Animaliak patroien bila gabiltza beti, gure biziraupenerako garrantzitsua baita. Tamalez, patroiak aurkitu nahi horrek inolako patroirik ez denean ere ustez aurkitzera garamatza, alegia, gure burua engainatzera. Eta Skinnerren usoak bezala ibiltzeko arriskua dugu, euriaren dantza eginez batzuk, terapia alternatiboetan besteak; guztiak, usoak bezala, bereak funtzionatu egiten duela konbentzituta.
Duela gutxi telebistan ikusia: Galiziako arrantzale bat kazetariari azaltzen nola harrapatzen den olagarroa. Behin uretatik aterata, garrantzitsuena arroken kontra kolpatzea omen, gainerakoan oso gogor geratzen baita haren haragia. Kolpatze horretan arreta handia jarri behar omen da: kolpe-kopuru bakoitia eman behar zaio, inoiz ez bikoitia. 13 edo 15 kolpe emanda, guri-guri geratzen da; 12, 14 edo 16 emanda, berriz, gogor-gogor. Bizi osoa olagarrotan eman duenak ongi baino hobeki daki zer eta nola egin behar den.
Nik ez dut inoiz olagarrorik harrapatu, gutxiago harrien kontra kolpatu, baina, nire aburuz, jokabide horrek ez du, ez hankarik, eta ez bururik, eta arrantzale hori Skinnerren usoen pare dabilela uste dut, eraginik ez den tokian eragina ikusi nahirik. Norbaitek kontrakoaz konbentzitu nahi banau, erakusten ahal dit mekanismo posible bat, edo ongi egindako esperimentu bat. Hala ere, zenbat aldiz ez ote ditugu ikusten gisa horretako sineskeriak?
Euskal Herrian berriro indarra hartzen ari den kontu bat aipatzearren, azter dezadan Ilargia, askok uste baitute ilargialdiak kontuan hartu behar direla, eta ez soilik baserri-munduan. Horretaz ustez zerbait dakienak kontatuko dizu egurra ilberrian egin behar dela, orduan baitaude enborrak idorren. Bai, badakit Ilargiak sortzen dituela mareak, baina badakit, baita ere, Ilargiaren erakarpen grabitatorioa Lurrarena baino hamar milioi aldiz txikiagoa dela gurean, eta, beraz, nekez markatu dezakeela horrek alderik enbor batek duen ur-kantitatean. Are gehiago, badakit landareek ura eskuratzeko duten gaitasuna (haien potentzial hidrikoa) lurraren eta airearen hezetasunarekin lotuta dagoela, eta horiek egun bakar batean askoz diferentzia handiagoa eragin dezaketela Ilargiaren erakarpen grabitatorioak hilabete osoan baino. Gainera, uraren kontu hori horren nabarmena balitz, zuhaitzek ez ote lukete ilberrian zimeldu eta ilbetean lerdendu behar? Zerbait ez dut kontuan hartu? Zer ahaztu dut? Onena, adituei galdetzea.
Ilargiaren eraginaz asko omen dakien norbaitekin hitz egin, eta gauza gero eta sinesgaitzagoa egiten da. Lehenik, goian aipatu dudan ilberriarena soilik pagoa bezala hosto-ertza leuna duten zuhaitzentzat omen. Haritzentzat eta hark bezala hosto-ertza zerratua dutenentzat, berriz, ilbehera omen garairik onena (edo, herriaren arabera, ilbetea). Hosto leuna eta zerratua dituzten espezieen zerrenda egiten saiatu naiz hainbat aditurekin, baina horiek ez etortzen bat! Batentzat leuna, eta, beraz, ilberrian moztu beharrekoa dena, bestarentzat zerratua eta ilbeherakoa. Eta oraindik ez dut aurkitu bere sailkapenean zalantza-izpirik zuenik.
Baina segi dezagun aurrera. Edozein adituk azalduko dizunez, Ilargiak sekulako eragina du, ez soilik egurketarako. Alorrean erein edo landatzeko, ilea mozteko, gorotza zabaltzeko, zerria hiltzeko eta eguneroko beste hainbat lanetarako kontuan hartzen ez baduzu, gorriak ikustekoak zara. Agian horregatik urdinduko zitzaidan niri kaskoa, agian horregatik soiltzen hasi...
Kasu hauetan Ilargiaren erakarpen grabitatorioarekin, mareekin, edo nahi duzunarekin izan litezkeen loturak gero eta ilunagoak dira. Baina adituek behin eta berriz baietz, sekulakoa dela eragina. Eta halako batean ikasiko duzu, aditurik adituenak esanda, badela beste gauza bat oso kontuan hartzekoa egurketarako, alorrerako, ilea mozteko, gorotza zabaltzeko zein zerria hiltzeko: ez ezazu sekula ahaztu ostiralak Ilargia aldatzen duela, alegia, ilberrian egon arren ostirala bada ilbehera balitz bezala funtzionatzen duela. Argi eta garbi, zalantzarik gabe, eta guztiek kontatuko dizute, gainera, araua bete ez zuten kasu batean nola usteldu zitzaien egurra, gorotza zabaldu baina landarerik hazi ez, nola tejotu zen zerrikia, dena bota egin behar izan zutela. Eta ostiralen kontu horren arrazoia? Oso sinplea: Jesukristo ostiralez hil zuten.
Ilargiaren kontu horrek, garai bateko beste hainbat sinesmenek bezala, interes etnologiko handia izanen du. Askok diote ohitura zahar horiei eusteak ez dakarrela inongo kalterik. Nire lagun bat, ordea, asper-asper egina dago gaur egun oraindik bere bizimodua Ilargiaren arabera antolatzearekin; baina esaiozu aitonari asteburu horretan beste plan bat duzula, hurrengoan zabalduko duzuela gorotza.
Gauza batek kezkatzen nau: gure burua zeinen aisa engainatzen dugun ikusteak, ongi trebatutako jende modernoa ere nola erortzen den behin eta berriz sineskerian eta antizientifismoan. Erdi Aroan ulertzekoa zena gaur barkaezina iruditzen zait. Baina, tira, Skinnerren usoz beteta dugu mundua.
Beste batean homeopatiaz idatzi beharko dut.