Lurralde-antolamendua eta bizitza

Patxi Galarraga Aiestaran

Arkitektoa

PROJEKTA URBESeko kidea

Aitziber Sarobe Egiguren

Biologian doktorea

Arkamurka Natur Taldeko kidea

Imanol Azkue Ibarbia

Euskara-teknikaria

Elhuyar

Hirigintzak eta lurraldearen antolamenduak eragin handia dute gure bizitzan: osasunean, ingurunean, generoan, kontsumo-ohituretan, baita hizkuntza-erabileran ere. Hortaz, garrantzitsua da begirada horiek guztiak hiri-plangintzetan txertatzea. Baina nola antolatu beharko lirateke hiriak bizitza erdigunean jartzeko? Nola planifikatu osasuna sustatzeko, haurrek kalean jolastu ahal izateko eta zahartze aktiboa bultzatzeko edota gure hizkuntza zaintzeko? Egungo hiriek duten izaera urbano horretatik urrundu eta naturalizatu egin beharko lirateke? Betaurreko moreak jarri beharko genituzke hirigintzan ere?

Lurralde-antolamenduari buruz hausnartu eta gure herri zein hirietan alternatibak eraikitzen hasteko, eztabaida-saio ireki bat antolatu zuen Elhuyarrek, San Telmo museoan. Hiru gairen inguruan ardaztu zen saioa: nola eragiten duen lurralde-antolamenduak osasunean, ingurumenean eta hizkuntzan. Mahai-inguruan adituek emandako ikuspuntuak jaso ditugu hurrengo orrialdeetan, eta Zientziakide proiektuaren webgunean irakur ditzakezue beste parte-hartzaileek egindako hausnarketak. Hauek dira adituak: Patxi Galarraga Aiestaran, arkitektoa eta PROJEKTA URBESeko kidea. Hirigintzan eta arkitekturan osasunaren sustapena eta ekitatea txertatzeko aholkularitza ematen du. Aitziber Sarobe Egiguren, biologoa eta Zarauzko Arkamurka Natur Taldeko kidea. Urteak daramatza natura-kontserbazioaren alde lanean. Eta Imanol Azkue Ibarbia, Geografia eta Historian lizentziatua, idazlea eta Elhuyar Fundazioko teknikaria. Urte luzez, euskara-planak ezartzen aritua.

lurralde-antolamendua-eta-bizitza
Arg. Luxigon

“Osasunean, kode postala erabakigarriagoa da kode genetikoa baino”

Patxi Galarraga Aiestaran

Arkitektoa. PROJEKTA URBESeko kidea

Osasuna, gaixotasun eza baino gehiago

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), “osasuna erabateko ongizate fisiko, mental eta soziala izatea da” (1946). Dagoeneko 70 urte baino gehiago dituen definizio horretan, hiru hanka ditu osasunak, eta hirurak hartu beharko lirateke aintzat, baita lurralde-antolamenduaren inguruan hartzen diren erabakietan ere.

Bizi-ohiturak ala bizi-baldintzak?

Ebidentzia zientifikoak babestuta, badakigu gizabanakoon kode genetikoak eta herrialde bakoitzeko osasun-sistemaren kalitateak baino ekarpen handiagoa egiten diotela ingurune fisikoak eta soziopolitikoak osasunari eta eritasunari. Horrela, bizi-itxaropenekin lotutako datuak mapa gainean jarriz gero, erraz ikus daiteke erabakigarriagoa dela posta-kodea kode genetikoa baino, osasunari dagokionez, behintzat.

Erabaki osasungarriak erraztu

Babesteaz gain, osasuna sustatu ere egin daiteke. Ingurune fisikoa (lurraldea, hiria, eraikina) aldatuko duen proiektu orotan, osasuna sustatzeko biderik eraginkorrena da erabaki eta ohitura osasungarriak eskuragarri jartzea eta erraztea.

Noren osasuna?

Populazioaren osasun-maila hobetzeko modu eraginkorrena —eta bidezkoena— da osasunaren inguruko desberdinkeriak murriztea, eta, horretarako, desabantaila-egoera handienean daudenen beharrizanak lehenetsi behar dira (eskualdeak, auzoak, populazio-taldeak…). Hala, ekitatez jokatzea exijitu behar zaie berdintasunaren izenean axolagabekeriaz lan egiten duten eragileei. Horretan lagungarri izan daitezke, besteak beste, partaidetza-prozesuak edota genero-ikuspegiaren inguruko ezagutza eta araudia.

Nola txertatu osasuna, arautuz ala gidatuz?

Proiektuek eragin ditzaketen kalte zein arriskuak zaintzeko eta zuzentzeko, arau mordoa hartu behar da kontuan; besteak beste, ingurumena edota euskara babesteko. Baina, osasunari dagokionez, erabat itxi gabeko zalantza da honako hau: arautzea al da lurralde-antolamenduko eta hiri-plangintzako proiektuetan osasuna txertatzeko biderik eraginkorrena?

Osasuna EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerro berrietan

2019ko uztailean onartu ziren datozen 20 urteetan EAEn indarrean egongo diren lurralde-, sektore- eta hiri-plangintzak. Berritasunen artean, bada printzipio gidari bat honako zeharkako gai hauek sartzen dituena lurralde-antolamenduan: (i) irisgarritasun unibertsala, (ii) genero-ikuspegia, (iii) klima-aldaketa, (iv) osasuna, (v) euskara eta (vi) lurralde-erlazioa. Jarraian, osasunaren arloko gidalerroak:

  1. Hiri-garapen trinkoak sustatzea, lurzoruaren erabilera mistoaz, ongi lotutako kale irisgarriez eta bizitegi- eta merkataritza-dentsitate egokiaz, eta garapen berriak lehendik dauden garapenetan integratzea.
  2. Gune eroso, seguru eta jende guztiarentzat irisgarriak sortzea, herritarren ongizatearen eta kohesio sozialaren mesedetan.
  3. Ekipamendu-sareetarako berdintasunezko irisgarritasuna bultzatzea, eta sare horiek orekaz banatzea.
  4. Oinezkoen korridoreen bidez, bizikleta-sarearen bidez edo garraio publikoaren bidez elkarri lotutako eta hiri-ingurunearekin lotutako berdegune eta/edo eremu naturalen erabilera sustatzea.
  5. Mugikortasun aktiboa sustatzea, eta horretarako:
  • Hiri-garapen dentso eta trinkoak egikaritzea, lurzorua eta ongi konektatutako kale irisgarriak modu mistoan erabiliz.
  • Oinez ibiltzeko moduko inguruneak diseinatzea, jarduera fisikoa egitea eragozten duten oztopoak kenduz.
  • Mugikortasun aktiboko modu desberdinak bultzatzea (oinez, bizikletaz edo motorrik gabeko beste moduren bat).
  1. Kutsatzaileen kontzentrazioa murriztea, hiriko zein hiriarteko garraio publikoaren erabilera sustatuz.
  2. Kalitateko etxebizitza osasungarriak bermatzea, zeinak irisgarriak izango baitira jende guztiarentzat eta energiaren alorrean efizienteak, eta, horretarako, hirigintza-diseinuan irizpide bioklimatikoak sartzea. Halaber, etxebizitza eskuragarri mota bat baino gehiago eta integrazio tipologikoa sustatzea biztanle-talde guztientzat (egoera soziala, kulturala, ekonomikoa, adina, funtzionalitatea...).
  3. Nekazaritza-erabilerako lurrak babestu eta leheneratzea, eta hurbileko elikadura osasungarria sustatzea.
  4. Oroimen kolektiboan garrantzi naturala, historikoa edo kulturala duten edo nortasuna duten lekuak zaintzea eta/edo hobetzea.

 

 

“Ondare naturala berreskuratzeko apustu politikoa behar da”

Aitziber Sarobe Egiguren

Biologoa. Arkamurka Natur Taldeko kidea

 

Euskal Herrian bizi garenok gure lurraldearekiko irudikapen ezberdina dugu, lurraldea hitzaren esanahia eta mugak aldatu egiten baitira; sarri, testuinguruaren arabera. Lurralde-antolamenduak ingurumenaren zaintza bermatzeko nolakoa izan beharko lukeen eztabaidatzen hasteko, hauxe da lehendabizi erantzun beharreko galdera: zeintzuk dira gure lurraldearen mugak?

Atturri eta Ebro artean, bi estatu eta hiru administraziotan banatuta dago Euskal Herria. Banaketa hori bera da, hain zuzen, lurraldearen antolamendua oztopatzen duen baldintza. Izan ere, euskaldunok ez daukagu gure lurraldea bere osotasunean hartzen duen egitura administratiborik. Nola erantzun herri osoaren ikuspegiarekin, hiru administrazio ezberdinek, bakoitzak bere ahalmenen eta interesen baitan diseinatutako lurralde-antolaketari?

Legediaren amarauna

Garrantzitsua da lurralde-antolaketarako legedia ezagutzea, ingurumenaren zaintza bermatzeko. Giza jarduera orok du eragina ingurumenean, eta ingurumen osasuntsuan bizitzea eskubidea denez, administrazioak eragin horiek eta horien ondorioak arautzeko eta kudeatzeko betekizuna dauka. Baina, lurralde-antolaketarako legedia konplexua bada, legedi horren baitan giza jarduerak tokian-tokian baimentzeko prozedurek amarauna osatzen dute.

Legediaren arkitektura konplexuari (Estatuko eta Europako zuzentarauak eta lege orokorrak, Lurralde Antolaketarako Gidalerroak, Plan sektorialak, Plan partzialak, Hirigintza Plan Orokorrak eta abar), legedia kudeatzeko ardurak dituzten erakundeen aniztasuna gehitu behar zaio: estatuen eskumenekoak (kostaldean, bereziki, estatuena baita eskumen legegile nagusia), aldundiak, udalak, uraren kudeaketaren ardura dutenak (URA ur-agentzia, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa)… Legediaren garapenerako zein kudeaketarako, herritarren parte-hartzea legez araututa dago; baina nola ahaldundu herri-eragileak, eta, oro har, herritarrak euren parte-hartzea eraginkorra izateko? Nola ahaldundu administrazioaren jardunaren zaintza eta jarraipena egin ahal izateko? Garapenaren izenean, ingurumenean gero eta eragin handiagoa duten proiektuen aurrean, nola erantzun tokian tokitik herri-ikuspegia galdu gabe?

Natura 2000 sarea, lurralde osorako oinarria

Zorionez, naturak ez ditu banaketa eta antolamendu administratiboak ezagutzen. Basabizitzak ingurumen-baldintzak ditu aukera eta muga; gizakia sistema horren parte da, eta zoritxarrez, gaur-gaurkoz, sistema horren eraldatzaile nagusia da. Euskal Herrian ez dago gizakiak eraldatu gabeko eremurik. Gure lurraldea eta bertako bioaniztasuna gure behar eta nahietarako baliatu dugu. Horrek gure natura-ondarearen eta, beraz, ingurunearen osasunaren galera eragin du, baina, oraindik orain, badugu zer zaindu. Eta, hori bezain garrantzitsuena dena, badakigu zer eta nola berreskuratu. Hori guztia, gainera, herri-ikuspegiarekin egin dezakegu, natura-kontserbazioaren zaintzarako eta berreskurapenerako legedia Europar Batasunean adostu baita Natura 2000 sarearen barruan. Beraz, badugu Euskal Herri osoa hartzen duen legedi bat. Horren jabe gara euskaldunak?

Euskal Herriaren ondare naturala berreskuratzea eta ezagutaraztea, egun eztabaidaezina den krisi ekologiko globalari erantzuteko ezinbesteko baldintza ez ezik, Euskal Herri osorako proiektu kolektibo moderno eta erakargarria irudikatzeko apustu politiko eraginkorra izan daiteke. Besteak beste, mundu mailako mugimenduaren haizearen norabidean kalera atera den euskal gazteriaren aldarriei erantzuteko.

 

“Barne-migrazioa eta hirigintza dira hizkuntzan gehien eragiten duten faktoreak”

Imanol Azkue Ibarbia

Euskara-teknikaria, Elhuyar

Hizkuntzak lurraldeari edo inguruari izena ematen dio, hizkuntzaren bidez izendatzen ditugu lurraldeko osagaiak: kaleak, mendiak, etxeak, auzoak, herriak… Gainera, hizkuntzak lekua behar du lur hartzeko eta bizitzeko, euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza, eta mapan ere marrazten dugu, lurraldearen arabera euskalkitan banatuta. Are gehiago: hizkuntzak inguruko biodibertsitatearekin daude harremanetan, eta hizkuntzen bidez transmititzen dira naturari buruzko ezagutzak eta naturarekin harremanetan jartzeko erak. Beraz, lurraldearen eta hizkuntzen arteko lotura estua da.

Baina zer da hizkuntza hiztunik gabe? Ia ezer ere ez, eta hirigintzak, lurralde-antolamenduak eta azpiegiturek ez dute eragiten hizkuntzetan, baizik eta hiztunongan. Lurralde-antolamenduak eta hirigintzak hiztunen bizimodua erraztu edo zaildu egiten dute, hiztunak hobeto edo okerrago bizitzea eragiten dute, eta eragina onuragarria edo kaltegarria izan daiteke. Beraz, lurralde-antolamenduak eragina dauka, eta handia, hiztunongan eta hizkuntzetan.

Hiztunen elkarguneak

Hizkuntzak hitz egiten ditugunok espazio fisikoren bat behar dugu hitz egiteko, elkarrekin harremanetan jartzeko, eta hirigintzak eta lurralde-antolamenduak hizketarako leku horiek erraztu edo zaildu egiten dizkigute. Leku horiek egokiak, eskuragarriak eta erakargarriak baldin badira, jendea elkartuko da eta hitz egingo du; adibidez, trafikorik gabe oinez lasai ibiltzeko kaleetan, eguraldi txarretik babesteko aterpeetan… Non elkartzen da jendea? Bultza ditzagun elkargune horiek, hizkuntza bera ere sustatzeko eta babesteko. Gaur egun, COVID-19aren eraginez, eragotzi edo zaildu egiten da jende asko elkartzea, baina bueltatuko ahal gara noizbait lehengoaren antzeko egoerara.

Lurralde-antolamendua eta hirigintza tresna egokiak dira hiztunon elkarguneak errazteko: inguru euskaldunetan, herritarrak harremanetan jartzeko guneak bultzatzeko eta bermatzeko; inguru erdaldunetan, berriz, euskal hiztunak biltzeko, elkar ezagutzeko eta trinkotzeko, euskara hegemoniko izango den lekuak sortuta.

Proiektuak, asmoak, azpiegiturak aztertzen ditugunean, gehienetan kontuan hartzen dira eragin ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa, osasunekoa eta hiztunengan eta hizkuntzaren egoeran ere izan dezakete eragina: herrian edo auzoan zahar-etxe bat jartzen bada, ospitale bat eraikitzen bada, museo bat zabaltzen bada… herritarren egunerokoan eragiten badu, hizkuntzan ere eragingo du, onerako zein txarrerako; adibidez, auzoan museo bat jartzen baldin bada, eta batez ere umeak edo gazteak baldin badatoz bisitan, agian euskara gehiago entzungo da inguruan; eta, bide batez, museo horrek hizkuntza-irizpide garbiak hasieratik ezarrita baldin badauzka, askoz ere hobeto.

Herrigintzatik hirigintzara

Gaindegiak 2016an azterketa sakona egin zuen hizkuntzan eta hiztunengan eragiten duten faktoreak aztertzeko. 126 udalerritako datu demolinguistikoak eta sozioekonomikoak aztertuta, 234 adierazle gurutzatuta, ondorioztatu zuen faktore garrantzitsuenak batez ere bi zirela: barne-migrazioa eta hirigintza. Gainera, lurralde-antolamenduaren bidez, posible da lurralde euskaldunen edo arnasguneen arteko loturak sendotu eta sareak estutzea, eskualdeko ikuspegiarekin lan eginda, eta azpiegiturak planteatzen direnean (adibidez, garraiobideak, ekipamenduak…), eremu horien arteko loturak bermatuta. Lurralde-antolamendua oso tresna baliagarria da herritarron bizimodua hobetzeko, eta hizkuntza indartzeko edo ahultzeko ere bai.

Bukatzeko, euskarazko bi hitz ekarri nahi ditut hona, antzekoak baina oso desberdinak: herrigintza eta hirigintza. Herritik hirira badago aldea, baina esango nuke herrigintzatik hirigintzara aldea are handiagoa dela. Euskararen etorkizuna hirietan jokatuko omen da, hiztun gehienak haietan daudelako, baina herrigintzan bezala, hirigintzan ere gehiago nabarmendu beharko genuke hizkuntzaren osagaia.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila