Aditzen ikasi orduko...

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Landareei hitz egiteko ohitura handia zuen Goenkaleko Marialuisak, osasuntsuago haziko zirelakoan. Ez zuen hizkuntza egokia erabiltzen, ordea. Izan ere, landareek ez dute entzuten; baina horrek ez du esan nahi ez direnik komunikatzeko gai. Kimikaren hizkuntzan mintzatzen dira, eta, ez hori bakarrik, ikertu ahala hizkera aberatsa eta sofistikatua dutela ari dira deskubritzen zientzialariak. Konposatu kimiko lurrunkorren bidez, landareek haietaz elikatzen diren intsektuetatik defendatuko dituzten "bizkartzainei" deitzen diete, arriskuez ohartarazten dituzte inguruko kideak, eta gai dira baita ahaideak bereizteko ere.

Baina haiek gure hitzak ulertzen ez dituzten bezala, gu ere ez gara beti gai izan landareen hizkuntza ulertzeko. Hasteko, ezer esaten zutenik esatea baztergarri jo da duela oso gutxira arte: 1980ko hamarkadakoak dira landareen komunikazioari buruzko lehen aurkikuntza esanguratsuak, eta ikuspegi-aldaketa, atzo goizekoa ia.

Landareekin bezala bakterio eta onddoekin ere antzekoa izan da ibilbidea. Haiek ere baliatzen dituzte hitz kimikoak, une jakinetan isurtzen dituzten konposatuak, non dauden eta zenbat diren adierazteko eta jakiteko. Hain zuzen, seinale kimiko horiei esker, gai dira talde-portaerak garatzeko eta, adibidez, infekzio-prozesu bat abiatzeko. Konposatu horietako batzuk unibertsalak dira, eta beste batzuk, espezieekiko espezifikoak.

Eta ikertzaileei ez diete ihes egin hizkuntza horiek ulertzeak ekar ditzakeen abantaila praktikoek. Antibiotiko berriak sortzeko estrategiak, erresistentziarik garatuko ez duten fungizida espezifikoak... Komunikatzea ez da jada itsas bakterio batzuen bitxikeria.

Mundu-ikuskera antropozentrikoa izaki, pixka bat kostatu zaigu landareak, onddoak eta bakterioak komunikatzaile irudikatzea; mundu-ikuskera antropozentrikoa izaki, lanik batere ez dugu izan, ordea, aditzen hasi garen hizkuntza hori gure mesederako trikimailu irudikatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila