300, aurrera begira

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren 300. zenbakia duzu eskuartean, irakurle. Eskerrik asko, hilez hil, bidea gurekin egiteko prest egoteagatik.

Elhuyar aldizkaria 1974an sortu zen, euskara arlo zientifiko-teknikorako egokitzeko asmo nagusiarekin. Hizkuntza sendotu ahala, alderdi horrek indarra galdu zuen, edukiaren mesedetan. Hala, 1985eko abenduan argitaratu zen gaur egungo aldizkariaren arbaso zuzenaren zero alea: Elhuyar Zientzia eta Teknika .

2009an, berriz, gaur egun duen izena hartu zuen, Elhuyar Zientzia eta Teknologia. Izenarekin batera, aldizkariaren diseinua, formatua eta edukiak berritu eta eguneratu ziren. Eta gerora ere egin ditugu aldaketak, gizartearen ezaugarriei eta eskakizunei moldatzeko. Horien artean, iaz, webgunea berritu genuen; hala, paperean eman ezin diren edukiak eta funtzionalitateak eskaintzen ditugu aldizkaria.elhuyar.org helbidean.

Hain justu, "Euskal Herriko gizarteak zientziari eta teknologiari buruz duen ikuspegiaren ikerketa 2012" aurkeztu berri du Elhuyarrek. Analisia atalean, datu aipagarrienak eta zenbait gogoeta azaltzen dira, baina bada une honetan aipatu beharreko bat: ikerketak erakutsi duenez, gazteek dute zientzia-gaiekiko interes handiena, eta haiek internetera jotzen dute informazio bila. Hortaz, uste dugu erabaki egokia izan zela webgunea indartzea.

Aurrerantzean ere, irakurleekiko eta gizartearekiko dugun konpromezuari eusteko asmoa dugu. Horregatik, Gai Librean atala aberasteko asmoa dugu, zuek bidalitako artikuluei orain arte baino are orri gehiago emanaz. Hori bai, aldaketak aldaketa, xede berberarekin jarraitzen dugu: munduan eta gure herrian egiten den zientziaren berri ematea, euskaraz.

Bukatzeko, atzera begira ere jarri gara, eta Elhuyar anaiei eman diegu zenbaki honen Istorioak atalaren protagonismoa. Haiek ere badute zer ospatu, 230 urte bete baitira wolframioa isolatu zutenetik. Hain zuzen, 1783ko irailaren 28an lortu zuten wolframioa isolatzea eta esku-artean hartzea. Horretarako behar izan zituzten baliabideak lortzeko, espioitza-lanak egin behar izan zituzten, baina... Barruko orrietan duzu istorio osoa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila