Giza genomaren hamar miloi polimorfismoak pertsonen itxura fisikoan eta portaeran azaleratzen dira, beste faktore batzuekin elkarreraginean. Hori da teknologia biometrikoen oinarria: ezaugarri biologiko estatiko edo dinamikoetan gizakiak banaka bereiz ditzaketen gako iraunkorrak topatzen dituzte, bai eta neurketak egin ere, eta, jasotako datuetatik abiatuta, pertsonen nortasunari antzemateko metodo bat finkatzen dute. Lan horretan ezaugarri biologiko asko baliogarriak izan badaitezke ere, hatz-aztarnen xehetasunak, aurpegi edo eskuen geometria eta irisaren eredua jotzen dira ezaugarri estatikoen artetik eraginkorrentzat; ezaugarri biologiko dinamikoen artean, berriz, ibili, hitz egin, tekleatu eta sinatzeko erak.
Antzinaroan topa ditzakegu sistema horien aurrekariak, gatibu hartutakoak identifikatzeko erabilitakoak, adibidez; baina oinarri zientifikoa duten sistemak, Alphonse Bertillonena kasu, XIX. mendearen bukaerakoak dira. Buru-hezurren geometrian funtsatutako Bertillonage delakoa herrialde askotako poliziek aplikatu zuten, delitu egiteagatik atxilotutakoak aurretik fitxatuta zeuden ala ez jakiteko. Helburu berarekin, hatz-aztarnen sistemak erabiltzen hasi ziren 1905ean. Hamarkada askoan, datu biometrikoen kudeaketa guztia eskuz egin zen, baina gaur egungo sistema automatizatuetan eskaner batek aztertzen ditu pertsona baten ezaugarriak, eta datu gordinetatik berehala sortzen du patroi biometriko bat (digitalizatua). Norbait erroldatuta dagoen ala ez jakiteko, haren ezaugarriak berriro eskaneatu eta datu-basean bilatzen du patroia ordenagailuak. Hipotesian behintzat, teknologia hobetuz doan heinean emaitzak geroz eta hobeak izango dira. Bestetik, pin kodea ahatz daiteke, eta nortasun-txartela lapurtu edo kopiatu daiteke, baina hatz-aztarna edo irisarekin halakoak gertatzea zailagoa dirudi. Horregatik esan izan da teknologia biometrikoak globalizazioaren golden standard a izango direla. Fikziozko filmetan bezala, ahalmen handia dute aireportu edo base militarren segurtasun-alderdiak sendotzeko, eta/edo finantza-eragiketa garrantzitsuetan laguntza emateko.
Panazea, baina, ez dira. Film askotan ikusi izan ditugu heroi eta maltzurrak gisa horretako sistemei iruzur egiten, ukipen-lente faltsuak, beste bati ostutako atzamarrak edo ahots-simulagailuak erabilita. Bestetik, datu gordinetik eskuratzen den patroi digitalak bereizmen txikia ala handia izan, errore-tasa garrantzitsuak egon daitezke: positiboak , erroldatuta ez dagoen norbait erroldatutzat ematen denean; negatiboak , sistemak erroldatuta dagoen norbait arrotza dela esaten digunean.
Horrez gain, erabilpenaren muga non dagoen eztabaidatzen da. Gisa honetako sistemak jarri dira, besteak beste, Disney World-en, aisialdi-esparruetan eta kiroldegietan, sarrera-abonamenduak titularrak berak erabiltzen dituela bermatzeko; eta ugazaba batzuek langileen fitxatzeko erlojuetan ere jarri dute horrelako dispositibo bat. Kasu horietan guztietan ez dirudi proportziozkoa denik. Aplikaziorik kritikatuena baheketa edo screening biometrikoa da. 2001eko Irailaren 11ko atentatuen ondoren, Superbowl delakoaren finalera zihoazen 100.000 pertsonaren aurpegi-geometria grabatu zen. Milaka pertsonaren datuak jaso ziren, horietakoren batek atentatu bat egitekotan gaizkilea berehala harrapatu ahal izateko. Orain, halako sistema finkoak jarri dituzte AEBko eraikin publikoetan eta aireportuetan, helburu berberarekin.
Batzuek hainbesterako ez dela dioten arren, Frantziako Bioetika Batzordeak 2007an esan zuen pertsonak biometrizatzeko arriskuan gaudela. Besteak nor diren jakin eta haiei buruzko ahalik eta informazio gehien edukitzea gustatuko balitzaigu ere, konstituzio-testuen arabera, pertsonek eskubide osoa dute nor diren, nora doazen eta zertan dabiltzan ez esateko gizarte-bizitzaren egoera gehienetan. Gaur egungo herritarrek ez omen dute ikusten datuak emateak askatasuna murrizten duenik, eta travel puntuak ematen dizkien edonori informazioa emateko prest dirudite; izan, hala da, ordea. Han hemen sakabanatzen ditugun datu guztiak norbaitek batera eskuratuko balitu, biluzik ginateke haren aurrean. Bestetik, gaur egun egiten diren baheketetatik George Orwell-en Big Brother delakora salto egiteko, kaleetan, kutxazainetan, dendetan, errepideetan eta abarretan dauden milaka kamera gisa horretako sistemaren batekin konektatzea besterik ez genuke.
Datuen babeserako legeriak teknologia biometrikoak geldiaraziko dituen ala ez ikusteko dago, interes ekonomiko itzelak baitaude teknologia horien inguruan. Segurtasun nazionala errentagarria izan badaiteke ere, errentagarriagoa litzateke giltza arrunten, pin kodeen edo VISA eta antzeko txartelen ordez bertsio biometrikoren bat erabiliko bagenu, etxean sartu, mugikorra erabili edo erositakoa ordaintzeko. Hamarkadak dira enpresek kalkulatua dutela zenbatekoa den milioika tresna biometriko saldu, erabili eta konpontzearen etekina, baldin eta eguneroko bizitzan uneoro eta ia edozertarako funtzionatuko balute. Baina urte askotan harresi politiko batek gelditu zituen haien asmoak, gobernuek ez baitzituzten begi onez ikusten.
2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, ordea, AEBko gobernuak iritzia aldatu zuen, eta barne-segurtasuna hobetzeko erabilpen ugari garatu zituen. Nahita edo nahi gabe, normalizaziorako bidean jarri zituen horrek teknologia biometrikoak, eta arlo pribatuetan ere hedatzen hasi ziren. Europak ere amore eman du, eta 2009an pasaporte biometrikoa jarri zen abian (txip batean ditu gordeta datu biometrikoak). Harresi politikoa jausi, eta berehala egin dute gora teknologia biometrikoen merkatu-aukera guztiek, etxe barruko erabilpenerakoak barne.
Ikusteko dago teknologia horiek gure gizarte-bizitza seguruago edo arriskutsuago egingo duten. Momentuz, badugu zertan pentsatu. Ematen du, bai, kontrolatuago eta mugitzeko askatasun gutxiagorekin biziko garela, kB gutxiko patroi digital batek laburtzen duela munduan dugun lekua. Teknologia askorekin gertatu den bezala, mahai gainean dugu biometrikoen onurak jaso eta izan litezkeen arriskuak era egokian eta garaiz mugatzeko erronka.