Gorputzaren merkantilizazioa

Alkorta Idiazkez, Itziar

Bioetikan aditua eta aritua. Zuzenbide Zibileko irakaslea

EHU

Guilló Arakistain, Miren

Antropologoa. Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia saileko irakaslea

EHU

Osasunerako baliabide medikoak izatea eskubide bat bada ere, medikuntzaren eta bioteknologiaren erabilerak kezka etikoak ere sortzen ditu gizartean batzuetan. Izan ere, bioteknologiaren baliabideek elkartasunetik merkaturako bidea egin dute askotan; giza duintasuna kolokan jartzeraino, zenbaitetan.

Asko dira kezka sortzen duten adibideak. Amatasun subrogatua da horietako bat: batzuek diote gorputzaren merkantilizazioaren adibiderik gordinena dela, emakume zaurgarrienen esplotazioari ateak irekitzen dizkiola; beste hainbatentzat, ordea, baimena dagoen bitartean ez dago esplotaziorik. Baina ez da bioteknologiak sortzen duen kezka bakarra. Bestelako auziak ere ugariak dira: genetikaren patenteak eta komertzializazioa, datu biometrikoen erabilera, medikuntza eta bioteknologiaren inguruan sortu den industria pribatu indartsua, teknologiek berek sor ditzaketen desberdinkeria sozialak…

Sortzen dituen kezkak ikusita, garrantzitsua da eztabaida sozialari heltzea, eta, zergatik ez, merkatuaren interesekin beharrean, gizartearen kezkekin lerrokatuago dauden politika publikoak ezartzea. Eztabaidarako abiapuntu gisa, bi ikertzaile gonbidatu ditugu iritzia ematera:

Itziar Alkorta

Itziar Alkorta Idiakez, bioetikan aditua eta aritua. Zuzenbide Zibileko irakaslea da EHUn. Jakiundeko kidea ere bada, eta ibilbide luzea du giza ugalkortasunaren inguruko auziak ikertzen.

Miren Guilló

Miren Guilló Arakistain, antropologoa. Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia saileko irakaslea da EHUn. Doktore-tesian, hilekoaren politika eta kultura alternatiboak aztertu ditu.

gorputzaren-merkantilizazioa
Arg. ARG.: Cornelis Cornelisz. van Haarlem/The Fall of Man (1592), Rijksmuseum.

“Gorputza, makina eta salerosketak”

Itziar Alkorta Idiakez

Zuzenbide Zibileko irakaslea eta ikertzailea (EHU)

Giza gorputzaren historiari erreparatzen badiogu, berehala ohartuko gara ikuspegiak eta begiradak asko aldatu direla denboran zehar. Har dezagun, esate baterako, Cornelis van Haarlem-en Gizakiaren Jauzia koadroa (aurreko orrialdean). Adam eta Eva irudikatzen dira, Edemen erdian, hain ondorio larriak izango dituen bekatuan jausi aurreko unean. Ezerk ez du zoritxarra iragartzen, sugeak izan ezik…

Arretaz begiratuz gero, ohartuko gara gorputz lerden horiek estetika berri bat adierazten dutela, garaiko aurkikuntza anatomikoetan oinarritua. Ordura arte, uste zen gorputzek izarren mugimenduari eta kosmosaren indarrei jarraitzen zietela; geroztik, logika bat baino gehiago nagusitu izan dira gorputzaren funtzionamendua azaltzeko: mekanikaren logika, energiaren sartu-irtena, informazioaren trukea… Giza gorputzaren gaineko begiradak eta epistemologiak aldatuz joan badira, galde dezakegu: nolakoa da gaur egun giza gorputzaren gainean dugun begirada? Ikuspegi anitzetatik heldu dakioke galdera horri: zientziarena, medikuntzarena, epailearena, artearena, elizarena... Hemen, bioteknologiaren ikuspegia jorratu nahi nuke. Eta hasieratik esango dut: iruditzen zait egungo gure begiradak gero eta gertuago ikusten dituela gorputza eta makina, bien arteko mugak lausotzen ariko balira bezala.

Bioteknologiaren begirada

Giza gorputzaren atalak, ehunak eta geneak salgai daude aspalditik. Esan izan da giza gorputza dela gure garaiko “El Dorado” berria. “Moore” kasuarekin hasi zen dena, paziente baten ehunetatik eratorritako T zelula-lerroaren jabetza norena zen auzitan jarri zenean: pazientearena edo ikertzaileena. Handik gutxira, Australiako bioteknologia-enpresa batek Tonga tribuaren gene-sekuentzia bat patentatu zuen, eta irabazi handiak jaso zituen diabetesaren kontrako tratamenduen ikerketatik. Tonga tribukoek ez zuten inolako mozkinik jaso. Haien buruzagiak honela ikusi zuen jazotakoa: “Aurretik, osasun-belar bila etorri ziren; orain, gure geneak eraman nahi dituzte”.

Gorputzak salgai?

Zelulak, geneak eta organoak merkaturatuta, giza gorputzaren funtzioak ere salgai jarri dira. Indiako Gujarat estatuan, hainbat klinika pribatuk —bertako Gobernadoreak sortu eta diruz lagunduak— giza gorputzak eskaintzen dituzte medikamendu eta txertoen proba klinikoak egiteko. Baita emakumeen sabelak ere, umeak egiteko. Herrialde aberatsetako ume-gosea asetzeko emakume anonimoak erabiltzen dituzten prozesu industrializatuak baino ez dira.

Eta, azken boladan, COVID-19aren izurriteak ekarri duen iraultza digitala ere aipa dezakegu. Mugikor zein aparailu adimendunek xurgatutako osasun-datuen eta datu sozialen multzo itzela batu dugu milaka zerbitzaritan. Ondoren, datuok aztertu, eta programa adimendunek gorputz-funtzioak behatu eta artatuko dituzte, erabaki automatizatuak hartuz.

Salerosketarako “gauza”

Gure gorputzetatik erauzitako geneak, ehunak, informazioa eta funtzioak baliatzen ditu bioteknologiak produktu berriak merkaturatzeko eta beste gorputz batzuetan txertatzeko —gaixorik dauden atalak osatzeko zein giza gorputzaren funtzioak hobetzeko—.

Puntu honetan, ohar bat egin behar da: zuzenbide modernoan ezarri zen giza gorputzek eta gorputz-atalek komertziotik at egon behar dutela, ezin baitira “gauza” kontsideratu. Baina azken legeek araua aldatu dute. Egun, pazienteak dohaintzan laga diezaioke bere biomateriala ikerlariari edo industria bioteknologikoari. Dohaintzan emate horrek ahalbideratzen die ikertzaileei edo biomedikuntza-enpresei elementu horiek moldatu, merkaturatu eta baita patentatzea ere. Horretarako, ordea, giza gorputzak “gauza” direla kontsideratu behar dugu aurretik.

Nire ustez, gorputz-atalak erauzteko eta txertatzeko dinamika usuek lausotu egiten dituzte gorputzen eta makinen arteko mugak. Aldi berean, gizakiaren gorputz-atalak eta informazioa salgai badaude, eta haiek erosten dituenak beregan gorpuzten baditu, ez ote gaude gizakiak “gauza” bihurtzeko bidean?

 

“Osasuna, teknologia feministak eta desberdinkeria sozialen kontrako politikak" 

Miren Guilló Arakistain

Gizarte Antropologiako irakaslea eta ikertzailea (EHU)

Gizarte-antropologia feministaren helburu nagusietako bat da desberdinkeria sozialak testuinguru historiko eta kultural desberdinetan nola sortzen eta erreproduzitzen diren behatzea. Horretarako, funtsezkoa da klase sozialari, generoari, arrazializazio-prozesuei eta beste alderdi batzuei erreparatzea. Baina, desberdinkeriez eta gorputzen erregulazioaz harago, pertsonen agentziari erreparatzeko begirada ere badu diziplinak, berariaz; alegia, oso baldintza desberdinetan euren egoera hobetzeko pertsonek egin ditzaketen hautu eta erresistentzia txiki oro ikusgarri egiten du. Begirada hori lagungarri izan liteke teknologien politikei eta gorputzen merkantilizazioari begiratzeko.

Teknologia feministak

Hainbat teorialari feministak azaldu dute teknologiak botere-harremanak (bir)negoziatzeko eremu izan daitezkeela eta, horretarako, ondo aztertu behar dela norentzat diseinatuak diren eta nork duen aukera (edo nork ez) teknologiak diseinatzeko. Linda Laynek (2010) emakumeen gaitasunak garatu, areagotu eta adierazteko ahalmena hobetuko duten tresna eta ezagutza moduan definitu ditu teknologia feministak. Baina emakume batzuentzat bizi-hobekuntzak ekartzeak ez du zertan bilakatu feminista teknologia bat, beste mota bateko genero-desberdinkeriak eta desberdinkeria sozialak iraunarazten baditu. Beraz, teknologia bakoitzaren ondorio guztiak ongi ezagutu behar dira, eta ulertu behar da ezen, testuinguruaren eta garaiaren arabera ere, ondorioak aldakorrak direla.

Hilekoaren teknologiak har ditzakegu konplexutasun horren adibidetzat, horietako asko Do it Yourself filosofian oinarritu izan diren ekimen oso interesgarriak. Hileko-koparen sorkuntzaren abiapuntuan kezka feministak egonda ere, egun, produktu horren ekoizpen-sistema modu etikoan (eta politikoan) antolatu izan duten ekoizle txikiei bestelako korporazio handiak gehitu zaizkie; esaterako, Tampax markaren jabe den eta eztabaida ugari piztu izan dituen Procter and Gamble superkorporazioa.

Hileko-aplikazioen kasuan, bestalde, hilekodunen onurarako teknologiak izan arren, erabiltzaileen datuak komertzializatzen dituzte aplikazio askok, hirugarrenei helaraziz, eta maiz erabiltzaileen baimenik gabe; kasu batzuetan, ikerketarako, baina, beste batzuetan, kontsumitzaile-profilak elikatzeko. Kapitalismo neoliberala beti egon ohi da prest aldarrikapen sozialei zukua ateratzeko, eta, testuinguru, sistema ekonomiko eta baldintzen arabera, tentuz ulertu behar ditugu teknologien politikak.

Teknologien arriskuak eta aukerak

Desberdinkeria sozialak izugarri areagotzen ari diren testuinguru neoliberalean, bizitzaren ordez merkatua dago erdigunean, eta hor indartzen ari da bizitzaren eta gorputzen merkantilizazioa. Badirudi, gainera, zenbait irtenbide teknologiko jakinen bitartez gaindituko direla testuingurua zeharkatzen duten krisiak; neoliberalismoak irudikatzen du dena dela posible, ez soilik ugalkortasunari dagokionez, baizik eta mugarik gabeko gorputz osasuntsu eta perfektu bat izateari dagokionez ere bai. Beti, kontsumoaren bitartez. Osasunaren merkantilizazioaren eta kontsumoaren gurpil zoro hori lotuta dago indibidualismoa eta produktibismoa ezkutatzen dituen ongizate-eredu zehatz baten gaineko halako pentsamendu positiboaren kulturarekin.

Teknologiak, desberdinkeria sozialak indartzeko baino gehiago, haiek gainditzeko erabil daitezke; betiere gorputzen, ingurumenaren eta bizitzaren materialtasun konplexua eta aldakorra, mugak eta potentzialitateak eta justizia erreproduktiboaren ikuspegi feministak aintzat hartuz. Bide horretan, premiazkoa da edozein prozesuk kolektibo zaurgarrienetan dituen ondorio materialak aztertzea eta eraldatzea, aintzat hartuta subjektu zaurgarrienen agentzia, askatasuna eta ahalduntzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila