Zientzia eta gizarte irekia

Pérez Iglesias, Juan Ignacio

Kultura Zientifikoaren Katedra

EHU-BFA

Zientzia eta teknologiari esker lortu du gizakiak gaur duen bizi-kalitatea. Arlo guztietan ikus daiteke gure bizi-baldintzen hobekuntzan zientziak eta teknologiak izan duten eragina. Hori horrela izan arren, azken urteotan, mesfidantza eta, zenbait kasutan, aurkako jarrerak agertu dira gure gizartean zientzia eta teknologiaren aurrean.
Zientzia eta gizarte irekia
2009/07/01 | Pérez Iglesias, Juan Ignacio | EHUko Fisiologiako katedraduna
Sineskeriei sinesgarritasuna ematen bazaie, neurri berean kentzen zaio sinesgarritasuna ebidentzietan oinarrituriko ezagutzari.
©iStockphoto.com/Sage Yagol

Aurpegi ugari ditu joera horrek. Pentsamendu magikoa da bat, eta eguraldia iragartzeko batzuek erabiltzen duten tenporen metodoa dugu horren adibide hurbil bat. Bestetik, sasizientziak daude: astrologia da horietako bat; ez da bakarra, baina jarraitzaile asko ditu. Zientzia eta teknologiaren aurkakoak dira muturreko jarrera ekologista zenbait ere; hortaz, genoma eraldatuko hazi edo bizidunekin ikertzearen aurkako jarrerek ez dute zentzurik, eta aurreiritzi zein sineskerietan oinarrituta daude. Bestalde, medikuntza alternatiboak ere hor daude; asko dira, baina homeopatia da ezagunena eta zabalduena. Eta, azkenik, kreazionismoa dugu; gure artean ez du, oraingoz, indar handirik, baina Estatu Batuetan eta herri islamdarretan eragin handia dute haren jarraitzaileek eta, hori dela eta, arriskuan dago zientzia biologikoen oinarrien irakaskuntza, horrek dakarren guztiarekin.

Gainera, filosofiaren eta pentsamenduaren alorrean, postmodernismoak eta erlatibismo kulturalak babes intelektuala eman diete arrazionaltasunaren aurkako jarrerei. Izan ere, postmodernismoak, objektibotasunaren kontzeptua bera ere zalantzan ipiniz, eraso gogorra egin die zientziari eta ebidentzietan oinarrituriko ezagutzari.

Ikus daitekeenez, asko dira zientziaren aurkako jarrerak. Horietako batzuek garrantzi eta eragin handiagoa dute besteek baino, baina denak dira arriskutsuak. Sineskeriei sinesgarritasuna ematen bazaie, neurri berean kentzen zaio sinesgarritasuna ebidentzietan oinarrituriko ezagutzari, eta hori oso kaltegarria izan daiteke, zientziarekiko mesfidantza eta sinesgogorkeriarako joerak elikatzen baitira horrela. Kaltegarriak izan daitezke joera horiek, ondorio txarrak ekar baititzakete gure gizartearen etorkizuneko ongizate material zein intelektualarentzat.

Hori esateko, bi arrazoi ditut. Zientziaren balorazioari dagokio lehena. Ebidentzietan oinarrituriko ezagutzaren maila berean jartzen baditugu sineskeriak eta, oro har, zalantzan jartzen badugu zientziaren balioa, ez dugu izango zientzian oinarrituriko produktuak behar bezala baloratzeko arrazoirik. Eta, horrenbestez, zertarako zientzia eta teknologia? Jakina, hori zalantzan jartzen bada, txikiagoa izango da herri-agintariek zientzia eta teknologia sustatzeko izango duten pizgarria, horrek ekarriko lituzkeen ondorioekin.

Baina, lehen esan bezala, bada beste arrazoi bat, lehena bezain garrantzitsua, garrantzitsuagoa ez bada. Eman diezaiogun begiratu bat zientziaren jatorria koka daitekeen garaiari, Argien Mendeari, noski. Kontu ezaguna da garai hartan, zientzia sortzeaz gain, gizarte ireki eta demokratikoen oinarriak ere ezarri zirela. Izan ere, Royal Society zientzia-elkarteko kide John Locke pentsalariaren idazlanek eragin handia izan zuten egungo estatu liberal eta demokratikoen oinarrizko ezaugarrien definizioan. Eta hura ez zen halabeharra izan, berberak baitira gizarte irekiaren ideologiaren eta ezagutza zientifikoaren oinarriak. Askatasuna, zalantza, tolerantzia eta baikortasuna dituzte biek oinarri gisa, eta aurreiritzia, intolerantzia, dogmatismoa eta ezkortasuna dira bien arerio nagusiak.

Zientziaren aurkako jarrerak gailentzen badira, zalantzan jarriko dira zientziaren oinarriak. Eta, beraz, gizarte irekiaren oinarriak eta zientziarenak berberak direla onartzen badugu, biak ipiniko dira kolokan. Azken batean, ebidentzia ez bada egia bilatzeko irizpide nagusia, zergatik onartu beharko genuke, adibidez, gizabanako guztiok berdinak garela eta eskubide berdinak izan behar ditugula? Ondasun materialak ez dira jokoan dauden bakarrak. Gure etorkizuneko ongizatea jokoan dagoela esan dudanean, ondasun intelektual eta politikoak ere hartu ditut barne. Ez dezagun pentsa hori ezin daitekeela gerta. Inon ez dago idatzita gizarteek beti aurrera egin behar dutenik, edo zientzia eta ezagutzaren garapenak atzera itzultzerik ez duenik.

Argi izan behar dugu: zientziaren oinarriak sendoak baldin badira, gurea gizarte irekiagoa, demokratikoagoa eta askeagoa izango da. Edo, beste era batera esanda: ezagutzak --eta kasu honetan, zientzia ezagutzak-- libreago egiten gaitu.

Pérez Iglesias, Juan Ignacio
2
255
2009
7
036
Giza zientziak
Analisia
50
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila