Erresuma Batuko ikertzaileek teknologia berri bat garatu dute ordezko gorputz-atalak zuzenean hezurdurari itsasteko. Gaur egun, protesia besondoari edo hankaondoari lotzen zaio uhal moduko batez; baina, teknika berriarekin, hezurrean titaniozko ziri bat sartuko dute zuzenean. Titaniozko ziriak azala zeharkatzen du, eta, horrela, protesia ziriari lotzen zaio. Azala erabat lotzen zaio ziriaren inguruari, eta, modu horretara, protesia azalarekin kontaktuan egon daiteke, infekziorako arriskurik gabe. Teknologia berri horretatik abiatuta, baina epe luzera, nerbio-sistema zentralak kontrolatuko dituen ordezko gorputz-atalak sortzea espero dute.