeko arrazoiak: “Euskara zientziara begira jarri eta zientziaren berri euskaraz ematea ahalbidetu duen hedabidea da. Halley kometa, osasun- eta medikuntza-gaiak, teknologia mekanikoa eta digitala, biologia... Gai horiek eta beste asko euskaraz jorratu eta zabaldu ditu".

Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eman zion saria Aitziber Agirre zuzendariari, eta, hark, lantalde osoaren izenean eskertu zuen saria. Halaber, eskerrak eman zizkien urtez urte aldizkaria babestu duten guztiei, eta aldizkariak egiten duen lana gogorarazi zuen: zientzia eta teknologiari buruzko informazioa gizarteratzea, ikuspegi kritiko eta irizpideduna sustatzeko asmoz.

Eskerrik asko, beraz, zuei guztioi; zuena ere bada sari hau.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila