Mikroplastikoak eta osasuna

Joana Larreta Astola

Ozeanografoa eta Kimika Analitikoan doktorea

AZTI

Joserra Otegi Olaso

Ekologistak Martxan taldeko kidea eta EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea

Miren Cajaraville Bereziartua

Zelulen Biologiako katedraduna

EHU

Gure gizartearen asmakizunik onenetakoa da plastikoa. Arina, malgua eta oso merkea. Hala, ia edozer sortzeko zein biltzeko materialik egokiena da. Milaka milioi tona plastiko sortu ditugu jada… eta horietatik % 75 hondakin bihurtu dira. Hortaz, plastikoaren onurak arazo bihurtu zaizkigu, hondakin plastikoen kudeaketa gure gizartearen arazo handienetako bat bilakatzeraino. Ekosistema guztietan sartu dira jada, eta eztabaidan dago zer arrisku ekar ditzakeen maila zelularrean sartu izanak. Bitartean, ez dirudi gure kontsumo-eredua nabarmen aldatuko denik erraz. Zein da irtenbidea?

Plastikoez eta haien arazoez hitz egiteko, eztabaida-saio ireki bat antolatu zuen Elhuyarrek, San Telmo museoan. Mahai-inguruan adituek botatako ikuspuntuak jaso ditugu hurrengo orrialdeetan, eta Zientziakide proiektuaren webgunean irakur ditzakezue ikusleek egindako hausnarketak. Hauek dira adituak:

Joana Larreta Astola, AZTIko ozeanografoa eta Kimika Analitikoan doktorea. Itsasoetako eta Kostaldeetako Ingurumen Kudeaketako taldean ikertzen du.

Joserra Otegi Olaso, EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea eta Ekologistak Martxan taldeko kidea. Taldearen barruan, Hondakinen Batzordean ari da lanean.

Miren Cajaraville Bereziartua, EHUko Zelulen Biologiako katedraduna eta Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian Eusko Jaurlaritzako ikerketa-taldearen burua.

mikroplastikoak-eta-osasuna
Arg. Alba Alioth/Shutterstock.com

“Itsasoko hondakinen kudeaketari heldu behar zaio”

Joana Larreta Astola

Ozeanografoa eta Kimika Analitikoan doktorea (AZTI)

Gaur egun gizartea oso arduratuta dago, besteak beste, mikroplastikoek ingurunean duten presentziaz; batez ere, itsasoan  duten presentziaz eta itsas animaliengan eta giza osasunean duten eraginaz. Modako gaia da, komunikabideetan izugarrizko oihartzuna izaten ari da, gainera, nahiz eta hamarkadak daramatzan plastikoak ingurunean barreiatuta. Ikertzaileek urte-mordoxka bat daramate lanean gai honen inguruan, eta gizartetik eta instituzioetatik sortutako galderei erantzutera eta konponbidea ematera daude bideratuta ikerketa asko. Hala ere, ikerketa gehiagoren beharra dago.

Euskal Herriko datuak

Jakin badakigu plastikoak itsaso guztietan daudela eta kantitate handietan. LIFE LEMA proiektua (https://www.lifelema.eu/es/)  arduratu da Euskal Herriko kostaldean pilatzen den zaborra kuantifikatzeaz, besteak beste. Horretarako, ibaietatik pasatzen den zaborra monitorizatu da, zaborra era adimentsu batez jasotzen dituzten itsasontziez baliatu dira, eta eredu matematikoak egin dira, aurreikuspenak egin ahal izateko. Are gehiago, itsasora zaborra ez heltzeko sistemak aztertu eta administrazioentzako alerta-aplikazioak garatu dira.

Emaitzek erakutsi dute zaborra errenkadatan pilatzen dela kostaldeko uretan; errenkada horiek 1 km-ko luzera izaten dute batez beste, eta 60-92 kg inguru pilatzen dute, udaberrian udan baino gehiago izanik. Kontuan izan behar da udaberrian eta udan tamaina handiko zaborra “arrantzatzen” duten ontziak ibiltzen direla, eta horren ondorioa izan daitekeela, neurri batean behintzat, udan kantitate gutxiago aurkitzea. Gainera, Gipuzkoako kostaldean Iparraldekoan baino gutxiago pilatzen da, nabarmena baita Aturri ibaiaren eta Iparraldeko kostaldean sortzen diren korronteen eragina. Mikroplastikoei dagokienez, bestalde, zera ikusi da ur-gainazalean egin diren azterketan: 0,7-15.300 g/km2 pilatzen dira, eta Iparraldeko kostaldean Gipuzkoakoan baino 5 bider gehiago.

Nondik dator plastikoa?

Datuek erakusten dute itsasoko hondakinen kudeaketaren gaiari heldu behar zaiola, behingoz. Izan ere, plastikoen jatorriaren azterketa pisutan egin denean, ikusi da % 50 itsasoan bertan egiten diren ekintzetatik datorrela (arrantza, itsas garraioa, turismoa…), eta beste guztiaren jatorria zein den ezin dela ondo jakin, lurretik datorrena edo itsasokoa izan baitaiteke.

Kostaldeko itsas ur-azalean aurkitu daitezkeen produkturik ohikoenak plastiko-zati txikiak eta arrantzarako erabiltzen diren sokak, sareak eta pitak dira. Ehuneko txikiago batean, aldiz, jatorri identifikaezineko plastiko-produktuak, janari-edukiontziak, botilak eta tapoiak, litxarreria-poltsak eta makilatxoak. 

Aditiboen auzia

Itsasoan, ur-gainazalean dagoena aztertu da LIFE LEMAn, baina badakigu itsas hondoan, sedimentu, hareatan eta itsas bizidunetan ere agertzen direla plastikoak eta mikroplastikoak. Horien eragina argia da, batez ere, fisikoa, baina kutsadura kimiko aldetik zer eragin duen jakiteko azterketa gehiago egin beharra dago. Batez ere, plastikoei erabilpen desberdinetarako itxura, forma eta gogortasuna ematen dieten aditiboen eragin kimikoa aztertu beharra dago.

Beste toki batzuetan agertzen denarekin alderatu ahal izateko ere, lanak antzekoak izatea lortu behar da, ez baitago prozedura bateraturik; ez laginketak egiteko, ez hartutako laginen azterketak egiteko, ezta emaitzak adierazteko ere. Europako Itsas Estrategian badago deskribatuta zer aztertu behar den, baina ez du adierazten zer metodologia erabili, eta Europa mailan, zailtasunak daude datuak konparatzeko garaian. Zientzialarien aldetik, konponbidea ematen ari zaio hutsune horri; hala ere, plastikoak eta mikroplastikoak erronka bat dira, eta ikerketa-ildo asko dituzte, galderak ugari direlako. Argi dagoena da plastikoak kutsatzaileak diren heinean, haien inguruko araudi argiak eta zorrotzak behar direla.

 

“Plastikoak: birziklatzea ez da irtenbidea”

Joserra Otegi Olaso

Ekologistak Martxan taldeko kidea eta EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea

Gaur egun, egunero 22.000 tona plastiko botatzen dugu itsasora. Alderaketa bat egitearren, Prestigeren hondamendiak 60.000 tona fuel isuri zituen, 2002an; guk bizpahiru egunean isurtzen dugu halako plastiko-kantitatea.

Mikroplastikoetako batzuk nahita ekoizten dira, plastiko-produktuak ekoizteko lehengai gisa. Baina gehienak plastikozko piezak hondatzearen ondorio dira. Plastikozko pieza horiek ur kontinentaletan edo ozeanoetan amaitzen dute, eta degradatuz doaz. Kate trofikotik igotzen dira gizakiongana iritsi arte.

Kalkulatzen da plastikoa ekoizten hasi ginenetik 8.300 milioi tona plastiko sortu dugula, eta horietatik 6.300 milioi tona hondakin bihurtu ditugula. Hau da, sortutakoaren gehiengoa hondakin bihurtu dugu. Baina zergatik bukatzen du plastikoak hondakinen sisteman? Ekoizleak ez dira hondakinez arduratzen; hala, ekoizlearengandik kontsumitzailearengana igarotzen da plastikoaren jabetza. Azkenean, erabiltzaileak bota egiten du, eta gizartearen nahigabeko ardura izatera igarotzen da.

Azukrearen industria

Janari-bilgarriak, botilak eta poltsak dira gehien erabiltzen diren hondakin plastikoak. Izan ere, jaki prozesatuak dira biltzeko plastiko gehien erabiltzen dutenak, eta harreman bitxia gertatzen da bien artean: elikagai aurreprozesatuak gatz eta azukre asko izateagatik nutrizionistek gutxi gomendatzeaz gain, haien bilgarria bera ere giza osasunerako mehatxu bihurtzen da. Harreman estuan daude azukrearen eta plastikoaren industriak.

Bestetik, plastikoak “ondo bidaiatzen du”. Edozer bildu eta garraiatzeko merkea eta ona denez, arazo sozial bat sortzen du horrekin: kontsumitzailearengandik urrun dagoen ekoizpen industriala bultzatzen du.

Kostuaren ikuspegitik, ordea, plastikoaren bizitza-ziklo osoa ez dago behar bezala kalkulatuta. Erabili ondoren berreskuratzearen kostua jaso beharko litzake, Ekoizlearen Erantzukizun Zabaleko programek defendatzen duten bezala. Hori egingo balitz, ez litzateke hain errentagarria izango.

Birziklatzeak kontzientzia murrizten du

Birziklatzea ez da irtenbidea. Plastiko gehiena ezin da birziklatu —nahiz eta botilaratze-enpresa handiak tematu egiten diren plastikoa birziklatzeko aukeraz hitz egiten—, eta birziklagarria den horretatik oso ehuneko txiki bat da errentagarria. Gainera, zati txiki horretatik zati txiki bat baino ez da berreskuratzen. Eta horrek ez du aldatzeko itxurarik.

Botila hutsik edukiontzi horira botatzeak gure erantzukizun-zatia bete izanaren sentsazioa ematen du, baina, egiaz, baliabide naturalen gehiegizko erabileraren kontzientzia minimizatzen du horrek.

Baldin eta plastikoa gure eguneroko arazoetarako irtenbide bakarra izan dadin apustu egiten badugu, eta ura garraiatzeko, janzteko eta gure elikagaiak babesteko etengabe erabiltzen badugu… gure elikagaietan, gure uretan eta arnasten dugun airean plastikoa aurkitzearen aldeko apustua ere egiten ari gara.

Plastikoaren ekoizpena zaildu behar da

Osasunaren Mundu Erakundeak dio gehiago ikertu behar dela plastikoen kutsadura kimikoaz. Baina argi dio gelditu egin behar dela mundu mailan gertatzen ari den plastiko-kutsaduraren gorakada. Eta hau gomendatzen du: “Neurriak hartu beharko lirateke plastikoak hobeto kudeatzeko eta, ahal den heinean, gutxiago erabiltzeko. Izan ere, edateko uretako mikroplastikoekiko esposizioak osasunerako arrisku txikia eragingo balu ere, ekintza horiek beste onura batzuk ekar ditzakete ingurumenerako eta giza ongizaterako”.

Kontsumoaren gehiegikeria elikagaien eta arropen gainprodukzioaren oinarrian dago, baita haiekin batera doazen plastikoen oinarrian ere. Gure kontsumo-ohituren ondorioen arduragabe egiten gaitu. Baina horrek berak tokiko komunitateen desegituraketa sortzen du, eta bidegabekeria sozialak areagotzea ahalbidetzen du.

Erakundeek kontsumo hurbilagoen aldeko apustua egin behar dute, denboran eta espazioan. Eta ekoizleek benetan beren zaborren erantzule izatea bermatu behar dute. Nire ustez, plastikoaren ekoizpena zaildu behar da. Eta hondakinak kudeatzeko sistemak birpentsatu.

 

“Mikro eta nanoplastikoek Troiako zaldi gisa joka dezakete”

Miren Cajaraville Bereziartua

Zelulen Biologiako katedraduna (EHU)

Azken hamarkadetako plastikoen ekoizpen handiak guztiz gainditu du sortzen dugun plastiko-zaborra kudeatzeko daukagun gaitasuna. Ondorioa aski ezaguna da: plastiko-zaborra metatu egin da mundu osoko ingurune lurtar zein urtarretan. Plastikozko 4,8 eta 12,7 milioi tona artean iristen da munduko itsaso eta ozeanoetara, urtero; zabortegi erraldoi bilakatu dira. Komunikabideetan denok ikusi ditugu arrantza-sareekin edo bestelako plastiko handiekin trabatutako dortoka edo arrainen irudi ikusgarri zein hunkigarriak. Baina, tamalez, plastiko handien zuzeneko efektu fisiko horiekin alderatuta, askoz gehiago arduratu behar gaituzte hain ikusgarri ez diren tamaina txikiko plastikoek.

Mikro eta nanoeskalan

5 mm baino txikiagoak diren plastikozko materialak dira mikroplastikoak, eta, haien artean, 100 nm baino txikiagoak direnek nanoplastiko izena hartzen dute. Ingurunean dauden plastiko handiagoak apurtuz eratzen dira mikroplastiko eta nanoplastiko gehienak. Beste batzuk, ordea, tamaina horretan ekoizten dira zuzenean. Haien tamaina txikia dela eta, askotariko organismoek irents ditzakete, eta gai dira zeluletan sartu eta kalteak eragiteko. Gaitasun hori polimero-motaren, tamainaren, formaren eta beste faktore batzuen menpe dago.

Mikroplastikoak, Troiako zaldi

Kate trofikoetan gora egin ahala, mikroplastiko eta nanoplastikoen biomagnifikazioa gertatzen dira, eta, dagoeneko, gizakian ere agertu dira. Are gehiago, mikroplastikoek eta nanoplastikoek duten azalera/bolumen erlazio handia eta hidrofobizitatea dela eta, ingurunean dauden kutsatzaile organiko iraunkorrak adsorba ditzakete, eta haien eskuragarritasuna emendatu organismoentzat. Beraz, kutsatzaile organiko iraunkorrak garraiatzen dituzte, Troiako zaldi moduan arituz. Patogenoen garraiatzaile ere izan daitezke. Bestalde, plastikoen konposizioan, polimero nagusiaz gain bestelako aditiboak ere ager daitezke —suaren aurkako produktuak, plastifikanteak, agente koloratzaileak, argi ultramorearen egonkortzaileak eta antioxidatzaileak, besteak beste—. Horietako batzuk konposatu arriskutsuak dira, eta ingurunera aska daitezke. Zenbaitek disruptore endokrino gisa jardun dezakete, eta horrek arrisku gehigarri bat eragiten du ekosistemen eta gizakien osasunean.

Nola egin mikroplastikoen jarraipena?

Oraintsu arte, mikroplastiko eta nanoplastikoek organismoetan dituzten eraginak laborategiko esperimentuen bitartez ikertu dira batez ere, mikroplastiko eta nanoplastiko esferiko komertzialak erabiliz. Aurrean daukagun erronketako bat da ulertzea zer eragin dituzten ingurunean agertzen diren mikroplastiko eta nanoplastikoek; ez bakarrik partikula esferikoek, baita zuntzek eta bestelako formak dituztenek ere. Ezinbestekoa da aztertzea inguruneko “benetako” plastiko horiek zer gaitasun duten konposatu kimiko arriskutsuak adsorbatzeko zein askatzeko, ingurunean sor dezaketen kaltea ulertu ahal izateko. Bestalde, mikroplastikoak ingurunean eta organismoetan monitorizatzeko teknologian aurrerapausoak eman diren arren, bada beste erronka garrantzitsu bat: ingurunean eta organismoetan, baita gizakietan ere, agertzen diren nanoplastikoen jarraipena egin ahal izatea.

Oro har, saihetsezina da plastikoen bidezko kutsadura murrizteko ahaleginak emendatzea, kutsadura horrek ingurunean eta, ondorioz, gure ongizatean, gizartean eta ekonomian dakartzan kalteak ekidin nahi baditugu. Horretarako, plastiko iraunkorren ekoizpena bortizki gutxitu beharko da, eta plastiko-zaborra modu eraginkorrean eta epe luzeagoetan berrerabiltzeko estrategiak hobetu, plastikoen ekonomia zirkular baterantz mugituz. Halaber, plastiko biodegradagarrien alorra sustatu beharko da, ingurunearentzat arrisku txikiagoa duten heinean. Baina, horretaz gain, plastikoen kutsaduraren arazoa konpontzeko, beharrezkoa izango da gizartean eta ekonomian aldaketa sakonak egitea, maila guztietan, maila lokaletik hasi eta mundu mailaraino.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila